Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Etxekoak" antzezlanaren ondoko emanaldiak ipar Euskal Herrian

"Etxekoak" antzezlanaren ondoko emanaldiak ipar Euskal Herrian

2016/01/22

2015eko azaro eta abenduan, Luhuson, Larresoron eta Hazparnen aurkeztua izan ondoren,  Huts Teatroaren Etxekoak antzezlana ikusteko beste parada batzu izanen dira datozen asteetan, lehenik Hendaian eta gero Donibane Lohizunen, Biarritzen, Baigorrin, Senperen, Bidarten eta Maulen. Euskal kultur erakundea partaide da.

IBILKI dispositiboaren bitartez, Euskal kultur erakundeak euskarazko antzerkiaren hedapena sustatzen du lurralde guzian. Karia hortara, euskarazko antzerkiaren hedapenean inplikatuak diren lurraldeko eragile guziek ideiak trukatzen dituzte euskarazko antzerkia garatzeko asmoz. Hori dela eta, 2015/2016 denboraldian, orotara, Huts Teatroa-ren Etxekoak izeneko sorkuntza Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberoko 10 tokitan aurkeztua izanen da.  

Ibilki dispositiboaren karietara, Senpere, Hendaia, Bidarte, Donibane Lohitzune eta Mauleko herriak, Garazi-Baigorri eta Errobi herri elkargoak, bai eta Ote Lore, Biarritz Culture eta Eihartzea elkarteak biltzen dira Euskal kultur erakundearekin batera. Urtez urte, programatzaile sare horren parte hartzaile kopurua gero eta haundiagoa da, euskal antzerkiaren aldeko benetako engaiamendua erakutsiz. Horrela, euskarazko antzerkiaren hedapenean inplikatuak diren lurraldeko eragile guziek ideiak trukatzen dituzte euskarazko antzerki sorkuntzetaz, beren ahalak eta gaitasunak batzen dituzte, komunikazio plan amankomun bat obratzen eta prezioen taula elkarbanatzen euskarazko antzerkia garatzeko asmoz.

Denetan, 2015/2016 denboraldian, Huts Teatroa-ren sorkuntza berria, Etxekoak izenekoa, ipar Euskal Herriko hiru probintzietako 10 tokitan aurkeztua izanen da. Hiru emanaldi iragan dira 2015eko bukaeran eta beste zazpi 2016 honetan iragaitekoak dira.

 Ondoko emanaldiak

Xehetasunak

  • Euskal kultur erakundea - Frank Suarez : 05 59 93 25 25