Juan Mari Beltran hirukotea Bordele aldean
Martxoaren 16an, Juan Mari Beltran hirukotea Bordele ondoko Cenon herriko Le Rocher de Palmer aretoan arituko da zuzenean. Kontzertua, Euskal kultur erakundearen eta Etxepare Euskal Institutuaren partaidetzarekin antolatua da, joan den urtean Le Rocher de Palmer-ekin izenpetua izan zen hitzarmenaren karietara.

2014ko urriaren 31n, Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Kultur Erakundeak eta Le Rocher de Palmer aretoak hitzarmen bat izenpetu zuten Bordele ondoko Cenon herriko Le Rocher de Palmer aretoan. Honi esker, euskal kantari eta musikari ezberdinek areto ospetsuan jotzeko aukera ukanen dute 2015-2016 denboraldian. Juan Mari Beltran hirukoteak heldu den martxoaren 16an eskainiko duen kontzertua karia hortara antolatua izanen da.
Euskal musika herrikoiaren maisuetarik bat da da Juan Mari Beltran. Cenon herian eskainiko duen kontzertuan, kantatzeaz gain, besteak beste txalaparta, txirula, perkusioak, ttun ttuna, txistua, alboka eta dulzaina joko ditu. Berekin batean Errege Belda arituko da kantuz eta akordeoia jotzen eta Ander Barrenetxeak besteak beste, txalaparta eta perkusioak joko ditu.
Sartzea 5 eurotan izanen da.
Bestalde, aipatzekoa da, Juan Mari Beltran-ek bost eguneko egonaldi bat eginen duela Cenon eta inguruko herrietan eta hainbat ekitaldi proposatuko dituela. Hala nola bizpahiru eskoletara (haurrek parte hartuko dute hezkuntza ibilbideen karietara) joanen da euskal musika tresnen aurkeztera ; kontzertu laburrak eskainiko ditu toki ezberdinetan eta topaketa horietan euskal musiken inguruko ezagupen euskarriak ikusten ahalko dira.
Xehetasunak
- Tfnoa : 05 56 74 80 00
- Juan Mari Beltran - Le Rocher de Palmer
- Etxepare euskal institutua
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)