Zazpi gizon abesbatza - Zazpi probintzia
- Voces graves (Nafarroa)
"Voces Graves de Pamplona" koroa bakarrik gizonek osatzen dute. 1977.garren urtean sortua da, bi otxote bateratuz. Gaur egun, hamabost kantari eta zuzendari batek parte hartzen dute. Kide guziek musikarako esperientzia handia daukate, denek kantatu edo kantatzen baitute beste koro famatu batzuetan, hala nola Pamplonés Orfeoian, edo Irunako Ganbara koroan. Sortu denetik, koroan hainbat kontzertu eskaini ditu festibala edo musika asteetan, Espainian gaindi (Madrile, Valladolid, Tenerife, Teruel, Huesca, Borja, Logroño, Badajoz....) eta Frantzian, Parisen. Errepertorio zabala daukate, maiz a cappella emanik ; hiru diska ekoiztu dituzte orain arte, hala erlijiozko-polifonietan, musika profanoan, nola euskal eta nafartar herri musiketan, edo oraino negro-espiritualetan, etabar. 2008az geroztik, Sergi Moreno Lasalle da koroaren zuzendaria. - Ertizka Otxotea (Gipuzkoa)
Ertizka otxotearen musika ibilbidea 1964 urtean hasi zen, Donostiako Añorga auzoko zortzi lagun bateratu zirelarik tokiko otxote lehiaketa batean parte hartzeko. Orduan, hirugarren atera ziren, bainan geroztik, arrakasta handia lortu dute denetan, goi mailako lehen sari andana bat lortuz eskuin eta ezker. Oro har, berrogeita hamar urte kantu eta musika munduan gaindi : Frantzian, Alemanian, Aljerian, Japonian, etabar. 2006.garren urtean, taldeak kantata egitasmo berri bat bultzatzen dute, W.A. Mozarten « Les œuvres maçonniques » obren inguruan, pianoan dutelarik Myriam Ulanga. Eragin handia ukan zuen ikusgarri horren ondotik, eta errepertorioa biziberritu nahian, otxotea hamabitara pasatu zen. 1999az geroztik, Ramón Beraza da koroaren zuzendari. - Santa Lucia (Laudio - Araba)
Koro hau sortu zen 1972an, lehenik Laudioko (Araban) Aceros enpresako langileen eskutik, edo ondotik haraneko beste lantegi batzuetako kide batzuekin, denak kantuaz maiteminduak. Santa Lucía koroa berrogei bat kantarik osatzen dute, Beatriz Zurimendiren zuzendaritzapean. Gizon koro honek errepertorio zabala dauka : musika sakratua, gregorianoa, XV.mendetik XXgarren mendeetarainoko polifoniak, kantu profanoak, klasikoak eta modernoak, ahantzi gabe euskal kantua eta musika garaikidea. Talde hau munduan gaindi dabil eta hainbat sari eskuratu ditu, hala nola Bartzelonako Gizon koroen lehiaketako lehen saria. Jadanik parte harte du kontzertu zenbaitetan, non ere arnoak eta kantuak bat egiten baitzuten, besteak beste, Pécs hirian, Hungarian, Wine song Festibala haundian. - Garaizar'ko Matsorriak (Bizkaia)
« Garaizarko Matsorriak » abesbatzak 25. urte bete ditu aurten. 1987ko martxoaren 26an “Garaizar” Bilboko Begoñako auzoan, sortu zen José Luis Etxebarria Goiri “Txelu”ren zuzendaritzapean. 1998ko irailaren 28an, José Antonio Kaltzada Aranburu “Surti”k hartu zuen lekukoa eta 2008. urtarrilaz geroztik, Miren Zubieta Egia da zuzendaritzaren arduraduna, 37 ahotsez osatu korua zuzenduz (20 tenore, 9 baritono eta 8 baxu). Urtean zehar hainbat kontzertuetan parte hartzen dute « matsorriek » eta kaleko animazioan, auzoko jaietan, txikiteo koralean, gabonetan oles egiten, ospakizunetan etabarretan ihardutea maite dute korukideak. Ekainean Italiatik ibili ziren eta Florenzian bi kontzertu eskaini zituzten. Errepertorio zabala dute, euskal folkloretik, « bilbainadak » ( Bizkaiko hiriburuan tradizio handia duten abesti mota herrikoiak dira, nagusiki gaztelaniazkoak), eta musika erlijiosotik aukeratu kantuak. - Nekez Ari (Baxenabarre)
