Usopop festibalaren laugarren edizioa Saran
2013ko maiatzaren 4an, Usopop festibalaren laugarren edizioa ospatuko da Saran. Ohi bezala, musika estilo ezberdinak proposatu nahiz, antolatzaileek programazio aberatsa prestatu dute. Euskal artistetan, Unama eta Kide taldeak hor izanen dira, bai eta Tipul Ta Putil antzerkilariak ere. Aurten, Usopop-ekoek toki berri baten ezagutzera gomitatuko gaituzte gainera : Agorreka etxea.

Usopop festibalaren laugarren edizioa bi zatitan iraganen da. Lehena, 18:30etan hasiko da Agorreka etxean. Alabaina, Usopop-ekoek garrantzia handia eman ohi diete lekuei. Horrela, Usotegiak, Santa Katalina kapera edota herriko parkea bisitatu ondoan, festibalak Sarako plazan kokatu etxe eder horri eginen dio bisita. Bertan, Unama eta Kide euskal taldeak preziatzen ahalko dira, bai eta Tipul Ta Putil-en antzerki umoretsua ere.
Jaialdiaren bigarren partea aldiz, Lur Berri gelan iraganen da 21:00etatik goiti. Bertan, Jazpana Indezent eta Vandapalium-en DJ saioetaz gain, Zaragozako Bigott eta Iruñeako Wilhelm and The Dancing Animals taldeak ariko dira zuzenean.
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)