Besta Berri - Iholdi (1972)
Besta Berri - Iholdi (1972) - Oharra: bideoa mutua da.
- 00:23 - Iholdiko plazako irudia aurkezten digu lehen planoak. Herria hutsik ageri da, harik eta 00:31 segunduan, beste angelu batetik hartutako irudiak Besta Berriko beztituen taldea erakusten digun arte. Berehala, meza aitzineko desfilean ikusiko ditugu pertsonaia guztiak: Suitzarra, oilarrak alde banatan dituela, banderariak, zapurrak, musikariak, banderari gehiago, kapitaina, ofizierrak, soldadoak…
- 01:04 - Zapurrak ikus ditzakegu martxaren doinura haien urrats berezia eginez. Ez dute denek urratsa ber maneran egiten. Batzuek sotilago, besteek apainduago, itzulietan adibidez, urratsak farusetan bezala doblatuz.
- 01:34 - Iholdiko elizaren sarreran gaude orain. Toki bitxi batetik hartua da irudia, hilerritik-edo, esanen genuke eta pixka bat urrunetik. Elizan sartzeko prest dira Oilarrak. 0:25 segunduan planoa hurbilagotik hartua da eta hobe ikusten ahal ditugu, haien kaska gora eta apainduekin eta xingoladun makilak eskuetan. Elizan sartzeko urratsa egiten dute. Urrats hau kaskarot-martxa deituaren aldaera berezia da, idorragoa. Besta Berriz, elizan sartzean eta prozesioan, martxa horren pikoak jauzirik egin gabe ematen dira, gero plazara heltzean ez bezala.
- 01:42 - Zapurrak datoz Oilarren gibeletik. Haiek ere urrats bera errepikatzen dute. Sei urrats egiten dituzte aitzinera ―kontrapasak― eta lau gibelera. Poliki-poliki aurreratzen dira, horrenbestez. Atariaren beste aldean hainbat herritarrek so egiten dute beztituen elizarako sartze hori.
- 02:00 - Lehen bi zapurrak aski aitzinatu direlarik, beste bi hasten dira atari azpian justu, dantzan. Bi dantzari hauek, aurrekoekin alderatuz, gibeleranzko urratsa doblatzeko keinu sotila egiten dute, baina guztiz gauzatu gabe, kasik intentzio hutsean geratuz.
- 02:20 - Makilaria heldu da ondotik. Honek makila itzultzen duen bitartean, aitzineranzko urratsa baizik ez du egiten. Momentu batean, alta, itzuli erdia ematen du, gibelera begira jarriz. Hor momentu bat hartzen du makil-jokoen erakustalditxo bat egiteko: kontrapasekin aurrera eta atzera eginez, makila lepo ingurutik pasatzen du, aurrean biratzen du, bizkarretik ere pasatzen du… Atarian musikariak eta urrunxeago dantzan ari diren banderak ikusten dira.
- 02:46 - Musikariak sartzen dira ataritik. Bi atabalari aitzinean, dunbala eta txindatak ondotik. Tronpeta banda edo Klika ere badator. Oinez egiten dute sarrera hauek guztiek. Txuriz jantziak dira, boneta eta gerriko koloredunak buru-gerrietan. Banderariek haien bandera dantza gelditu dute eliza atarira sartzean eta ozta-ozta ikusten ditugu irudietan.
- 02:59 - Kapitaina eta ofizierrak ere sartzen dira ataritik, ezpatak sorbaldetan pausatuta. Hauek ere oinez egiten dute haien sarrera. Haiekin Aldare-aitzinekoak eta banderari gehiago datozela iruditu zaigu.
- 03:05 - Iholdiko plaza erakusten dute ondoko irudiek berriz ere. Plano zabalak Besta Berriko segizioaren sigi-saga agertzen digu, zoruan pilatutako belar gainetik desfilatzen ari. Gurutzea daraman gizon batek irekitzen du jarraigoa, alde banatan Aldare-aitzineko bat duela. Haien gibeletik bi lerrotan antolatuak, hamaika ume, neskak eta mutilak eta gibelerago oraindik, herriko gizon helduak datoz. Banderak eta estandarteak ere ageri dira, han eta hemen, buruen gainetik.
