Besta Berri Lekornen (1972)

Guilchertarrek Euskal Herriko dantzen ikerketan egindako filmaketen artean da honako hau, Lekorneko (Lapurdi) Besta Berriko ospakizunaren segizioaren irudiak dira, koloretan filmatutako irudiak hain zuzen.
Besta Berri Lekornen (1972)
Besta Berri Lekornen © Jean-Michel Guilcher funtsa

Lekorne Lapurdiko ekialdeko udalerria da eta Nafarroa Beherearekin mugan kokatua dago. Lekornen Besta Berriren segizioaren behaketak 1972an egin zituela idazi zuen Jean Michel Guilcherrek 1984. urtean argitaratutako "La tradition de danse en Béarn et Pays basque français" liburuan (443. orrialdean). 

Besta Berri Lekornen - 1972 - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:23 - Irudiek Lekorneko plaza erakusten digute.

  • 00:30. segunduan hasten den planoak Lekorneko plazako gurutzea erakusten digu eta haren atzean, Babakia etxea. Lekorneko plazan garela, ez da zalantzarik. Besta Berriko guardia plaza zeharkatzen ari da oinez. Meza aurreko karrika-inguruko irudiak dira, hortaz. Oilarrak (2) doaz ororen buru. Haien gibeletik, zapurrak (4), makilaria (1) bere makila jira-biraka. Honek dunbalez, atabalez, soinu handiz, klarinetaz, tronpetez eta saxofoiz osatutako musika banda du bizkarzain. Haien atzean, erdi ezkutuan, suitzarra ikus dezakegu, kapitaina ere ageri da bere aldean. Ofizierra beste aldean izanen da, irudietan ikusi ahal izan ez badugu ere. Banderariek (2) koloretako xingolez apaindutako frantses banderak daramatzate eskuetan. Bonet gorriz eta jaka berdez jantzita, alabardariak datoz gero, hauek ere apaindutako armak eskuetan. Hauen gibeletik aldare-aitzinekoak edo soldadoak (20tik gora), fusila sorbaldan pausaturik. Batzuk bonet beltz loredunak eta besteek bonet gorri borladunak daramatzate buruan. Hauen erdian beste frantses bandera handi bat banderaria. Taldea itxiz, kaporal gazteak eta jendarmeak.

  • 00:41 - Besta Berriko Guardiaren segizioa beste kokapen batean ikusten dugu orain. Egun itxura-aldaturik bada ere, elizara doan bidea da. Plano hurbilagoko honek, pertsonaiek jantzien xehetasunak erakusten dizkigu. Oilarrak haien kaska eta jaka berdeekin, oilar irudi batek koroatutako makila apainduak eskutan. Zapurrak haien ardi larruzko kaska beltz eta amantal dotoretuekin, aizkora sorbaldan pausatuta. Makilaria gorriz, makila itzuliz. Musikariak kaleko arropekin. Formaziotik ateratzen ari den suitzarrak bikornio kapela ikusgarria darama eta jaka gorri apaindua. Eskuetan daraman makilak ere hamarnaka koloretako xingola ditu dilindan. Kapitainak eta ofizierrak kepi moldeko kapela jantzita daramate lumaz apaindua. Beltzez jantziak dira. Gibelean, banderariak jaka gorriz eta boneta zuriz eta alabardariak boneta gorriz eta jaka berdez. Soldadoak datoz gero, trajez jantziak eta bonet apainduekin. Haien tartean beste banderaria, gorriz haue ere, frantses bandera soilago batekin. Kaporal gazteek eta jendarmeek ixten dute guardia. Guztien gibeletik herritarrak datoz jarraigoari segiz.

  • 01:11 - Irudiek elipse bat egin dute eta meza ondoko momentua erakusten digute orain. Elizara doan bide berean daude dantzariak, baina oraingoan karrika belarrez estalia da, Besta Berriz ohikoa den gisan. Oilarrak eta zapurrak dira irudiotako protagonistak, kaskarot martxaren bertsio berezia eginez. Oilarren urratsa idorra da, zoruari pega-pega egindakoa. Bi kontrapas eta gibelerunzko lau puntu dantzatzen dituzte. Kontrapasetako hirugarren urratsean pikatzea egiten dute zoruaren kontra eta ondotik, gibelerunzko hiru pikatze. Laugarren puntuan urratsa itxi egiten dute, dantza jauzietako korten antzera. Zapurrak ere dantzan ari dira gibeleraxeago. Makilaria segizioari bizkarrez, musikariei begira, haien doinuak zuzentzen ditu makila jira-biratuz. Atze-atzean, banderak ikus ditzakegu, hauek ere dantzan, sinkronizazio erabatekoan. Segizioko gainontzeko pertsonaiak ez dira dantzan ari.

  • 01:31 - Elizarako bidean, baina kontrako norabidean ikusten dugu orain taldea. Aitzinean zutoihala, gero oilarrak eta azkenik, zapurrak. Kaskarot martxako urrats beraren atzeko planoa ikusten dugu oraingoan. Kamarak zapurrengan jarri du atentzioa. Oilarren aurreko planoarekin alderatuz, irudi luke zapurren dantzakera arinxeagoa dela, ez horren idorra, saltarinagoa. Zapurren galtzen eta espartinen apaingarri ikusgarriak xehekiago ikusteko parada ere eskaintzen digu planoak.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 021. Besta Berri - Lekorne (1972)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa - Lekorneko Joanes Curutchaguek eskainitako informazioan oinarrituta.

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.