Altzaiko maskaradak: barrikadak - Urdiñarbe (1976)

Irudi horiek 1976ean grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek. Altzaiko gazteek egindako maskaradak ikusi daitezke.
Altzaiko maskaradak: barrikadak - Urdiñarbe (1976)
Altzaiko maskaradak: barrikadak - Urdiñarbe (1976) © Jean-Michel Guilcher

Irudiotan ohituraz goizez egiten diren barrikadak ikusi daitezke. 1976ko neguan Altzaiko gazteek emandako maskaradak bi egun eta bi herritan filmatu zituzten Guilchertarrek: Hauzen eta Urdiñarben.

Altzaiko maskaradak: barrikadak - Urdiñarbe (1976) - Oharra: bideoa mutua da.

Aurreko filmeetan Hauzen eman zituzten maskaraetako barriakadak ageri baziren, honako hauetan Urdiñarben eskainitako barrikadak ikus daitezke.

  • 00:23 - 2:51 - Lehen barrikada Urdiñarben.
    Aldi honetan Altzai-Altzabeheti-Zunharretako maskaradak Urdiñarben daude bisitan. Dantzariak barrikada hausten ari dira. Kantiniersa dantzan agertzen da lehen irudietan. Txerreroak, Gatuzainak eta lehen Kantiniersak haiena dantzatu dute eta segidaren zain daude. Bigarren Kantiniersaren puntuaren ondotik Zamaltzaina dantzan agertzen da. Aitzindariek gurutzatzea dantzatu eta gero bakarkako puntuekin segitzen dute: Entseinaria, Jauna, Anderea, Laboraria eta Marexalak. Aldi honetan ere, Buhameak eta Kauterak agertzen dira dantza bukatzeko.
  • 2:52 - 3:49 - Bigarren barrikada Urdiñarben.
    Hemen bi dantzari talde ikusten dira. Paretik datorren taldea orain arte ikusi ditugun Altzai-Altzabeheti-Zunharretako gazteek osatzen dute. Bere konposizioa orain arte ikusitakoaren berdina da. Errepidearen eskuinaldetik beste aldera doan taldea Urdiñarbeko dantzariek osatzen dute. Aurrean bi Kükülleroek eramaten dute taldea. Atzetik Txerreroa, Gatuzaina, hiru Kantiniersa, Zamaltzaina eta Entseinaria daude. Atzeko aldean bi musikariak ikusi ditzekegu. Txirularia Jean-Mixel Bedaxagar da berriro. Beste soinularia, aldiz, Pierre Aguer "Arhane-Gat" (1914-1997) atabalari gogoangarria da. Aipagarria da Urdiñarbeko Entseinariak ikurriña daramala eskuan.
    Bakarkako puntuetatik gutxi ikusten da. Txerreroa eta Gatuzaina elkarrekin dantzan ikusten dira. Haien atzetik Zamaltzaina eta bi Kantiniersak hasten direla ikusten da, baina hortan mozten da irudia. Horiek Altzaiko dantzariak dira. Barrikada hauste honetan Entseinariak ematen duen puntuaren parte batzuk ikusten dira. Dantzaria Jean-Pierre Recalt da. Bere garaian dantzari fina eta ondorengo urteetan Altzai herrian eta Zuberoan gaindi ibili den dantza-maisu handia da. Bere ondotik Jaunak eta Laborariak puntua hasiko dutela ageri da, baina ez da gehiago ikusten.
  • 3:50 - 7:14 - Hirugarren barrikada Urdiñarben.
    Bi taldeak bata bestearen aurretik dantzan ikus ditzakegu barrikada puntuarekin dantzan. Urbiñarbeko dantzariak bidea irekitzen dute eta atzetik Altzaikoak doaz. Gero bakarkako puntuak ikusten dira. Denak ez dira bakarkakoak. Batzuetan dantzariak binaka edo hirunaka doaz. Hemen dantzarien zangoak hurbiletik eta abiadura geldoan ikusteko aukera dugu. Lehenik, Txerreroa ikusten da eta bere atzetik bi Kantiniersa. Hiru horiek Urdiñarbeko taldekoak dira. Ondotik, Txerreroa eta Gatuzaina batera ikusten dira eta, azkenik, Entseinaria. Haiek, aldiz, Altzai-Altzabeheti-Zunharretakoak dira.
  • 7:14 - 10:40 - Laugarren barrikada Urdiñarben.
    Parte honetan, beste barrikada bat ikusi daiteke. Beti Urdiñarbe herrian. Tokia ezaguna da: Niko Etxartek Euskal Herri osoan ezagutarazi zuen «Coucou des bois» diskotekaren aurrean dantzan ari dira maskaraden protagonistak. Lehenengo barrikadetan egin duten moduan, bi taldeek dantzan plazari itzulia ematen diote lehenik. Bi Küküllero bidea zabalduz dituztela, Aitzindariak bakarka doaz lerroan eta Küküllero eta Marexalak binaka, barrikadara bidean egin ohi duten puntuarekin ezker-eskuin elkar gurutzatuz. Ondotik entseinaria Zuberoako bandera dantzatuz, Jauna eta Anderea, Laboraria eta Laborarisa, oinez, bai eta Txorrotxak, Buhameak eta Kauterak ere atzetik dituztela. Halako batean maskaradariak barrikada haustea dantzatzen hasten dira lurrean pausatuak diren bizpahiru botilaren aurrean. Herriko dantzariak doaz lehenak: bi Kükülleroak, Txerreroa eta Gatuzaina, bi Kantiniersa, hirugarren Kantiniersa eta, azkenik, Zamaltzaina eta Entseinaria elkarrekin. Aldi honetan ez dira Altzaikoak dantzan ikusten.
  • 10:40 - 11:47 - Bosgarren barrikada Urdiñarben.
    Filmean agertzen den azken barrikada hori Urdiñarbeko plazan grabatua da. Aldi honetan talde bakarra agertzen da; Altzai-Altzabeheti-Zunharretako dantzariak, alegia. Dirudienez barrikada hori ez da ohituraz goizean egiten den horietako bat baizik eta arratsaldeko emanaldia hasieran plaza hartzeko egiten den lehendabizikoa. Talde osoa agertzen da segida honetan: Txerreroa, Gatuzaina, bi Kantiniersa, Zamaltzaina, Kerestuak, Kukulleroak, Marexalak, Entseinaria, Jauna eta Anderea, Laboraria eta Laborarisa, Xorrotxak, Buhameak, Kauterak. Soinulariak Jean-Mixel Bedaxagar eta Pierre Aguer "Arhane-Gat" dira.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 007. Altzaiko maskaradak: barrikadak - Urdiñarbe (1976)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.