Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bost artista gazte hautatuak 2015eko Itzal Aktiboa sariaren finalarentzat

Bost artista gazte hautatuak 2015eko Itzal Aktiboa sariaren finalarentzat

2015/09/11

Arte garaikidearen munduan adituak diren pertsonez osaturiko epaimahaiak bost artista hautatu ditu Itzal Aktiboa – Arte Garaikidearen Sorkuntza Gaztearen sariaren finalean parte hartuko dutenak : Grégory Cuquel, María Jiménez Moreno, Cécile Mestelan, Mickaël Vivier eta Eluska Zabalo Monje. Bost artistek aurkeztuko dituzten obrak Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian ikusgai izanen dira, erakusketa kolektibo batean. Erakusketa horren estreinaldia urriaren 2an, ostiralez eginen da, 18 :30etan. Karia hortara, 2.000 euroko saria bost artistetatik bati eskainia izanen zaio.

Lehiaketa Itzal Aktiboa elkarteak antolatzen du, Euskal kultur erakundearekin elkarlanean eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen sostenguarekin. Helburua da arte garaikidea euskal kulturaren kontestuan integratzen laguntzea, bai eta euskal sorkuntza garaikidea hedatzen laguntzea ere.

Leku historiko batean aurkeztuak izanik, bost artisten obrek Euskal Herriko sorkuntza artistikoaren gaurko joeren ikuspegi bat emanen dute. 

Grégory Cuquel Baionan sortu zen, 1980an. Berunezko minaz paperean egin marrazki andana bat presentatzen du, “jardin de brisement” titulupean. Kurbek, pleguek eta zirrituek gogo ibilbide eta arkitekturak agerrarazten dituzte, musikak inspiraturik. Marrazkien ondoan, eskultura batzuen arku formek itxura berak errepikatzen dituzte.

María Jiménez Moreno Iruñean sortu zen, 1978an. “Objetuario (Taxonomía ilustrada” izeneko obra presentatzen du, hamaika marrazkiz osaturik. Marrazki horiek kolorez eginak dira, XVIII. eta XIX. mendeetako esploratzaileen lanek inspiraturik, ilustrazioa baliatzen baitzuten espezieen ikertzeko eta sailkatzeko.

Cécile Mestelan Baionan sortu zen, 1988an. “Fétiche” izeneko muntadura erakusten du, zeramikazko eskulturaz osaturik. Eskultura horien formek osagai organikoak eta geometrikoak elkartzen dituzte. Haren obrak Brancusi eta Miró bezalako artisten obrak oroitaratzen ditu, bai eta usu loturik gaituzten “xarma” fetixistak. Eguneroko gauzakiek gure bizian duten eginkizunaz galdezka aritzera sustatzen gaitu.

Mickaël Vivier Baionan sortu zen, 1983an. “Natura istorioa” izeneko muntadura erakusten du. Marrazkiak, eskultura eta bideoa bateratzen ditu, Angeluko Amodio Ganberako legenda adieraziz. Historia horrek maitale bikote baten historia tragikoa kontatzen digu, harpean harrapaturik eta itsasgorak itorik hil baitziren.

Eluska Zabalo Monje Donostian sortu zen, 1982an. “Paisai alderraia #1” izeneko obra presentatzen du, diziplina anitzeko hurbilketa garatuz, pinturaren eta hutsune-grabaduraren artean. Aluminio orrian egin hamabi fotograbatutan, paisaia zirrimarra batzuen zati handituak presentatzen ditu.

Bost artista hauek hautatuz, Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendaria buru duen epaimahaiak beren lanaren alderdi berritzaile eta sortzaileena agerian eman nahi izan du. Epaimahaiaren bertze kideak hauek dira : Juanma Arriaga, Donostiako Kur Galeriaren zuzendaria ; Celia Eslava, plastikaria ; François Loustau, arte garaikide erakusketen komisarioa ; Javier Manzanos, Uharteko (Nafarroa) Arte Garaikide Zentroko zuzendaria ; Iñaki Olazabal, zizelkaria ; eta Elke Roloff, kultura garapenaren arduraduna CPIE Euskal Bazterra zentroan.

Erakusketa irekia izanen da 2015eko urriaren 3tik azaroaren 1era, egunero asteartetan salbu, 11:00etatik 12:30etara eta 14:30etatik 18:30etara. Sartzea urririk izanen da.

Xehetasunak