EuskarAbentura, lotu espedizioari !

2018/03/10

2018ko uztailan, Euskal Herriko herrialde guziak zeharkatuko dituen espedizio gaztea da EuskarAbentura. Done Jakue bideak jarraituz eta Unescok izendatutako gizateriaren ondareetatik iraganez, 16-17 urteko 120 gaztek esperientzia ahaztezina biziko dute datorren udan. Izenak martxoaren 18a aitzin eman behar dira.

EuskarAbentura, lotu espedizioari !

Ruta Quetzal izandakoan inspiratu EuskarAbentura egitasmoa 16 eta 17 urteko gazte euskaldunei zuzendua da, hots, 2001-2002 urtean sortu direnei. Euskal Herriko 7 herrialdetako eta diasporako gazteek osatuko dute espedizio taldea. Euskaraz dakien edozein gaztek parte har dezake, edozein duelarik jatorria. Ez da izen-emate saririk ordaindu beharko.

Parte hartzeko izen-emate inprimakia betetzearekin batera, gazteek motibazio gutuna eta lan bat bidali beharko dituzte. Izen-emate eta lanen bidalketa www.euskarabentura.eus webgunearen bitartez eginen da eta horretarako epea martxoaren 18an bukatuko da.

Lanak Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean ebaluatuko dira eta lan hoberenen egileek espedizio-beka lortuko dute.

Apirilaren 16an argitaratuko da abenturan parte hartuko duten 120 gazteen zerrenda.

EuskarAbenturaren helburuak hauek dira: euskal lurraldearen ezagutza sakontzea, gazte euskaldunen sarea osatzea eta, antolatzaileen ustez, positiboak diren zeharkako beste balio batzuk transmititzea; hala nola, bizikidetza, ingurumenaren errespetua, genero berdintasuna, bizi ohitura osasuntsuak… Eta, batez ere, gazte horiek, bakoitza bere inguruan, abenturan zehar jasoko duen guziaren zabaltzaile eta eragile izatea. Aipatu helburuak erdiesteko protokolo desberdinak jarriko dira martxan.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)