Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Lloba" sorkuntzaren aurkezpena Biarritzen eta Donostian

"Lloba" sorkuntzaren aurkezpena Biarritzen eta Donostian

2013/11/19

Azaroaren 22an, ostiral arratseko 19:30etan, gaurko musikak eta irudia uztartzen dituen Lloba ikusgarria aurkeztua izanen da Biarritzeko Atabal gelan. Sorkuntza hau Euskal kultur erakundeak eta Atabal gelak antolatu duten "Hogei'ta - 2013" egitasmo deialdiaren karietara hautatua izan zen. Biharamunean, sorkuntza bera Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxean emana izanen da.

Hogei'ta "Gaurko musikak eta Irudia" deialdiaren kari, Euskal kultur erakundeak eta Biarritzeko Atabal gelak Donostia 2016 Fundazioa, Donostia KulturaEmankor Sarea (Bilbo), le Rocher de Palmer (Cenon) eta le Florida (Agen) egiturekin partaidetzan, Moï Moï Ziburuko elkartearen Lloba egitasmoa hautatu dute.

Lloba egitasmoak musika elektronikoa, V Jing-a eta koreografia berriak, dantza tradizionaletan oinarriturrik, uztartzen ditu istorio baten kondatzeko : Lloba pertsonaiak errito iniziatiko bat biziko du heldutasunera heltzean. 
Moï Moï kolektiboaren Txomin Ugartemendiak (Panda Valium) eta Ainhoa Datcharryk dute sorkuntza hori eraman, Baxter and Rojos United egiturako Nicolas Novionek bideoak gauzatuko dituelarik.

Biarritzeko gaualdiaren egitaraua:

  • 19:30etan: ateen irekitzea, marrazki erakusketa (Thomas Carretero), filmazioaren argazkien proiekzioa, DJ saioa, Moï Moï Crew, pintxoak
  • 21:00etan: emanaldia

Inprimatu ondoko gomita eta erakuts sartzean 2013ko azaroaren 22ko emanaldia ikusteko Atabal gelan, Biarritzen!

Lloba - Teaser

Xehetasunak