Zazpi jauziak - Lekorne (1972)

Dantza-jauziak dantzatzeko izan diren dantzakera anitzen erakusgarri oparoa da honako filmaketa. Kokapen zehatza adierazten digun xehetasunik ikusten ez badugu ere, Lekorneko irudiak omen dira, Guilchertarren oharretan ikusi ahal izan dugunez.
Zazpi jauziak - Lekorne (1972)
Zazpi jauziak - Lekorne (1972) © Jean-Michel Guilcher funtsa

Hainbat lagunen urrats aldaerak xeheki erakusten dizkigute irudiak. Zazpi jauziak dantzatzen ari dira, oharrek diotenez.

Zazpi jauziak - Lekorne (1972) - Oharra: bideoa mutua da.

 

  • 00:23 - Urrats segida baten erdian abiatzen da grabazioa. Zazpi jauzien segida hau bada:
    • Lauetan erdizka,
    • Jauzi, erdizka, dobla, erdizka.

Azken aurreko erdizkaren itxieran abiatzen dira irudiak. Dobla eta azken erdizka osorik ikus ditzakegu, hartara. Dantzariak nahiko pilatuta daude. Dantzari berriren bat ere sartzen da taldera, eta hortaz, dantzarietako batzuek ez dituzte urrats guztiak egiten, eta erdi geldian daude lehen momentu horietan, pilaketak trabatuta. Alta, lehen erdizkaren itxiera azken urratsa gibelduz egiten dutela konturatzen ahalko gara. Amikuzeko urratsak ixteko manera gogorarazten ahal du horrek.

Dantzarietako batek baina, zapatetan apaindura zuriak dituenak, dantzari jarraitzen dio uneoro, eta bere urraskera ikus dezakegu. Dobla itzuliz egiten du eta bere zortzi urratsak horrela markatzen ditu:

    • Bi urrats luze
    • Hiru urrats motz eta laugarrena doblatua, ondoko erdizka kanpoko zangoarekin abiatu ahal izateko.

Azken erdizka kolpean ixten dute denek, jauziak egin ahal izateko. Dantzaren hirugarren bueltan direla ageri zaigu, zapata zuridun dantzariak saltoka salatu digunez. Jauzi guztiak bata bestearen ondotik egiten ditu, bakoitzaren tartean hatsik hartu gabe.

  • 00:31 - Planoa ez da aldatu. Dantzariek tokia hartu dute eta denak ari dira dantzan orain. Dantzari zapata zuridunak bereganatu du berriz kameraren atentzioa. Erdizka sinpleeagokoekin batera, loratuagoak ere egiten ditu, esaterako erdizka lauetan-eko azkena. Bere eskuineko dantzariak dantzakera saltarinagoa du erdizketan. Hurrengo segidan (jauzi-erdizka-dobla-erdizka), jauzi eta dobla itzuliz egiten ditu zapata-zuridun dantzariak. Besteak, aldiz, tartekatzen ditu apaindurarik jabeko jauzia eta dobla itzulia. Bukaerako saltoak berriz ere hatsik hartu gabe egiten dituzte biek.

  • 00:51 - Mozketa bat dago grabazioan eta orain beste dantzari multzo bat erakusten digute irudiek. Batzuek galtzak daramatzate, beste batek behintzat, gona. Dantzakera aberastasun handia antzematen dugu. Erdizketan, zenbaitzuk dantzakera saltarinagoa dute, besteek idorragoa, batek urrats bakoitzaren amaieran entrexat erdia egiten du bi zangoak elkar joz. Denek ixten dute urratsa gibel aldera, lehen esan bezala. Jauzi eta dobletan, oinarrizko aldaera egiten dute batzuek, eta besteek aldaera loratua, urratsa itzulian eginez. Bukaerako saltoetan, anarkia dezentekoaren baitan, dantzarietako baten urratsen pikatzeak deitzen du arreta. Sei salto zenbatu ditugu; azkenaurreko bueltan dira, beraz. Ondoko bueltaren lehenengo urratsak ere erakusten dizkigu irudi hartzaileak.

  • 01:19 - Mozketaren ondotik, apaindura zuriko zapatadun dantzaria erakusten digute berriz. Ondoan ditu beste zenbait dantzari, batzuk galtzadunak, besteak gonadunak. Kamerak panoramika bat egiten du eskuinera eta hamabi dantzariren oin eta urratsak erakusten dizkigu, anabas zoragarrian. Jiratutako doblak, salto batez itxitako urratsak, urrats saltatuak, urrats pikatuak… ez daude berdin dantzatzen duten bi lagun. Kontuak ongi egin baditugu, Zazpi jauzietako azken saltoak beharko lukete bukaerakoek.

  • 01:36 - Baina dantzariek dantzan segitzen dute. Zazpi jauziak egin eta beheruzko itzulia (zazpitik batera) egiten ariko dira, mutil-dantzetan mantendu izan den bezala? Lau salto egiten dituzte segidaren bukaeran. Urratsei dagokionez, lehenago ere aipatutako aberastasunak eta ustezko dantzakera anabasak kontraste egiten du dantzarien sinkronizazioarekin. Dantzariek, segidaren bukaeran hiru salto egin dituztenean moztu da grabazioa.

Gehiago jakin

  • Guilcher bilduma 022. Zazpi jauziak - Lekorne (1972)
  • Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur fundazioa.

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.