Eztei-soinuak Elbeten eta soka-dantza iheskor bat (1965)

Eztei bat Elbeten (Baztan - Nafarroa Garaia) eta bertan Maurizio Elizalde txistularia (Martintoneko borda, Arizkun) eta Felix Iriarte atabalaria (Artzea, Arizkun), ezkonkideak laguntzen. Mertxe Galain Ariztia elbetearra (Lekuederrea) eta Arturo Iturralde Irigoien iruritarra (Zurginenea) dira ezkongaiak. Filme hau, 1965an grabatua izan zen Elbeteko eliza inguruetan.
Eztei-soinuak Elbeten eta soka-dantza iheskor bat (1965)
Eztei-soinuak Elbeten eta soka-dantza iheskor bat (1965) © Jean-Michel Guilcher funtsa

Filmaren hasmentan, Maurizio eta Felix ageri dira Elbeteko elizaren kanpo aldean, gonbidatuen eta senargaiaren eta emaztegaiaren zain. Itxaronaldian irriz agertzen dira bi soinulariak elizako atean. Dotore jantzita ageri dira, trajez, gorbata eta guzti. Iduri luke, Txistularien elkarteko intsignia daramatela paparrean. 

Eztei-soinuak Elbeten eta soka-dantza iheskor bat (1965) - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:34 - Eliza atariaren plano orokorra agertzen da gero. Soinulariak lanean ari dira —bideoak soinurik ez duen arren, ageri da—, eta ume multzo handi bat dago eskaileren behekaldean. Baztango ezteietan —maila batekoetan— ohikoa izaten zen ezkongaien familiek umeendako sosak, goxokiak eta azukre almendrak botatzea airera. Zenbaitetan, auzoek, pastak eta moskatela eramaten zuten eliza atarian jateko.

  • 00:41 - Maurizio eta Felixen plano gertuagokoak ere badira eliza atarian jotzen. Baztanen badute ezkontza egunetarako doinu berezi bat: Eztei-doinua edo Ioiak ere deitua —Ioiak ezkontza-puskak ezkongai baten etxetik beste ezkongaiaren etxera eramateko erritualari esaten zitzaion—. Bazkari denboran jo ohi zuten eta Maurizio Elizaldek kontatzen zuenez 400 ezkontzetan baino gehiagotan joa zuen doinu hura. Ezin jakin, ordea, irudietan zer jotzen ari ote diren.

  • 01:41 - Eliza barneko irudiak ere agertzen ditu filmak, baina berehala, berriz ere, kanpoko irudiak erakusten dizkigu. Ezkontza bukatuta, Elbeteko karrika nagusitik Elizondorako bidea hartu du segizioak.

  • 02:02 - Soinulariak doaz aurretik —Maurizio eta Felix— eta ezkonberriak haien atzetik. Haurrek eusten diote emaztearen soinekoaren dandarrari. Gainontzeko gonbidatuak doaz gero. Javier Karrikaburu, Juana Mari Galain eta Mariano Oteiza identifikatu ahal izan ditugu.

  • 2:42 - Maurizio eta Felixen irudi gehiago daude ondotik, Elbeteko Xondonea etxe aitzinean, txistua eta atabala jotzen.

  • 3:47 - Filmeko azken fotogrametan soka-dantza iheskor baten irudiak agertzen zaizkigu. Elbeteko plaza izan daitekeela dirudi, inguruko etxeei erreparatuz. Segundu bakarra irauten du akzioak. Irudiak ilunak dira, beraz, pentsa genezake ezkontzako bazkari ondoan gertatu zela dantzaldia. Soka buruan, ezkonberriak, Arturo Iturralde senarra suma dezakegu eta bere gibelean, Mertxe Galain emaztea. Atzetik, beste hogei bat dantzari, soinekoz eta trajez jantziak. Ezkonberrien senideak eta ezkontzako gonbidatuak izan daitezkeela suposatu dugu.

    Ez dago ongi asmatzerik baina karrika-inguruan ari direla antzematea iruditu zaigu. Urrats saltarintxoa egiten ari direla igarri genezake. Hala balitz, baluke zentzurik. Garaian, Baztango zenbait herritan ohitura zuten ezkontza egunetan soka-dantza edo karrika-ingurua egitekoa. Elkarri eskuetatik helduta, herria kurritzen zuten eta etxeetan ere sartzen ziren. Aurreko atetik sartu eta atzekotik atera.

    Horrelako egoeretan, zenbaitetan gertatzen ziren neurrigabekeriak direla-eta, soka-dantza horiek debekatu egin zituzten eta hartara, desagertu egin ziren.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 026. Eztei-soinuak Elbeten eta soka-dantza iheskor bat (1965)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa -  ondoko laguntzaileek emandako informazioetan oinarrituz: Patxi Larralde Elizalde (Etxeberria, Arizkun), Mari Carmen, Mari Paz eta Ana Mari Goñi Agirre ahizpak (Elizaldea, Lekaroz) eta Txarito Iturriria Goñi (Ortiborroa).

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.