"Etxahun koblakaria" pastorala - Barkoxe (1962)

Irudi hauek Zuberoako Barkoxe herrian filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1962an.
"Etxahun koblakaria" pastorala - Barkoxe (1962)
"Etxahun koblakaria" pastorala - Barkoxe (1962) © Guilcher funtsa

Agorrilaren 5 eta 12an eman zuten bertan herriko seme izandako Pierre Topet Etxahun Barkoxeren omenezko pastorala eta filmeak egun horietako baten irudiak erakusten dizkigu.

"Etxahun koblakaria" pastorala - Barkoxe (1962) - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:23 - Hasteko, herria aurkezten digute irudiek eta berehala Pastoraleko desfilea ikus dezakegu. Esan genezake egungo pastoraletan baino arrandia handiagoa duela karrika-inguruak. Kabalkada ere dei geniezaioke, izan ere, arizaleak zaldi gainean edo karrosetan doaz, artzainak salbu. Musikariak gurdi gainean datoz hasteko eta banderariak zaldi gainean, Zuberoko eta Frantziako banderak astintzen (euskal ikurriña ere ikusiko dugu gero).
    Sujeta (Pierre Xerberok jokatu zuen Pierre Topet Etxahunen errola) eta bere emaztea (Gracie Pellento, Raymond Epherrek jokatua) ere zaldi gainean ikus ditzakegu. Ondotik, soldaduak, herriko Meraren papera jokatzen duena (Pierre Etxebarne) eta jaka gorriz beztituak diren bestelako arizaleak. Artzainak datoz gero, ardi saldoarekin, oinez. Satanak idiek tiratutako  gurdi apaindu batean. Apaiza, artzapezpikua eta aingeruak zaldiz tiratutako beste batean… Karrika nagusitik herriko plazara heltzen ari da desfilea herritarren begiradapean.
  • 01:53 - Eszenatokira heltzen ari da taldea. Musikariak batetik eta errejenta (Germain Lexardoi) bestetik. Arizaleak datoz atzerik, banderariak, suitzarra, eta gainontzeko jokalariak. Urdinak alde batera doaz eta gorriak bestera.
  • 02:05 - Jelkaldi batean Etxahun eta bere emazteagaia ageri dira. Emakumezko errola jokatzen duenak ez du makilik eskuan.
  • 02:19 - Satanak dantzan. Pastoral honetan Jean-Louis Estecahandy "Lulu Ibar", Jean Pierre Uthürri, Dominika Lagune eta Alexis Artzanuthurri aritu ziren satan. Honako honetan, Jean Pierre Uthürri (Barkoxe, 1928) eta Alexis Artzanuthürri (Barkoxe, 1923) ageri dira dantzan. Haien dantza-maisuek, Alexis Pikotxet (1891) eta Pierre Uthürri-k (1892) izendatu zituzten pastoral honetan satanen rolak egiteko, nahiz eta 34 eta 39 urte zituzten garai hartan, gazteagoak ziren dantzari batzuk baino trebeagoak omen zirela eta.
    Nahiz eta filmazioak ez dituen dantzen parte guztiak agertarazten satan-dantza bikoitza dantzatzen agertzen dira hemen, erran nahi baitu AA/BB formako estruktura musikala segituz antolatuak diren bi puntu segida dantzatzen dutela.
    Aurrera eta atzera doan puntuaren lehen partea ez da osorik ikusten baina bere errepikapena bai. 
    • Pas Francais - Zeina
    • Zankogibel - Frijat bakuna

Aldeetaruntz berriz honakoa egiten dute: Antrexat - tombé (x4)
Bigarrengo puntua ez da osorik ikusten. Nabarmentzekoa iruditzen zaigu Barkoxen ohitura handia izan duen kokot urratsa egiten dutela, eszena aitzin-aitzinean.

  • 02:50 - Pastoraleko beste zenbait jelkaldietako sarrerak eta jokoak ikusten ahal ditugu. Bigarren eta hirugarren jelkaldietako irudiak ageri dira. Etxahun Barkoxeren arimaren heriotzarena, besteak beste, bere neska-lagun Mariaren maitasunari uko egin behar dionean.
  • 3:46 - Laugarren jelkaldia Santa Grazin gertatzen da eta artzainak agertzen dira eszena gainean irudi harrigarria utziz. Artzainetako bat eskalanpoinak oinetan dantzan hasten da.
    • …biga, beste biga, ebats.
    • sinple (4etan) — Fouetté brisé eginez dantzatzen du

    Irudian moztura bat dago une batez. Plano berrian dantzan jarraitzen du artzainak:

    • sinpleFouetté brisé eginez
    • pika, sinple, pika, hiru antrixat
  • 4:15 - Pastoraleko jelkaldi gehiago ikus ditzakegu ondotik, zazpigarren eta zortzigarrenaren irudiak hain zuzen ere. Historio bitxia da bi jelkadli hauetakoa. Emazteak Etxahun tronpatu du beste gizon batekin. Etxahunek, apaizarena eginez, bere emaztea konfesatzen du.
  • 4:36 - Sataneriaren beste agertze bat. Kasu honetan Jean-Louis Estecahandy "Lulu Ibar" iruditu zaigu dantzaria. Oraingoan ere AA/BB formako estruktura musikala segituz, Pas Francais, zeina, antrixat eta eskuinera zein ezkerrera egindako brisé urratsez osatutako puntua egiten du.
  • 4:57an - Laugarren satana agertzen da, zeinatzez eta antrixatez osatutako puntuak josten. Frijat doble bat ere egiten du amaitzeko, kamarak planoa galdu aitzin.
  • 05:08 - Pastoraleko 11 eta 12. jelkaldietako irudiak ikus ditzakegu ondotik. 12. jelkaldi horren baitan berriz ere sataneria agertzen da eszena gainera (5:33). Berriz ere Jean Pierre Uthurri eta Alexis Artzanuthurri ditugu dantzari. Satan puntuko aitzinerunzko urratsak erakusten dizkigu filmak: Kokoten aurrerako urratsa, Pas Francais, Zeina, Antrixat, Fouetté brisé… 10 segunduko eskaseko filme zatia da.
  • 05:44 - Publiko zabalaren planoak eta pastoral-jokoen irudi gehiago ikus ditzakegu segidan.
  • 06:19 - Azken sataneria baten puntuak. Satan doblea egiten dute oraingoan ere. Lehenengoa moztua agertzen zaigu:
     
    • Zeina, Kokot, Frijat doblea
    • Aldeetaruntz: Antrixat brisé (x4)

    Bigarren satana honela hasten da:

    • Aurreruntz: Pas Francaise, antrixat. Antrixatekin itzuliz, Frijat bakuna (x2)
    • Aldeetaruntz: Tombé, brissé, antrixat bakuna 

    Baina berehala planoa mozten da eta azken puntu bat ematen ageri da dantzaria. Zankogibel eta bi Frijat doble tokian, amaitzeko. 

  • 6:58 - Pastoraleko 20. jelkaldiko irudiekin —artzainak artaldearekin oholtza gainera igotzen direnekoarekin— amaitzen da filmaketa. 

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 013. "Etxahun koblakaria" pastorala - Barkoxe (1962)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.