Jean Simon Couchinave, Étienne Cazet, Jean Copen - Sohüta (1963)

Irudi horiek Zuberoako Sohüta herrian grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1963an, bertan antolatua izan zen festa publiko batean. Film zati osoa polikiago grabatua da, abiadura geldoagoan ikusteko pentsatua, mugimenduak argiago ikusi ahal izateko.
Jean Simon Couchinave, Étienne Cazet, Jean Copen - Sohüta (1963)
Jean Ximun Couchinave, Étienne Cazet, Jean Copen - Sohüta (1963) © Jean-Michel Guilcher

Lehen irudietan bi dantzari agertzen dira taula gainean. Inguruan kadera andana bat agertzen dira, baina ez da publikorik eserita. Bi dantzariak Sohütakoak dira. Zamaltzaina Étienne Cazet (Sohüta - 1925) da eta Kantiniersa Jean Ximun (Simon) Couchinave (Sohüta - 1947). Haien atzean, agertokiaren bazterrean bi musikari eserita daude.
Xirularia Johañe (Jean) Copen (Iruri - 1907-1982) da. Sagasetak jasotakoaren arabera, Copen 1936an Londresen dantza egitera joandako zuberotarren taldean zen, dantzari moduan, txerrero aritu zen hain zuzen. 1972an Maulen txirulari eskola abiatu zenean lehen maisua izan zen Copen.

Jean Simon Couchinave, Étienne Cazet, Jean Copen - Sohüta (1963) - Oharra: bideoa mutua da.
Bideo irakurgailua ez bazaizu agertzen otoi onartu estatistika eta marketin-cookieak. Gehiago jakin

  • 00:22 - Lehenik bi dantzariek puntu segida bat ematen dute. Bideoak soinurik ez duenez ezin da dantza ezagutu, baina bi sekuentziakoa dela dirudi, Satan-dantza edo Barrikada adibidez. Ikusi ditzakegu bi lehen puntuetan atzera doaz eta puntuaren bukaera dira. Horrek inplikatzen du aitzin aurrerako puntu bat duela, baina ez da bideoan agertzen. Ikusi dezakegun hirugarren puntua alboetarakoa da, Antrixat erresta edo Apala kasu honetan. Bi dantzariek frejat doblearekin bukatzen dute.
  • 00:50 - Ondotik, bakoitzak bere txandan godalet-dantza erakusten digute. Zamaltzaina agertzen da lehendabizi eta gero Kantiniersa. Biek tradizioz egiten den moduan erakusten dute: Jauzia (sinple lauetan), basora hurbiltzeko puntua eta godalet gaineko puntua. Azpimarragarri dira Zamaltzainaren dantzan, jauzian, hirugarren simplean egiten duen "fantasia" eta baso gainean ematen duen teknika handiko puntua. Bi kasuetan ohartu gaitezke dantzariak gelditzen direla aurreratzeko puntua bukatzean eta edalontziaren gaineko puntua egin aurretik.
  • 02:14 - Puntuen demostrazioarekin bukatzeko, bi dantzariek batera Braletik jauztea dantzatzen dute. Nahiz eta ez den hasierako puntua osoki ikusten, dantzak dituen hiru puntu multzoak argiki ikusten dira hor. Bukaeran ere parte bat falta zaio.
  • 02:44 - Filmea bukatzeko Zuberoako makila-dantza ikusi dezakegu. Hastapenean, Étienne Cazet-ek zamaria kenduta makilgurutzea dantzatzen du. Hori da bi makila luzeak lurrean gurutzatuta egiten den dantza. Lehenik tokian egiten du eta gero itzulika. Gero, txirulari zen Johañe Copen berak, erakusten du makil dantzaren jauziaren partea. Hori da makilak elkar joz dantzatzen den "jauzi sinplea".

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 005. Jean Simon Couchinave, Étienne Cazet, Jean Copen - Sohüta (1963) 
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.