Nekez Ari gizon abesbatza Garazi aldeko gazte batzuek sortu zuten 1972garren urtean, Baxenabarreko hiri nagusian. Kantuaren maitez eta bereziki polifoniaz xoraturik, beren lehen kontzertua Donibane Garazin eman zuten 1973an, eta lehen diska bi urte berantago ateratu. Errepertorioaren kalitatea urtez urte hobetuz joan da eta emeki-emeki, Nekez-Ari taldeak arrakasta biltzen du, kontzertuetan, kongresuetan eta festibaletan, nola Frantzian, hala nazioartean. Lan zorrotz eta jarraiki bati esker, Nekez-Ari agertzen da hainbat telebista emankizunetan, eta hautatua da ere 1996ean, ohizko musiken alorrean, « Victoires de la musique » lehiaketa ospetsuarentzat. Gaur egun, 20 kantariek osatzen dute Nekez Ari koroa, Léon Alfaro dutelarik zuzendaria, hau formakuntzaz akordeoilaria eta talendu haundiko ereslaria. Taldeak erabaki du musika obra sorkuntzetan lan egitea, ikusiz gainera taldean berean kide andana batek dituen jakinduriak kantu ontzean. Diskografia aberatsa dute : 11 diska ateratuak jadanik, eta hamabigarrenaren prestatzen ari. - Xiberoko Zohardia (Zuberoa)
Xiberuko Zohardia talde hunek ospatüko ditü bere 40 urtiak aurthen.1972 urthian sorthü zen. Bere helbideak zütian Xiberoko dantza eta khantiaren ara pitzaraztia. Dantza eskolak ezarri zütian lekhian herri hanitxetan eta lagüntü maxkarada eta paxtoral xütik ezarten. Ber bidean sortarazi zian Xiberua Khantüz 1995 urthian, aphirilaren 30 ean igaraiten dena. Bulta berrian erakasleak prestatü zütian eta ere talde bat bildü zen Xiberoko khantien maitharazteko eta ara phizteko. - Bihotzez (Lapurdi)
Bihotzez (« Avec le cœur ») gizon koroa hamabost bat lagunek sortu zuten Getarian (Lapurdin) 1995ean. 2000ko irailean, Véronique Soulé andereari galdegin zioten koroaren zuzendari izaitea, orduan berak jadanik Biarritzeko Kantariak abesbatza kudeatzen zuelarik. Taldea garatuz joan da eta gaur egun hogeita hamar bat kantari badauzka, polifonian abesteko. A cappella kantatzen dute, hegoaldeko Sagastizabal, Iparraguire, Sorozabal bezalako ereslarien obrak, bai eta ere koroan diren kideek sortu eta arramoldatu lan berriagoak. Euskarazko testuei gorazarre egina zaie. Bihotzez gizon abesbatzak hainbat kontzertu eskaintzen ditu urtean zehar, besteak beste, edo Euskal Herrian (Getaria, Donibane Lohizune, Baigorri,...), edo herri auzoetan, hala nola Landesetan (Akize, Capbreton,…). Koroak ez du bakarrik kontzertuetan, ezteietan edo beste gertakarietan parte hartzen. Badoa ere kanpora euskal kantuaren hedatzeko ahal bezainbat, adibidez Saint Michel mendira, « Les bordées de Cancale » izeneko itsas kantu festibalera, Pariseko laborantza azokara,… Koroak jadanik bi CD baditu aurkeztuak, eta hirugarren baten prestatzen ari da.
Xehetasunak
- Irulegiko mahastien besta kari
- Izen-emateak : Bagorriko Turismo bulegoa, 05 59 37 03 57 - baigorri.tourisme@wanadoo.fr
14:30etatik goiti, sotoen idekitzea, kontzertuan arituko diren koruek alaiturik.
Kultura eragileak
Kultura agenda eskuratu emailez
Euskal kulturaren agenda (Astero)