Besta Berri Donamartirin (1972)

Arberoa eskualdeko Donamartiri (Nafarroa Beherea) herrian ospatutako Besta Berriko ospakizuna ageri dira irudiotan.
Besta Berri Donamartirin (1972)
Besta Berri Donamartirin (1972) © Jean-Michel Guilcher funtsa

Jean Michel Guilcherrek "La tradition de danse en Béarn et Pays basque français" (1984) liburuan dioenez 1972ko Besta Berriko bi igandeetako lehenengoan izan ziren Donamartirin festa bertatik bertara behatzen.

Besta Berri Donamartirin (1972) - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:23 - Besta Berriko guardiaren segizioaren martxa erakusten digute irudiek. Donamartiriko karrika nagusitik dator taldea, Herriko Etxe paretik oinez, elizarako noranzkoan. Oilarrak daude taldearen buru eta haien apaindutako makilekin urratsaren tenpoa markatzen dute. Gibelean zapurrak dituzte. Bi lerroen erdian suitzarra ikusten ahal dugu, dotore jantzita eta bikornioa buruan. Atze-atzean dantzan ari diren bandera xingoladunak ikusten ditugu dantzan.

  • 00:31 - Hurbilagoko planoak jantzien eta ibilkeraren xehetasunak eransten dizkigu. Oilarrak gorriz jantziak dira, kaska txuria buruan, janzki guztiak urre kolorez apaindurik. Zapurren amantalak ere bereziki edertuak dira zerrendez eta brodatuz. Bi lerroen erdian kokatua den suitzarraren jantzia ere gorria da, bikornioa aldiz, beltza, luma zuriz apaindua. Alabarda xingoladuna darama eskuan. Beztitu hauen ibilkera neurritsua eta zaindua da, urrats txikiz aitzinatzen dira, musikak markatuko duen erritmoan.

    Izan ere makilaria dator haien atzetik, musikarien buru. Dunbala eta atabala aitzinean, tronpetak, tronboiak, saxofoia eta gainontzeko kobreak gibeletik. Haien doinura dantzan, banderarien banderak, ispilu eginez, batek eskuinera mugitzen duenean, besteak ezkerrera. Hauek jantzi eta boneta gorriak dituzte. Banderak aldiz, zuriak dira, mila xingolez edertuak. Kapitaina eta ofizierrak datoz orpoz-orpo, eta haien ondoan, herriko mandatariak trajez jantzita.

    Alabardariek zaintzen dute agintarien bizkarra, haien jantzi gorri eta xingolez apaindutako alabardak eskuetan. Atzerago, soldadoak, trajez jantzita hauek ere, txapela loredunak buruan eta fusila sorbaldan pausatua. Esku larru zuriekin eusten diote armari. Soldadoen bi lerroen artean beste banderari bat dator, euskal ikurrina eskuetan.
    Taldearen gibelean Kaporalak datoz kalejira urratsean saltari. Kaporalak herriko gaztetxoak izaten dira, bik jaka beltza eta boneta gorria daramate. Beste biak urdinez jantzita doaz, jendarme txiki batzuen antzera. Alta, hauen atzetik, jendarme helduek ixten dute Besta Berriko guardiaren taldea. 

  • 01:11 - Meza ondoko segizioko irudiak dira oraingoak, lehenagoko ia toki beretik hartuak. Kaleak belarrez estali dituzte, egun horretan ohikoa denez gero. Irudiek gurutzea erakusten digute, soldadu bana zaintzaile duela, alde banatan. Atzetik, bi lerrotan antolatuak datoz herriko agintariak. 

  • 01:16 - Segizio burua erakusten digu plano berriak. Oilarrak eta zapurrak dantzan ari dira, Kaskarot martxaren aldaera berezi batean. Kasu honetan kontrapasak baino ez dituzte egiten eta denbora guztian aurreratu egiten dira, atzeranzko ohiko pikatzeak egin gabe. Bi lerroen artean doa suitzarrak aldiz, bai, ohiko bi esaldi koreografikoak errespetatzen ditu: Kontrapasak eta atzerunzko pikatzeak. Bi kontrapasen ondotik hiru pikatze egiten ditu gibelerantz eta azken puntuan urratsa itxi egiten du suitzarrak, urrats bereziki neurritsuan. 

    Irudiek zapurren aitzinatzea erakusten digute gero, eta makilaria makila itzuliz, musikarien lanak gidatzen. Gibelerako, buru guztien gainetik, banderarien bandera zuri ederrak ikusten ditugu batera eta bestera dantzari. 

  • 01:45 - Hain zuzen plano honetan banderariei jarri die arreta kamerak. Modu koordinatuan dantzarazten dituzte oihalak bi banderariek. Hauek oinez aurreratzen dira, Kapitaina eta ofizierra bezala. Alabardariak aldiz, kontrapas urratsean datoz aurrera, Kaxkarot martxako segida guztia markatuz, kontrapasak eta pikatzeak barne. Atzeranzko urratsa ixtearekin, elkarri begira jartzen dira biak ala biak. Atzetik datozen soldaduak ere Kaxkarot martxarekin aurrera datoz, baina dirudienez, ez dute beste dantzariek bezainbesteko eskarmenturik.

  • 02:09 - Taldearen buztaneko irudi xeheagoak ikusten ditugu orain. Azken soldaduak eta Kaporal gaztetxoak ikus ditzakegu. Soldaduak haien urrats neurritsu eta idorrarekin aitzinatzen diren bitartean, Kaporalek Kaxkarot martxako aldaera urrats saltarinez egiten dute, eta pikatzerik gabe. Irudi luke gaztetxoendako atondutako urrats sinplifikatua egiten dutela momentuz.

  • 02:29 - Oraindik ere xehetasun handiagoarekin ikus dezakegu Kaporalen puntu saltaria. Kontrapasarekin aurreratzen dira eta hiru urrats saltarinetan gibelatzen dira, laugarrena puntua ixteko baliatzen dutelarik. Bi errepikapenetan behin, gibelera egin beharrean, beste lerroko lagunari begira egiten dituzte atzeranzko urrats saltarin horiek, lehenago alabardariei ikusi diegun bezala. Haien jaken apaingarri ederrak ere preziatzen ahal ditugu plano honen bitartez.

  • 02:48 - Azken plano solte batzuk ikus ditzakegu. Kaporalak oinez, jendarmeak berdin, jaunartzea hartuko duten umeak eta sakramentu santuaren pabilluna, apaiz eta bereterrak inguruan, eta lau soldaduk begiratua. 

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 023. Besta Berri Donamartirin (1972)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa.

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.