Iparra galdu gabe 2010

2010/10/11

Urriaren 14tik azaroaren 14ra, Getxoko hiriak eta Euskal kultur erakundeak "Iparra galdu gabe!" kulturaldia antolatzen dute. Besteak beste, Jon Cazenave argazkilari donostiarraren "Herri ixilean" erakusketa bertan estreinatua izanen da.

Iparra galdu gabe 2010

Badu hamar urte Getxoko Euskara Zerbitzuak eta Euskal kultur erakundeak elkarrekin lanean ari direla Iparraldeko euskal kultura hobeki ezagutarazteko Bilbo inguruko 83000 biztanleko herri honetan. Aurten ere, animazio andana bat proposatuak izanen dira (musika, kantua, dantza, bideoa...), berritasun nagusi batekin, Jon Cazenave argazkilari gaztearen "Herri ixilean" erakusketaren ko-ekoizpena.

Jon Cazenave 1978an sortua da Donostian. Lanbidez ekonomialaria, 2006an erabaki zuen bihurgune bat hartzea eta argazkigintzan aritzea. Hasieratik argazkigintza dokumentalarekiko interesa zuela, lehen Magnum Workshop-ean parte hartzeko hautatua izan zen eta Pep Bonet (NOOR Images), Christopher Anderson edo Paolo Pellegrin (Magnum Photos) argazkilariekin ikasi zuen. PDN Photo Award saria lortzeak ospea eman zion bere lanari. 2008an, Gervasio Sánchez-ek zuzendutako Albarracin-eko Argazki-kazetaritza Mintegiko Beka hartu zuen eta 2009an, Talent Latent SCAN festibalerako izendatua izan zen. Bere lana El País, Interviú, El Diario Vasco, Newsweek eta The Boston Review bezalako hedabideetan argitaratua izan da. Gaur egun, euskal herritarrei buruzko epe luzerako proiektu bat eramaten du. "Herri ixilean" erakusketarentzat, ipar Euskal Herrian zehar ibili da bere abizena ildo nagusi bezala hartuz. Zuri beltzeko argazkiak egilearen eta Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendariaren testuekin aurkeztuak dira. Euskarazko eta frantsesezko itzulpenak Kattalin Totorika-renak dira.

Otto
Otto

Elirale konpainiaren Otto ikusgarria

Bestalde, erakusketaren bisita gidatuak antolatuak dira Jon Cazenave-ren presentzian, urriaren 21ean Torrene aretoan.

Baina, beste hitzordu frango antolatuak dira ere, hala nola Baionako "Casenave" txokolatearen ddastaketa urriaren 22an, eta ondotik, gaualdi berezi bat, non Anje Duhaldek Daniel Landartek idatzi testuak kantatuko dituen.

Beste hitzorduen artean, aipatzekoa da "Iparraldea XXI" dokumentala Getxoko ikastetxe desberdinetan aurkeztua izanen dela, umorea eta marrazkigintza uztartuko dituen animazio bat izanen dela azaroaren 4an Peio Etchecopar eta Asisko Urmenetarekin, edota Elirale konpainiaren Otto ikusgarria azaroaren 7an aurkeztua izanen dela Villamonteko Kultur Etxean.

Xehetasunak :

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)