Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hinka taldearen "1615" ikusgarriaren aurkezpena Ziburun

Hinka taldearen "1615" ikusgarriaren aurkezpena Ziburun

2015/10/26

2015eko urriaren 30ean, 20:30etan  Lapurdiko Hinka musika taldeak 1615 izeneko ikusgarria aurkeztuko du Ziburuko Zokoako elizan. Duela zenbait denbora eskaini Emaztez kontzertuaren ondotik, oraingoan taldeak duela justu 400 urte gure eskualdeko biztanleak hunki zituen gertakari historiko baten irakurketa artistikoa proposatzen digu : 1615ean Islandia iparraldeko fiordo batean gertatu 32 euskal balea arrantzaleren sarraskia. Euskal kultur erakundea partaide da.

Hinka taldeak proposatu kontzertua, Itxaro Bordak idatzi euskal testuez osatua izanen da. Idazleak bere obraren frantsesezko itzulpena ere egin du. Poema bilduma honek, oraina eta iragana uztartzen ditu, duela 400 urte euskal arrantzaleek bizi izan duten gertakari tragikoaren baitan murgilduz eta Islandiaz maitemindua den idazle honen testu autobiografikoez josirik. Poema hauek, gehienak kantatuak, Hinka taldeko kideek musikatuko dituzte. Sorkuntzak, baina birmoldatzeak ere bai, Lilja melodia adibidez, hau da, XVII. mendean bildua izan den musika Islandiarra.

Kontzertuetan, liburuxka bat publikoaren esku emanen da, non eta, besteak beste, Itxaro Bordaren testu osoak lau hizkuntzetan itzulirik irakurtzen ahalko diren. Txomin Heguy antzezle eta taula zuzendariak, sorkuntza musikal garaikide honen espazio antolaketaren kargua hartuko du.

Lehen partean, Xabi San Sebastian entzuten ahalko da.

Xehetasunak