Jean-Pierre Elichiry - Ligi-Atherei (1962)
Dantzari familia batean sortua, bere aita Agustin Elixiri Intxauspe (Augustin Elichiry 1895-1982) eta bere bi osabak Pierra (Pierre Elichiry 1900-1960) eta Pette (Pierre Elichiry 1896-1974) 1920 hamarkadako dantzari ohargarriak izan ziren. Garai hartan maskarada askotan parte hartu zuten eta primaka, dantza lehiaketa frango irabazi zituzten. Bere aitatxi, bera ere Pierre Elixiri (1866-1954) dantzari eta maisu handia izan zen. Barkoxen sortua, Johane Goieneix "Gaztelondo" (Jean Goyheneix 1840 - ?) XIX. mende bukaerako dantza-maisu barkoxtar handiaren iloba zen. Jean-Michel Guilcher-ek bertan aurkitu zuen beraz, kalitate handiko dantzaria eta informazio iturri bikaina.
Pierpol (Jean-Pierre) Elichiry (1931-2011) - Ligi-Atherei (1962) - Oharra: bideoa mutua da.
Bideo irakurgailua ez bazaizu agertzen otoi onartu estatistika eta marketin-cookieak. Gehiago jakin
Irudi horiek 1962an grabatuak izan ziren Ligi-Atherei herrian seguruenik. Pierpol Elixiri ikusi daiteke puntu zenbaiten demostrazioa egiten, estilo oso saltari batean. Eguneroko moduan beztitua da dantzaria, ez dira beraz maskaradetan hartutako irudiak. Ez du dantza berezirik egiten ere. Guilcher-en inkestaren beharrentzat bertako dantza moldearen erakuspena egiten du dantzariak. Geroago zehaztuak izanen diren puntuen izenak, bideoarekin Jean-Michel Guilcher-ek hartutako notak dira, seguraski dantzariak berak emandako informazioak baliatuz:
Lehenik, aurrera-atzerako hiru puntu desberdin ikusi daitezke. Izen bakoitzak zortzi denborako mugimendu osoari erreferentzia egiten dio, joan eta etorriaz osatuta:
- 00:23 Pas français: Lehenik abiadura normalean eta gero poliki grabatu da. Nahiz eta ez den bideoan agertzen, suposatzen da puntua berriro errepikatzen dela.
- 00:42 Pas français trompé avec deux brisés: Hemen ere, abiadura normalean eta gero polikiago ikusi dezakegu puntua. Hemen puntua osoki ikusi dezakegu, esan nahi baita bi aldiz eginik, esaldi musikala osoki betez (AA formatuan, bi aldiz zortzi denbora).
- 01:02 Pas français trompé: Lehenik poliki ikusi dezakegu eta gero bitan errepikaturik abiadura normalean. Ondoren, Jean-Pierre Elixirik saihetseko puntuak erakusten ditu. Hemen ere izenak Guilcher-ek hartutakoak dira:
- 01:27 Fouetté, glissé, brisé avec deux entrechats: Hemen, puntuaren elementu bakoitza zehaztu da. Dantzariak lehenik eskuin aldera egiten du lau denboratan eta berdin-berdin errepikatzen du ezkerrera. Bukatzeko bi frijat doble eginez bururatzen du mugimendua.
- 01:35 Brisé: Dantzariak frejat bakunak egiten ditu bata besteari loturik. Guilcher-ek "Brisé" balletetik datorren hitza baliatzen du, Zuberoan frejat bakun izendatzen den mugimenduari erreferentzia egiteko.
- 01:37 Fouetté: Jean Pierre Elixirik ondoren ikusi daiteken fouetté puntuaren mugimendu desberdinak zehazki bereizten ditu.
- 01:43 Fouetté-glissé-brisé: Lehenago ikusi daiteken moduan, berriro fouetté puntua egiten du dantzariak.
- 01:48 Tombé-moucheté: Simetria errespetatuz lau aldiz egiten du puntua, kasu honetan, eskuinera eta ezkerrera errepikatuz esaldi musikala oso bati doakionez, beraz bitan zortzi denborakoa.
- 01:58 Hemen bukatzen da Pierpol Elixiri Intxausperen demostrazioa.
Gehiago jakin
- Guilcher bilduma 001. Ligi-Atherei, Elixiri, 1962.
- Beñat Elgoyhen dantza maisuaz - Dominique Nicibar Bürgübürü-ren lekukotasuna (Mintzoak.eus)
- Beñat Elgoyhen dantza eskola (PDF)
- Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

Xabier Itzainak Jean-Michel Guilcher-ekin ukan bi elkarrizketen zati batzuk argitaratu ditu Dantzan.eus atariak. Solasak Meudon-en iragan ziren, Jean-Michel eta Hélène Guilcher-en etxean, 2008-ko otsailaren 18an eta martxoaren 27an. Euskal Herrian eraman ikerketaren testuingurua azaltzen dute.