Mutil-dantzak Lekarozen (1965)
Mutil-dantzak Lekarozen (1965) - Oharra: bideoa mutua da.
- 00:23 - Lekarozko plaza ageri da, hasteko, festetarako apaindua. Plazaren buruan Plaxa etxea —egun eraitsia—, eta bere azpian, ezpelez atonduriko eszenatoki moduko bat. Musikariak hara igotzen ziren dantzaldia animatzeko. Herriko gazteek (Danbolin-nagusien ardura izaten zen, zenbait laguntzailerekin) muntatzen eta apaintzen zuten eszena. Oronoztik ekartzen zuten ezpel hura. Eszenatokiak agerian uzten digu, beraz, festetan hartutako irudiak direla, eta seguraski, esan bezala, festetako egun handian.
Plaxa etxearen ezkerretan Elizaldea ageri zaigu, eta honen ezkerretan, oraindik, Indartea, iturriaren ondoan (gaur egun Hiru Itturri ostatua dagoen etxea da hau). Plaxa-ren eskuinetan, Iruin etxea. Biak zutik dira egun. Berehala kamara eskuinera biratzen da eta irudiaren eskuin-eskuinean Etxenikea etxea ageri zaigu, ilunago. Etxeen detaile batzuk ageri dira ondotik.
- 00:56 - Lau Danbolin-nagusiak plazara itzulia eginez, eta plaza agurtzen agertzen dira ondotik. Aunitz urtez egiten ari dira, plazako bazterretan eserita dauden herritarrak —tartean poxpolin dantzari gaztetxoak ere— bonetekin agurtuz. Plazaren erdian Maurizio Elizalde txistularia (1915-1992, Martintoneko borda, Arizkun) eta Felix Iriarte atabalaria (1919-2004, Artzea, Arizkun), soinuan. Danbolin-nagusiak ere identifikatu ahal izan ditugu, eta iladan duten ordenaren arabera hauek dira: Juan Angel Goñi (Iturraldea), Bautista Goñi (Etxeberria), Julian Goñi (Etxegaraia), eta Luis Mari Iturriria (Ortiborroa).
- 01:10 - Bonetak batzuek besteenen gainean ipiniz, Aunitz urtez-en ohiko erritua egiten ageri dira Danbolin-nagusiak, batzuk besteei ‘aunitz urtez’ desiatuz eta besteek ‘bertze hainbertzez’ erantzunez.
- 01:11 - Hiru puntukoa dantzatzen hasten dira jarraian lau Danbolin-nagusiak, boneta berriz ere buruan. Planoak moztu egiten dira eta oso laburrak dira. Plazari buelta oso bat eman eta, gainontzeko mutil-dantzariak sartzen dira dantzari sokara, beti ere Danbolin-nagusien tokia errespetatuz —bi Danbolin-nagusi aurrean eta beste bi atzean—.
- 02:22 - Mutil-dantzarietako batzuk ere identifikatu ahal izan ditugu: 3) Julian Maizterrena (Martingoa), 4) Pello Meoki (Lartxea), 5) Florentino Elizegi (Beheitikoxarrea), 8) Pakito Elizalde (Inda) eta 9) Martin Jose Iturriria (Ortiborroa). Dantzari gazteak dira, oro har.
Mutil-dantzari taldeak txukuntasun handia ageri du, bai janzkeran, baita dantzakeran ere. Segur aski, grabazioaz jakitun, taldea aurretik trebatu izanen zen, eta ez gutxi. Trebatzailea Mariano Izeta izanen zen, 02:14 minutuan seigarren tokian dantzan ageri dena eta emaztea lekaroztarra zuena (Gabriela Goñi - Etxegaraia). Taldearen homogeneotasuna hausten duen gertaera irringarria ikus dezakegu momentu horretan berean (02:37). Azken mutil-dantzari adineko bat batzen zaio dantzari, dantzakera libreagokoa duena eta azken tokian kokatzen dena, berez, Danbolin-nagusiari dagokion tokian. Aurrerago kokatzera gonbidatzen dute (02:41). 17 dantzarik osatzen dute mutil-dantza momentu horretan.
Mutil-dantzarien dantzakeran azpimarragarria da, esaterako, Ezker batekin puntua markatzean, itxiera borobilaren barnekaldera nola egiten duten, itzulia gehiegi luzatu gabe. - 03:14 - Xoxoarena dantzatzen ageri dira geroxeago. Irudiotan, Danbolin-nagusien postuak ez dira horren nabarmenak edo behintzat ez dute txapelik janzten. (03:37) Xoxoarena puntukako mutil-dantzetako bat da. Honek esan nahi dut urrats segidaren baitan, momentu jakin batzuetan, puntuak markatzen direla. Erranaldi bakoitzean puntu horiek gehitzen doaz. Irudietan lau puntuko pasartea markatzen dute:
- Erdie piketue, lau puntu (G), erdie piketue, lau puntu (A) (X2)
- Aintzinet pasa (bg), ezker, lau puntu (G), gibelat pasa, eskuin, lau puntu - 04:06 - Ondotik, bost puntuko aldaera ere egiten ageri dira, eta ondoko plano batzuetan, baita beheranzko erranaldiak ere.
- 05:28 - Añarxume dantzatzen ageri dira. Hau da mutil-dantzaren segida:
- Ebatsi, osua bixi, ebatsi, puntu (1, 2, 3, 4, 5, 4, 3, 2, 1) (x2)
- Ebatsi, osua bixi, ebatsi
- Aintzinet pasa, ezker batekin (9. bueltan ezker hirurekin), gibelat pasa, eskuin batekin, puntu (1, 2, 3, 4, 5, 4, 3, 2, 1)
- 6:57 - Azkenik Xerribegi-ren igoera dantzatzen ageri dira. Soma daiteke dantzari guztiek ez zituztela festen aitzinetik mutil-dantza guztiak prestatu, gero eta dantzari gutxiago ari baita batetik bestera, eta gainera, hasierako txukuntasun eta homogeneotasuna pixka bat galdua baitu taldeak.
Gehiago jakin
- Guilcher bilduma 025. Mutil-dantzak Lekarozen (1965)
- Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa - ondoko laguntzaileek emandako informazioetan oinarrituz: Patxi Larralde Elizalde (Etxeberria, Arizkun), Mari Carmen, Mari Paz eta Ana Mari Goñi Agirre ahizpak (Elizaldea, Lekaroz) eta Txarito Iturriria Goñi (Ortiborroa).
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

Xabier Itzainak Jean-Michel Guilcher-ekin ukan bi elkarrizketen zati batzuk argitaratu ditu Dantzan.eus atariak. Solasak Meudon-en iragan ziren, Jean-Michel eta Hélène Guilcher-en etxean, 2008-ko otsailaren 18an eta martxoaren 27an. Euskal Herrian eraman ikerketaren testuingurua azaltzen dute.