Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal Herria Zuzenean Xiberuan

Euskal Herria Zuzenean Xiberuan

2005/06/21

Uztailaren 1, 2 eta 3an Xiberuan iraganen den Euskal Herria Zuzenean festibalak programazio aberats eta eklektikoa eskaintzen du eta "World Company-aren aurkako Herrien Eurock"-a aldarrikatzen segitzen du.

Festibala gustora dago Xiberuan eta bertara itzultzen da bere 10. urtemugaren ospatzeko. Horrela, bigarren aldikotz segidan, Euskal Herri alternatibo eta umoretsua Idauze-Mendin bilduko da.

Afitxa-buruak eta talendu berriak

Musika programazioari dagokionez, artista ezagunak izanen dira eszenatoki nagusian, hala nola rock frantsesa Luke taldearekin, groove erritmoak Sinclair-ekin eta bereziki jende askok ikusi nahi duen Maceo Parker. James Brown-ekin aritua den saxofoi joile bikain hau igandean arituko da. Kabaretean aldiz, Marc Peronne-ren akordeoi doinuak entzuten ahalko dira, bai eta zuzen Martetik etorri Didier Super "kantari ona"-ren zentzugabekeria eta umorea.

Euskal Herriak ere toki garrantzitsu bat ukanen du tokiko artisten lagungarri izan nahi duen festibal honen programazioan. Horrela, Amaren Alabak, Izate, Karidadeko Bentak edo aurkezpenik behar ez duen Skunk taldea entzuten ahalko dira. Baina jada aipu da Niko Etxart bertako rockeroak duela igandeko giroa azkarki berotuko...

Beste arte motak ere izanen dira. Antzerkiari dagokionez, Freddy Coudboul-en umorea Antton Lukuren Beltzeria bezalako antzezlan ilunago baten ondoan agertuko da. Bertsularitza bera, itxura bereko slam hiri inprobisaketari nahasiko zaio...


Elkartasun festibala

Festibala gaurregungo borroka ezberdinekin bat egiten du ere, hemengoak izan daitezen ala ez. Bio elikadura eta merkataritza zuzena sustatzen segitzen du, bai eta emazteen eskubidea eta kultura aniztasuna defenditzen. Bestalde, gaur eta hemen euskaraz nola bizi daiteken gogoetatzeko parada ematen du. Militantismo hori festibala gauzatzen laguntzen duten mila bihotzoneko jendeek frogatzen dute..



Egitarau osoa

Xehetasun gehiagorentzat :

Euskal Herria Zuzenean elkartea