Aquitaine.eus: mugaz gaindiko elkarlanerako kultur egitasmo berria

2016/03/06

Eusko Jaurlaritzak eta Aquitaine-Limousin-Poitou-Charentes Eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak sinatu berri duten lankidetza hitzarmena aurkeztua izan da martxoaren 1ean. Sinatzaileak lankidetzan ariko dira bi norabidetan: batetik, Ipar eta Hegoaldeko euskal kultur sortzaileen lanak Akitaniako diziplina ezberdinetako jaialdi eta ekitaldietan erakutsiko dituzte; bestetik, Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatuko dituzte.

Aquitaine.eus: mugaz gaindiko elkarlanerako kultur egitasmo berria
Pantxoa Etchegoin, Mathieu Bergé, Mikel Antón eta Aizpea Goenaga © Etxepare Institutua

Elkarlan berri honen baitan oraingoz 2016. urterako antolatu duten programaren nondik norakoak ere azaldu dituzte izenpetzaileek.

  • Martxoaren 7-10a. DFERIA azokako programako lau antzezlan itzuli dituzte frantsesera, Akitaniako programatzaileek goitituluekin ikus ditzaten : Musu bat (Tanttaka); Oskara (Kukai Dantza); Zergaitik Jamil? (Tartean Teatroa) eta Jokoz kanpo (Borobil Teatroa). 
  • Martxoaren 8an. Akitania-Euskadiko instituzio eta kultur erakundeen topaketa bat antolatu dute Donostian, lankidetza sustatzeko. 
  • Apirilaren 1-3a. ESCALE DU LIVRE Bordeleko Liburu azokan, frantsesera itzulitako lanak dituen euskal idazle batek parte hartuko du programan. 
  • Maiatzaren 19-22a. Leioako UMORE AZOKA kaleko arteen nazioarteko azokan, euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen arteko topaketak antolatuko dituzte. 
  • Agorrilaren 4-6. FEST'ARTS Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdiaren baitan, euskal konpainia batek egonaldi artistiko bat egingo du Libournen. Jaialdiko egitarauan hiru euskal talde izango dira, gutxienik ere, eta euskal-akitaniar programatzaile eta profesionalen topaketak ere antolatuko dituzte. 
  • Udazkenean, Bordeaux-Cenoneko LE ROCHER DE PALMER kulturguneak euskal musika programatuko du: hiru alor desberdinetako hiru kontzertu izango dira: jazz, elektronikoa, folk-tradizionala. Erakusketa bat ere ekoiztuko dute eta lau eguneko herri-musika tailer-ikastaroak eskainiko dituzte eskoletan eta kulturgunean. 
  • Azarotik aurrera. Euskal dantzari buruzko SOKA erakusketa Akitaniako hainbat hiritan erakutsiko da. 2016ko azaroan Paue hiritik hurbil izango da ikusgai.

Xehetasunak

Euskal kultur erakundea

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)