Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ken Zazpi taldea eta Euskadiko Orkestra Donibane Lohizunen

Ken Zazpi taldea eta Euskadiko Orkestra Donibane Lohizunen

2013/12/07

Abenduaren 13an, Ken 7 taldeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak kontzertu berezi bat eskainiko dute Donibane Lohizuneko Jai Alaian. Elkar disketxearekin atera berri duten diskoa aurkeztuko dute zuzenean. Gernikako pop-rock talde ezagunaren errepertorioa beste modu batez entzuteko parada ezinhobea.

KlasikATEuskadiko Orkestrak bere lana klasikoaz haratago doan musikarekin uztartzeko sortu zikloaren baitan, kontzertu berezia eskainiko dute Ken Zazpi, pop-rock talde famatuak, eta 70 musikari baino gehiagok osatu duten Euskadiko Orkestra sinfonikoak.

Egitasmo honekin Orkestrak bere musika eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun gelditzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz. Horretarako Orkestrak beren musika-alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egiten du (adibidez Michel Camilo pianojolearekin, edo oraino Kepa Junkerarekin).

Kontzertu horretan, atera berri den diska berria aurkeztuko dute, hau Fernando Velazquez, Lo Imposible, Mamá, El Orfanato eta beste hainbat filmatako soinu banden egileak moldatu eta zuzendu duelarik. Gernikako taldearen kantutegirik esanguratsuenaren bilduma jasotzeaz gain, kantu berri zenbait ere agertzen dira, sinfonia eraginkorra osatuz. Sinfonia liluragarri bat mundu berri batentzat. Izan ere, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan garatutako egitasmo hau Ken Zazpiren lehenbiziko lan sinfonikoa izanen da.

Bestalde, Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Donostiako Kursaal aretoan izanen dira abenduaren 3an, Iruñeako Baluarten 4an, Bilboko Euskalduna Jauregian 5ean eta Gasteizko Principal antzokian abenduaren 12an .

Euskal kultur erakundearen eta Baionako Eszena Nazionalaren arteko partaidetza baten karietara antolatu kontzertua.

Xehetasunak