Pierre Üthürry eta Alexis Picochet - Barkoxe (1963)

Irudi horiek Xiberoako Barkoxe Herrian, Txapela kartielan filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1963an. Bi dantzari heldu argertzen dira, hiriko jantziekin beztiturik.
Pierre Üthürry eta Alexis Picochet - Barkoxe (1963)
Pierre Üthürry eta Alexis Picochet - Barkoxe (1963) © Jean-Michel Guilcher

Bi horiek ez dira nornahi. XX. mendean, eta batez ere bi mundu gerlen artean, Zuberoan izan diren influentzia handiko dantza maisuak dira: Pierre Üthürry (1892-1975) eta Alexis Picochet (1891-1982). 

Pierre Üthürry eta Alexis Picochet - Barkoxe (1963) - Oharra: bideoa mutua da.

Lehenik, dantzari oso trebeak izan ziren bata eta bestea. Biak Martin Hegobürü-Heguiaphal dantza maisu famatuaren ikasleak izan ziren.

Lehen mundu gerra aurretik. Hegobüru, ainitzek Zuberoako dantza modernoaren aita bezala izendatzen dutena, XIX. eta XX. mendeen loturan eragin handia ukan zuen dantza maisua da. Hain zuzen, frantses armadako erregimentuetan ikasitako teknikaren erakarpenaren bitartez, bertako dantzek beste aurpegi bat hartu zuen garaian. Martin Hegobürü Montpellier hirian 81. Erregimenduan egona zen eta han dantza maisu izendatua izan zen.

Bere aurretik jadanik Barkoxe herriak dantza eskola famatuak zituen: Guilcher-ek dioenez, Johañe Goieneix Gaztelondo auzoan eta plazan Saphiula etxean, aurkitzen ziren orduan erreferentziak ziren dantza eskolak. Hortik hurbil, Eskiulako Ezpelet etxean zegoen beste dantza eskolara joaiteko aukera zuten bertako gazteek 1880 inguruan (La tradition en Béarn et Pays basque français - 308 orrialdea). Horien segidan bere irakaskuntza hedatzeko aukera ukan zuen Martin Hegobürük. Dantza maisu izan zenetik, armadan irakatsitako zorroztasuna zaindu zuen eta aldi berean dantza garbi eta menperatua mantendu nahi izan zuen. Picochet eta Üthürry-k Lehen mundu gerra ondoren haien maisuaren segida hartu zutenean, bertako dantzari alde atletikoagoa eman zioten eta aldi berean dantzaren estetikari aldaketa garrantzitsua ekarri zioten:

"Hegobürük irakatsi zuen tarte luzean, praktika militarretik zekarren estilo neurtua ezarri zuen Barkoxen. Hori guztia gazteriaren eskaeren gainetik egin zuen; izan ere, gazteek efektu ikusgarriagoen bidez nabarmendu nahi zuten. Bi gerren artean Pierre Uthürry eta Alexis Picochet-ek beren maisuaren lekukoa hartu zutenean, luzaroan eutsita egon ziren nahiak askatasunez agertu ziren. Mugimenduen marrazkiari eta posizioen zehaztasunari dagokienez kontzesio nabarmenik egin gabe, estiloak bilakaera izan zuen zabaltasunaren, goratasunaren eta erakustaldi atletikoaren norabidean".
(J. M. Guilcher, La tradition en Béarn et Pays basque français - 313 orrialdea)

Irudi horiek gabatuak izan zirenean, 70 urtetik gora zuten bi protagonistek. Ez da hor agertuko lehen aipatutako dantza atletikoaren erakuspenik, bai aldiz XX. mendeko bi dantzari zuberotar nabarmen helduaroan dotorezia handiz dantzan. Bi jauzi dantzatzen ikusi ditzakegu. Lehenik Aintzina pika edo Marianak eta gero Ostalerrak. Bukatzeko jauzien urratsak banan bana erakusten dituzte hala nola sinple, pika, zeina eta ebats.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 011. Pierre Üthürry eta Alexis Picochet - Barkoxe (1963)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.