"Zeru horiek" euskarazko telefilma Biarritzeko FIPA jaialdian
Bernardo Atxagaren nobelan oinarritu "Zeru horiek" telefilma, urtarrilaren 24tik 29ra Biarritzen iraganen den FIPA jaialdian aurkeztua izanen da.
Kalitatezko nazioarteko ikus-entzunezko ekoizpenak
FIPA ikus-entzunezkoaren alorrean ari diren profesionalen nazioarteko ezinbesteko hitzordua da. Horrela, Biarritzek errezebitzen ditu urteko ekoizpenen aurkeztera edo/ta ikustera heldu diren guziak.
Urte berezia da gainera, jaialdiaren hamargarren urtemuga ospatuko baita. Badu hamar urte FIPA ezohiko telebista bat sustatzen ari dela, fikzioei, telesailei, dokumentalei nahiz erreportaia handiei lekua eginez.
Eta-kide ohi baten road-movie bat
"Zeru horiek" euskarazko telefilma, euskal-kataluniar ekoizpen bat da, fikzioen sailan lehiatuko dena. Urtarrilaren 27an, ostiralez aurkeztua izanen da 16:30etan, eta urtarrilaren 28an, larunbatez, 9:30etan Gare du Midi aretoan.
Aizpea Goenaga gidoilari-errealizadoreak Bernardo Atxagaren izen bereko nobelaren egokipena egin du eta komiko sailari ohitua den Nagore Aranbururi paper dramatiko handia eskaini dio.
Honek Irene izeneko ETA-kide ohi baten papera jokatzen du. Irene amnistiatua izan da eta presondegitik ateratzen da.
Etxera ekartzen duen trein bidaia egiazko road movie-a da. Iraganaz oroitzeko eta bizi berri baten hasteko parada ezin hobea.
Filmaren jatorrizko bertsioa euskaraz da eta ondotik katalunierara eta gaztelerara itzulia izanen da. FIPA-k eskaintzen dio lehen aldiz nazioarte mailan aurkeztua izateko parada.
Xehetasun gehiago :
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)