Altzaiko maskaradak: barrikadak - Hauze (1976)

Irudi horiek 1976ean grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek. Altzaiko gazteek egindako maskaradak ikusi daitezke.
Altzaiko maskaradak: barrikadak - Hauze (1976)
Altzaiko maskaradak: barrikadak - Hauze (1976) © Jean-Michel Guilcher

Irudiotan ohituraz goizez egiten diren barrikadak ikusi daitezke. 1976ko neguan Altzaiko gazteek emandako maskaradak bi egun eta bi herritan filmatu zituzten Guilchertarrek: Hauzen eta Urdiñarben.

Altzaiko maskaradak: barrikadak - Hauze (1976) - Oharra: bideoa mutua da.

Altzai ematen badugu ere laburduraz, Altzai-Altzabeheti-Zunharreta da udalerriaren osaketa eta hiruetako dantzari eta arizaleak aritu ziren 1976ko maskaradetan.

  • 00:22 - 03:01 - Lehen barrikada.
    Lehen irudietan maskaraden aktoreak ikusi daitezke segizioan: bi Kantiniersa, Zamaltzaina, Kerestuak, lau Küküllero, lau Marexalak, Entseinaria (hemen Zuberoako bandera darama), Jauna eta Anderea. Horien atzean beste batzuk daudela ikusi daiteke, baina oraindik zein diren ez dakigu. Suposatzen ahal da bi Kantiniersen aurretik Gatuzaina dagoela eta denen aurretik Txerreroa. Marexalen heinean musikariak direla ikusi daiteke. Txirularia Jean-Mixel Bedaxagar da.
    Sarrera motz honen atzetik, barrikada haustean egin ohi dituzten bakarkako dantzak ikusi ditzakegu irudietan. Txerreroaren puntuaren bukaera ikusi ondoren Gatuzaina, Kantiniersa eta Zamaltzaina dantzan ari dira bata bestearen ondotik. Segidan, Gurutzatzea dantzatzen dute bost aitzindariek (Txerreroa, Gatuzaina, bi Kantiniersa eta Zamaltzaina). Ohiturazko protokoloa segitzeko Entseinaria doa dantzara eta bere atzetik Jauna, Anderea, Laboraria eta Laborarisa. Haien modu berezian Buhame eta Kauterek bukatzen dute plazari itzulia eginez.

  • 03:05 - 07:02 - Bigarren barrikada herriko plazan.
    Altzai-Altzabeheti-Zunharretako maskaradariak Hauzeko herriko plazara heldu dira. Arratsaldean, bertan emanen da ikusgarria. Dantzan doaz plaza hartzera. Bakarkako puntuetarik Kantiniersa eta Zamaltzainarenak ikusten dira. Gurutzatzea dantzatu eta gero, Jauna, Anderea, Laboraria, Laborarisa, Xorrotxak eta Marexalak, dantzan ikusten dira. Bukaeran berriro, Buhameak eta Kauterak. Bukatzeko, Xorrotxak haien bertsoak kantzatzen agertzen dira irudietan.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 006. Altzaiko maskaradak: barrikadak - Hauze (1976)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.