Frank Suarez
2023/01/08
Euskal kultur erakundearekin partaidetzan, Hego Akitaniako Eszenatoki Nazionalak "Giltzadun etxea" euskarazko antzerkia proposatzen du apirilaren 30ean, 20.30etan, Baionako antzokian. Sorkuntza berri horrendako, Fernando Bernués taula-zuzendariak Mada Aldereteren olerki-bilduma antzerkiarentzat egokitu du. Hiru emazte antzezle talentutsu taularatu ditu, eta hauek jendarte-langileen bizia erakusten dute.
Pertsonaiek bortizkeria jasan duten emazteendako bi geriza-etxetan lan egiten dute. Kontakizuna arrunt erreala da autorea zazpi urtez ari izan baitzen hezitzaile gisa horrelako etxeetan.
Soinu-banda baten gainean iragaten dira bizi-zati horiek, Ainara LeGardon musikariak zuzenean sortuak, eta Maialen Sarasuaren bideoez lagunduak. Emazte horiek egia mingarria eta ezezaguna erakusten digute hobeki uler dezagun; erabiliak diren izenak dira gezur bakarrak.