Eskiula
Hemen Zuberoan gaude, Eskiulan zehazki. Plazan eta herriko beste toki batzuetan bertako dantzariak dantzan ikusten dira.
Eskiula - Oharra: bideoa mutua da.
Bi talde berezi agertuko dira irudietan. Lehena dantzari helduek osatzen dute eta bestea dantzari gazteek.
Hasieran, bost dantzari aitzindariz jantzita ikusi ditzakegu dantzan. Bi Txerrero, Kantiniersa bat, Zamaltzain bat eta Entseinaria daude hor. Azpimarratu behar da azken horrek Ikurriña daramala eskuan. Ez da Gathuzainik agertzen dantzari taldean. Inguruan, jarlekuak daude, baina bertan ez da Maskaraden parte diren beste pertsonaiarik ikusten. Ez dirudi inauteri ospakizunetan gaudenik hor, baizik eta herriko besta edo horrelako beste ospakizun baterako antolatutako dantza ikusgarria dugula pentsatu daiteke.
- 00:21 - 01: 24 - Gabota : Agertzen den lehen dantza Gabota da. Dantzariak bi lerrotan hasiera batean eta lerro berean ondoren, koreografia ezagungarria dugu hor. Melodia ezagun horren hiru parteak argiki ikusten ditugu ere, nahiz eta irudiak itsuneak dituen.
- 01:24 - 01:39 - Godalet dantza : Ondotik gazteen taldea Godalet dantza emaiten ikusi daiteke tarte motz batean. Irudian Txerrero bat, Gatuzain bat eta bi Kantiniersa agertzen dira. Nahiz eta berehala ez diren agertzen, ondorengo irudiak artoski begiratuz, ikusi dezakegu Zamaltzaina eta Entseinaria daudela gazteen taldearen osatzeko.
- 01:41 - 03:10 - Godalet dantza : Helduen txanda orain eta haiek ere Godalet dantza emanen dute. Tradizioz egiten den moduko koregrafia dugu hor eta ez digu sorpresa handirik uzten. Entseinaria doa lehena, bi Txerreroak bata bestearen atzetik, Kantiniersa eta azkenik Zamaltzaina.
- 03:11 - 03:29 - Dantza bururatzeko Zamaltzainaren puntua emaiten dute, Zaldikoak eta Kantiniersak. Protagonistak zeina egiten duen bitartean Kantiniersak entrexantak egiten ditu eta horrela bukatzen da dantza, asmatu dezakegun elkarrekiko azken puntu baten ondotik.
- 03:30 - 04:23 - Bi belaunaldietako taldeak elkarturik, dantza-jauzi bat emaiten dute bertako zonbait dantzariek lagundurik, horiek eguneroko moduan jantzita. Jauzia Aitzina Pika edo Marianak da. Lehen partea jauzien urratsekin dantzatzen dute partaide guziek eta bigarren parte puntuekin, gutxienez aitzindari helduen kasuan.
- 04:24 - Bukatzeko bi dantzari taldeak doaz, gazteak aurretik eta helduak haien atzetik Barrikada puntua dantzatuz ikusgarriari amaiera emaiteko.
Gehiago jakin
- Guilcher bilduma 012. Eskiula
- Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

Xabier Itzainak Jean-Michel Guilcher-ekin ukan bi elkarrizketen zati batzuk argitaratu ditu Dantzan.eus atariak. Solasak Meudon-en iragan ziren, Jean-Michel eta Hélène Guilcher-en etxean, 2008-ko otsailaren 18an eta martxoaren 27an. Euskal Herrian eraman ikerketaren testuingurua azaltzen dute.