Mariano Izeta mutil-dantzak dantzatzen (1965)

Mariano Izeta (Elizondo, 1915-2001), folklorezale eta dantzari baztandarra agertzen zaigu irudiotan, hainbat mutil-dantzaren aldaerak erakusten. Filme hau, 1965an grabatua izan zen Lekarozko (Baztan - Nafarroa Garaia) kolegioko jostalekuan.
Mariano Izeta mutil-dantzak dantzatzen (1965)
Mariano Izeta mutil-dantzak dantzatzen (1965) © Jean-Michel Guilcher funtsa

Mariano Izeta mutil-dantzak dantzatzen (1965) - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:23 - Muxikoak izeneko mutil-dantza dantzatzen ageri da Izeta ondoko bi minutu luzeetan. Bakarrik ari da dantzan, gainontzeko dantzarien erreferentziarik gabe, beraz, gertatzen zaio, batzuetan, dantzaren norabidea aldatu egiten duela, eta ez dela borobil borobilean ari. Berezko dantzakera erakusten du: besoak zintzilik, puntuak lekuan markatuz… Bideoa moztua dago eta ez ditu dantzaren hastapena eta bukaera erakusten. Mariano Izetak dantzatzen dituen pasarteek puntu hauek erakusten dituzte:

    • Osua, ezker batekin, osua, eskuin batekin. (bigarren errepikapena)
    • Bi urrats, ezker, bi urrats, eskuin batekin. (x2) —Bitxikeria gisa aipa dezakegu lehen hiru urratsetan hatz-klaskak egin beharko lituzkeela eta ez dituela egiten—.
    • Osua, ezker batekin pikatue, eskuin birekin. (x2)
    • Erdizke, hiru urrats, ezker batekin, eskuin batekin.
    • Aitzinet pasa, ezker batekin, gibelat pasa, eskuin batekin. (x2)
    • Aitzinet pasa, ezker batekin, eskuin batekin. (x2)
    • Erdizke, hiru urrats, ezker batekin, eskuin batekin.
    • Osua + aitzinet pasa, ezker batekin, gibelat pasa, eskuin batekin.

      Grabazioa azken aldaera honen bigarren ezker batekin-en ondotik mozten da.
  • 02:40 - Añarxume mutil-dantzaren pasarteño bat dantzatzen du Mariano Izetak. Mutil-dantza hau puntukakoen arteko bat da. Estruktura bera hainbat aldiz errepikatzen du, eta errepikapen bakoitzean bat, bi, hiru, lau edo bost puntu markatzen dira tarteka, gero berriz ere beheraka jaisteko. Irudi du, grabazio pasarte honetan mutil-dantzaren estruktura erregistratzea dela helburua, bigarren errepikapena bukatuta, Mariano gelditu egiten baita eta kamerari so geratzen baitzaio. Pasarte honetan honako puntuak erakusten ditu:

    • (...), ebatsi.
    • Aitzinet pasa, ezker batekin, gibelat pasa, eskuin batekin, puntu bat.
    • Ebatsi, osua, ebatsi, bi puntu. (x2)

      Hemen ere Aitzinet pasa egiten duelarik ez ditu besoak goratzen hatz-klaskak egiteko.
  • 03:04 - Afix zuri batek adierazten digu Añarxume dantzatuko duela jarraian Marianok, baina beste pasarte motz bat da berriz ere. Mutil-dantza hau ere moztua dago eta dantza hasita dagoela abiatzen da sekuentzia. Hau da pasartea:

    • (...) bi puntu
    • Ebatsi, osua, ebatsi, 2 puntu (bigarren errepikapena).
    • Ebatsi, osua, ebatsi.
    • Aitzinet pasa (hemen ere ez ditu besoak goratzen), ezker batekin, gibelat pasa, eskuin batekin, bi puntu.
  • 03:38 - Beste afix batek Xerribegi aurkezten digu. Mutil-dantza hau ere puntukakoa da eta Mariano Izetak puntu bateko urrats segida egiten du kameraren aitzinean. Hauxe:

    • Ezker birekin, eskuin batekin. (x2)
    • Aitzinet pasa, ezker batekin, gibelat pasa, inguru luze.
    • Puntu bat, osua, inguru luze, puntu bat, osua, eskuin batekin.

      Lehen bezala, irudi luke sekuentzia honen helburua, mutil-dantzaren oinarrizko estruktura erregistratzea litzatekeela, hura bukatuta, Mariano kamerara begira geldi geratzen baita.
  • 04:19 - Esan bezala, sekuentzia moztu egiten da, eta Izeta dantzan agertzen zaigu berriz, beste plano batetik hartua. Xerribegiren beste errepikapen bat dantzatzen ageri da orain, bi puntuko aldaera, hain zuzen. Grabazioa dantza hasita dagoela abiatzen da. Hau da filmean ageri den segida:
     
    • Ezker birekin, eskuin batekin.(x2)
    • Aitzinet pasa, ezker batekin, gibelat pasa, inguru luze.
    • Bi puntu.
  • 04:47 - Afix batek Muxikoak iragartzen dizkigu. Hasieratik abiatzen da dantzan Mariano. Bere gibelean, pilotaleku estaliaren azpian, Hélène Guilcher ageri da une batez. Mariano Izetak dantzatzen duen puntu segida hauxe da:

    • Bi urrats, osua. (x2)
    • Aitzinet pasa, ezker batekin, eskuin birekin. (x2)
    • Aitzinet pasa, ezker birekin, eskuin batekin. (x2)
    • Aitzinat pasa, ezker batekin, gibelat pasa, eskuin batekin.
    • Ezker, eskuin batekin.
    • Lau urrats, bide eta osoa. (x2) —lehen bi urratsetan hatz-klaskak egin beharko lituzke eta ez ditu egiten—.
    • Osua, ezker batekin, osua, eskuin batekin. (x2)
    • Bi urrats, ezker, bi urrats, ezker batekin. (x2) —lehen hiru urratsetan hatz-klaskak egin beharko lituzke eta ez ditu egiten—.
    • Osua, (...)

Grabazioa hor mozten da. Berriz ere, mutil-dantza bakarrik dantzatzen ari denez, borobilaren erreferentzia mantentzea kosta egiten zaio Mariano Izetari.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 027. Mariano Izeta mutil-dantzak dantzatzen (1965)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa -  ondoko laguntzaileek emandako informazioetan oinarrituz: Patxi Larralde Elizalde (Etxeberria, Arizkun), Mari Carmen, Mari Paz eta Ana Mari Goñi Agirre ahizpak (Elizaldea, Lekaroz) eta Txarito Iturriria Goñi (Ortiborroa).

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.