Juan-Mari Beltran "Kostaldeko soinuak"

Juan-Mari Beltran "Kostaldeko soinuak"
Argazkiaren iturria : Kulturklik

Kostaldeko Soinuak lanarekin euskal kostaldean barna joan nahi dugu, itsasoko, itsasontzietako, marinelen, arrantzaleen eta arraunlarien istorioak kontatzen dizkiguten kantu eta doinuen lagun.Guztira 16 pieza dira, Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko herri-kantutegitik hartutakoak. Horietako batzuk dantza-zatiak dira, letrarik gabeak. Hauexek: Pasaiako Batelarien Zortzikoa, Lapurdiko Kaskarote dantza, eta Lekeitioko Mariñelen Polka eta Kaixarranka. Gainerako kantuen gaiak askotarikoak dira: itsasontzietan izandako gosea, ekaitzak, tragediak, baleen arrantza, marinel herrietako gertaerak, Kristobal Kolonen bizia, emigrazioa, Ternuara zihoazen marinelen beldurrak... Piezarik gehienak hartu ditugu Cancionero Popular Vasco argitalpenetik (R. M. Azkuek argitaratu zuen XX. mendearen hasieran) eta Aita Donostiaren Cancionero Vasco lanetik. Nolanahi ere, batzuk berriagoak dira, hala nola Pasaiako Batelarien zortzikoa(Pablo Sorazabalek moldatua), Oskorriren Dabil beharrean eta, XVIII. mendeko Partida tristea Ternuara izeneko bertso batzuetan oinarrituz, guk geuk sortu dugun doinua. Errezital honetan ahotsekin batera euskal herri-musikan erabilitako musika-tresnak joko dira, gaur egun erabiltzen direnetako batzuk eta lehenago maizago erabiltzen ziren beste batzuk, hala nola akordeoia, txistua, danbolina, klarinetea, dultzaina, txalaparta, xirolarrua, arrabita, zarrabetea, panderoa eta danborrak

KIDEAK

  • Juan Mari Beltran: txistua, flauta, xirolarrua, zarrabetea, txalaparta, alboka, dultzaina, klarinetea eta koruak
  • Ander Barrenetxea Lasarte: ahotsa, danborra, panderoak, txalaparta, atabala, bonboa eta danbolina
  • Aitor Gabilondo: ahotsa
  • Errege Belda: akordeoia eta koruak

Kultura agenda eskuratu emailez

Euskal kulturaren agenda (Astero)

Euskal kultur erakundeak (EKE) bere agendako edukiak edozein momentutan aldatzeko edo eguneratzeko eskubidea du.

Agendan argitaratuak diren informazioak ekitaldien antolatzaileek helarazi dizkigute, edo hainbat komunikazio kanalen bidez bilduak izan dira, hala nola, kultur eragile eta operadoreen sare sozialen bidez. EKEk ezin du zabaldutako informazioaren izaeraren, edota informazio oker edo osatu gabearen erantzule izan. Halaber, agendako ekitaldien azalpen-testuak ekitaldi horien antolatzaile eta egile diren eragileen ardura dira bakarrik.

Ahal den neurrian, antolatzaileek beren ekitaldien komunikazioa egiteko erabiltzen dituzten ilustrazio-irudiak agendan baliatuak dira, irudi horien egilearen kreditua edo, halakorik ezean, antolatzailearen izena aipatuz. Kasu honetan ere, EKE ez da eduki horien izaeraren eta hedapenaren erantzule izanen. Ilustraziorik ez bada, EKEk agendako ekitaldiak berak hautatu irudi kreditatuekin ilustratzeko eskubidea du.