- 03:30 - Beztituen segizioa dator elizan beheiti. Lau Oilar aitzinean, Zapurrak ―sei zehazki― ondotik, kaskarot-martxa saltarinxeagoan aurreratuz, oraingo honetan. Plano batzuek dantzarien oinen detailea erakusten digute, urratsen ñabardurak agerraraziz.
- 04:36 - Banderazainak oinez datoz. Batzuek Frantziako bandera daramate, besteek Ikurriña. Kapitaina eta ofizierrak ere agertzen dizkigute irudiek. Bandera gehiagoren gibelean berriz, Aldare-aitzinekoak, fusila eskuetan.
- 05:06 - Jaunartzea hartu duten neskatiko zuriz beztituak heldu dira ondotik. Serorak, beretterrak, apaizak, eta gibel-gibelean sakramentu txit santua palio edo pabillun azpian. Justu, sakramentuak eginen duen bidetik mihise xuri luze bat zabaltzen ageri dira neskatikoak, emakumeak eta eliza-mutilak.
- 05:19 - Plazaren erdira heltzean, palioa eta sakramentua toki gailen batean kokatu dute eta beztitutakoek bere inguruan dantzatzen dire, kaskarot-martxa eginez, apenas tokitik mugitu gabe. Segizioaren detaileak erakusten dizkigu kameralariak segidan, gertuagotik eta urrunxeagotik.
- 05:45 - Plano horietan ageri da Iholdiko karrikak belarrez eta ihiz estali dituztela, ohi bezala, justuki, segizioa pasako den bidea iragarriz.
- 06:08 - Segizioaren irudi orokorrago hauetan, hasieran baizik ikusi ez dugu Suitzarraren pertsonaia ikusten dugu, beztituen buru, aitzineko bi oilarren artean. Oinez egiten dute bidea, dantzariek, kasu honetan, baina banderariek eta makilariak banderak eta makilak astintzen dituzte, hala ere. Elizarunzko bidea hartu du jarraigoak eta sakramentu santuaren aurretik, berriz ere oihal xuria ematen dute zoruan.
- 06:52 - Suitzarra, Oilarrak eta Zapurrak agertzen zaizkigu karrikan beheiti. Denek, Suitzarra salbu, Kaxkarot-martxa dantzatzen dute, itzuliak emanez kasu honetan, saltarinago. Horrek salatzen digu prozesioa amaitu dela, eta dantzakera alaixeagoan ―ez horren serioan behintzat― ari daitezkeela dantzariak.
- 07:19 - Beste une bat erakusten dute irudiek. Zapurrak datoz taldearen aitzinean, aurreraka urrats sendoz, oinez. Beztituen taldeak plaza inguratzen du: Zapurrek, Makilariak, musikariek, Banderariek, Kapitain eta Ofiezierrek, Aldare-aitzinekoek… beste karrika batzuetatik ere kurritzen dute herri osoa. Planoen arabera, Suitzarra eta Oilarrak ere ageri dira taldearen buru.
- 08:33 - Beste urte ―edo behintzat egun― bateko irudiak dira hauek (Otabarenak agian?). Suitzarra, Oilarrak, Zapurrak eta enparauak zapatak jantzi dituzte, zoluan putzuak baitaude. Euria egin du antza. Kaskarot-martxa eginez ageri dira eta bigarren urratsean itzulikatzen dira, beraz, prozesio ondoko irudiak direla ondorioztatzen ahal dugu.
- 09:30 - Berriz ere espartin zuriak jantzita ageri zaizkigu Beztituak, ibilkera sendoz.
- 10:08 - Zapatak oinetan berriz ere. Etxe baten sarreran (ostatuko sarreran?) Kaskarot-martxa dantzatzen ageri da taldea. Makilariaren jokoen detailea erakusten digu, ondotik. Amaitzeko, filmatzaileak, Beztituak ostatura nola sartzen diren erakusten digu. Azken plano honetan mutil koxkor bat ageri da, Zapurren urratsa imitatu nahiz.
Gehiago jakin
- Guilcher bilduma 018. Besta Berri - Iholdi (1972)
- Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

Xabier Itzainak Jean-Michel Guilcher-ekin ukan bi elkarrizketen zati batzuk argitaratu ditu Dantzan.eus atariak. Solasak Meudon-en iragan ziren, Jean-Michel eta Hélène Guilcher-en etxean, 2008-ko otsailaren 18an eta martxoaren 27an. Euskal Herrian eraman ikerketaren testuingurua azaltzen dute.