Santiago eguna Luzainden: Bolanten dantzak (1965)

Santiago egunaren inguruan ospatzen dituzte Luzaideko festak eta 1965eko uztailaren 25ean Luzaiden hartutako irudiotan bolante talde bat agertzen da, festa egun horren aitzakian dantzan.
Santiago eguna Luzainden: Bolanten dantzak (1965)
Santiago eguna Luzainden: Bolanten dantzak (1965) © Jean-Michel Guilcher funtsa

Santiago eguna Luzainden: Bolanten dantzak (1965) - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:23 - Dantzarien aurretik, baina, festarako apaindutako herriko karrikak eta musikariak aurkeztu dizkigu kameralariak. Luzaideko Elizaldea karrikan den pilota plazako bazter batean eserita ageri da kobre boskotea. Hauxe da egitura: 2 saxo, tronpeta, soinua eta atabala. Lizarrako Alaska orkestrako musikariak dira Crisanto Usua buru (banku erdialdean den saxofoi-jolea). Ez dirudi, ordea, dantzariendako musikan ari direnik. Seguraski, festak alaitzera helduak dira.

  • 00:30: - Pilota plazaren plano zabalagoa agertzen da. Elizaldea karrikaren parte bat ageri da eta frontoiaren errebotean jarritako harmailak ere, denak jendez mukuru beteak. Karrikako ikusleak zerbaiten zain daudela dirudi. Berehala argituko da gure zalantza, makilaria, gorriak eta bolantak agertuko direnean karrikan behera, martxa dantzatzen. Makilariak kemenez biratzen du makila. Garaztarra omen da makilaria, garai hartan Luzaiden ez baitzen makilaririk. Bere gibeletik datoz bi gorriak: Mauricio Herrera (Pramuño etxea) eta Pedro Jesus Etxeberri (Putila etxea), Luzaideko bandera eta ezpata eskuetan harturik daramatzatela. Haien ondotik, hiruna bolanteko bi lerro, antrexataka eta itzulika. Denak identifikatu ahal izan ez ditugun arren, hauek ezagutu dituzte gure informatzaileek: Patxi Arrikaberri (Argina etxea), Erramun Auzki (Madaritx), Patxi Barrenetxe (Mikelao), Pedro Mari Hualde (Bordda)?, Geronimo Lopez (Inocente). Bi lerroen erdian Teodoro Etxeberri (Putila etxea) soinujole luzaidarra (Pedro Jesusen anaia). Miguel Angel Sagasetaren arabera, askotan lagundu izan zituen bolantak, eta 50 urtez dantza-jauzien ezinbesteko laguntzaile izan zen.

  • 00:54 - Plano laburrago batek bolant-dantzako urratsak xehetasunez erakusten dizkigu. Gorriak doaz aitzinetik, bolantak gibeletik. Kontrapasen ondotik, Sagasetak gibelka deritzon urratsa egiten dute, manera sinplean, gorputzaren ardatzetik kanpora ateratzen duten zangoak zoruan pikatzerik egin gabe, alegia.

  • 01:18 - Dantzarietako batzuk —gaztexeenak?—, bolant-dantzako antrexatak kolpe bakarrarekin egiten dituzte, beste batzuek aldiz, birekin.

  • 01:36 - Bolantak eta gorriak Antrexatak dantzatzen agertzen dira, pilota plaza eta karrikaren mugan —irudia zeharkatzen duten garaiko autoek salatzen duten bezala—. Irudiaren goiko eta eskuineko iskinean, makilariak makilari eraginez laguntzen du dantza. Dantzakera bizia erakusten dute dantzariek, baina norberaren estiloari ere bidea emanez. Horren adibide, bigarren bolantak azken saltoan egiten duen aixtur edo zango irekitze txikia.

  • 01:46 - Makilaria ageri zaigu pilota-plaza erdian Makilariarena dantzatzen, atzean bolantak so dituen bitartean. Makila zinta zuri eta koloredunez apainduta dago, eta puntetan kolore berdinetako lihazkiz edertua da. Irudi luke, makilak ez duela biraketan lagunduko duen kontrapisurik puntetako batean.

  • 02:39 - Beste kamera batek hartutako irudiak dira oraingoak. Planoa zabalagoa da eta irudiak koloretan ageri zaizkigu. Bolant-dantza dantzatzen agertzen dira makilaria, gorriak eta bolantak. Haien gibeletik, oinez, eskuetan uztai apainduak daramatzaten poxpolinen taldea ikusten ahal dugu. Alaska orkestrako musikariak ikus ditzakegu planoan. Ez dirudi jotzen ari direnik, beraz, dantzariak Teodoro Etxeberri soinulariak lagunduta ari direla ondoriozta dezakegu.

  • 02:58 - Sorginak dantzatzen ageri dira dantzariak. Bi lerrotan kokatuak dira, denak karrika-aldera begira. Dantza hau, Euskaldunak-ekin batera, Faustin Bentaberriren moldaketa dela gogoratuko dugu (1927 urte inguruan atondu zituen). 1929an Bartzelonako Nazioarteko erakusketan dantzan izan ziren luzaidar dantzariak eta kronikek diotenez, han Sorgin-dantza dantzatu zuten. Bidaia hartatik bueltan, igandeko dantzaldia geldituta, herrian dantzatu zituzten eta ordutik dantza biziki estimatuak izan dira Luzaiden.

  • 03:27 - Dantza-jauziak dantzatzen agertzen dira bolant zein gorriak. Bitartean, makilariak, makila dantzatzen du borobilaren erditik. Luzaiden ohi dutenez, antrexataka dantzatzen dituzte dantza-jauziak. Lehen gertatu bezala, dantzarietako batzuk kolpe bakarreko antrexatak egiten dituzte, beste batzuek berriz, bi kolpekoak. Sekuentzia labur eta moztuetan grabatua da dantza-jauzia eta horrek zaildu egiten du bere identifikazioa. Urrats aldaera batzuk ikusita —zote, erdizka, dobla, erdizka / erdizka, dobla, erdizka (x2) erdizka lauetan— Muxikoak izan daitekeela iruditu zaigu.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 024. Santiago eguna Luzainden: Bolanten dantzak (1965)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa - ondoko laguntzaileek emandako informazioetan oinarrituz: Santi Garriz (Luzaide) eta Peio Kamino (Luzaide). 

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.