Urdiñarbeko dantzariak - Altzürükü (1963)
Ez dira hor maskaradak egiten ziren egunean grabatutako irudiak. Kasu honetan dantzariak jantzi eta haien dantzen demostrazioa egin zuten Ikertzaile bikotearen aitzinean.
Urdiñarbeko dantzariak - Altzürükü (1963) - Oharra: bideoa mutua da.
Bost dantzari agertzen dira eta bakoitzak aitzindari bat jokatzen du. Bazterrean bi emazte ikusten dira dantzariak begiratzen baina ez da musikaririk agertzen filmeetan.
- 00:35 - 01:17 - Aintzina phika : Lehendabiziko dantza egiteko Aitzindariak bi lerrotan daude. Alde batetik « galtzak » : txerreroa, gatuzaina eta entseiñaria. Bestetik « gonak » : zamaltzaina eta kantiniersa. Formakuntza honek Gabota dantza oroitarazten du baina puntuen antolaketak, dantzaren estruktura musikala finkatzen laguntzen du. Hor Aintzina pikha jauziaren doinua baliatuz dantzatua den koreografia da. Gauza harrigarria beraz, garaia hartan eta gaur egun arte, jauziak borobilean dantzatzen dira eta Xiberoan, jauzi motzak direnean (Aintzina pikha, Ostalersa, Larrabürrü…) errepikapena puntuekin dantzatzea da bertako ohitura. Gauza oso ez-ohikoa da beraz hor ageri dena, ez baita ohikoa izan jauziei halako koreografia-egitura ematea.
- 01:19 - 01:35 - Gabota : Formazio berdinarekin Gabota ematen dute dantzariek. Ez da dantza osoa ikusten, baina parte bat baizik. Zamaltzainak eta Kantiniersak "Pas français eta entrexat" puntua egiten dute aitzinera eta gibelera. Beste hiruek haien txandan errepikatzen dute. Horretan gelditzen da filmaketa.
- 01:36 - 02:48 - Puntuak : Bost aitzindariak lerro batean, Barrikada edo Satan-dantzaren doinuarekin egiten duten dantza dugu hor. Lehenik taldeko puntua ematen dute eta bukatu bezain laster, txerreroa doa bakarkako dantza egitera. Irudia moztu egiten da eta ondoren zamaltzaina bakarrik dantzan ari dela ikusi daiteke. Bitartean Aitzindariak banan-banan dantza egin dutela pentsa daiteke. Bukatzeko berriro taldeko puntua ematen dute bost aitzindariek.
- 02:47 - 04:08 - Godalet dantza : Hemen Godalet dantza ikusi daiteke. Aitzindariak zirkulu erdian daude eta horren erdian basoa dago lurrean pausaturik. Ezkerretik eskuinera ordenu honetan kokatuak daude dantzariak: entseinaria, txerreroa, gatuzaina, kantiniersa eta zamaltzaina. Baso gaineko puntuei dagokionez, entseinaria, txerreroa eta gatuzainarena baizik ez dira ikusten. Nahiz eta bukaera ez ikusi maskaraden tradizioan ohizko moduan egiten den bezala, dantza zamaltzainaren puntuarekin bukatzen dela suposatu daiteke..
Gehiago jakin
- Guilcher bilduma 010. Urdiñarbeko dantzariak - Altzürükü (1963)
- Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

Xabier Itzainak Jean-Michel Guilcher-ekin ukan bi elkarrizketen zati batzuk argitaratu ditu Dantzan.eus atariak. Solasak Meudon-en iragan ziren, Jean-Michel eta Hélène Guilcher-en etxean, 2008-ko otsailaren 18an eta martxoaren 27an. Euskal Herrian eraman ikerketaren testuingurua azaltzen dute.