Sara, ikerlan etnografikoa
Euskal kultur erakundeak, Sarako Herriko Etxeak eta Barandiaran Fundazioak José Miguel de Barandiaran antropologo eta etnografoaren Bosquejo etnográfico de Sara liburuaren euskarazko eta frantsesezko itzulpena ekoiztu dute.
Joxemiel Barandiaran Ipar Euskal Herrian (1937-1953)
Joxemiel Barandiaran Ipar Euskal Herrian (1937-1953) Miarritzen eman zen bizitzen 1937an eta guti ezagutzen zuen eskualde honetan ikerketa prehistorikoak nahiz etnografikoak bai eta Euskal Folklore laborategiko lanak Frantziako Museoen dirulaguntzaz eraman zituen, hala nola Donoztirin, Heletan, Iholdin, Uhartehirin, Gameren eta Liginagan egonez herri horiei doazkien lan etnografikoak burutu zituen. 1940. urte bukaeran Saran kokatu zen (6 urtez Ibartsoroberrian, Cécile Coucke « France Adine » idazlearen etxean eta 1947tik 1953ra Bidartean Antonio Labaienen familiarekin batera), 1953an Ataunera itzuli arte.
"Bosquejo etnográfico de Sara"
Saran zegoenean landu zuen ipar Euskal Herriari buruzko ikerketa osatuena : Bosquejo Etnográfico de Sara. Ordukoa da ere De antroponomía vasca : los nombres de familia de Sara eta Notas sobre los curas de Sara durante la Revolución. Lan horiek espainieraz idatzi zituen eta beste batzuk, hala nola Le calendrier traditionnel de Sare frantsesez. Gaztainaldea etxean eskuratu euskal kantutegia osoki kopiatu zuen eta Amodiozko Kantuak izenpean argitaratu. 1948an osatu zuen Urepeleri buruzko azterlan etnografiko laburra eta Sara Herriarekin lotura handia duen Zugarramurdikoa idatzi.
Bertze lan askori lotu zen : ikerketa prehistoriko eta arkeologikoak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan eraman ; Behe Pirinioetako Monumentu Megalitikoen inbentarioan parte hartu (Frantziako Hezkuntza Ministerioaren aginduz eta Monumentu Historikoen Batzordekide izanez) ; Frantziako Museoen arduradun gisa lan egin ; 1946an Ikuska, Euskal ikerketarako Institutua sortu eta Ikuska izeneko aldizkaria argitaratu, bertan 1946-1951 urteetan ikerlan zientifiko nagusi asko publikatuz ; Euskal Ikerketarako Nazioarteko Elkartearen (S.I.E.B.) bidean eman eta lehendakaria izan ; Eusko-Jakintza aldizkaria kudeatu. Elkarte honen eraginez Miarritzen, 1948. urtean, ospatu zen Eusko Ikaskuntzaren VII. Kongresuaren antolakuntzan eragile eta lehendakaria izan zen. Kongresu hau, hain zuzen, 1936ko gerlak indargabetu zuen euskal kulturaren berrabiatzean garrantzi handikoa izan zen. Lan horiek guztiak, lehenik Cuadernos de Eusko Folklore aldizkarian argitaratuak izan ziren, 1957. urtean hasirik, eta ondotik Obras Completas liburukietan.
Sarari doakion lan mardula, Bosquejo Etnográfico de Sara, 2000. urtean, Barandiaran Fundazioak argitaratu zuen, baina ez osorik, VIII/XIII kapituluak falta baitziren. 2011. urteko edizio honek kapitulu guziak dauzka.
Jean Aniotzbehere, Sarako auzapez ohia izan da frantseseko itzulpena egiteko proiektua abiatu zuena eta azkenean, aurtengo Idazleen Biltzarrean atxematen ahalko da Kattalin Totorika-k egin itzulpen lanari esker.
Bestalde, Euskal kultur erakundearen nahikariari jarraikiz, Jesus et Jon Aizpurua-k euskarazko itzulpenaz arduratu dira.
Mikel Duvert, Lauburuko kidearen lana guztiz aipagarria izan da, argitalpena osatzen lagundu baitu, baina Erramun Bachoc, Xabier Elosegi eta Pantxo Michelena-ren lana ere biziki garrantzitsua izan da oren ainitz eman baitituzte obra honen euskarazko eta frantsesezko bertsioen berrikusten eta egokitzen.
Liburu bakoitza 20 eurotan erosten ahal da Barandiaran Fundazioari manatuz, Euskal kultur erakundearen egoitzan baita liburu dendetan.
Xehetasunak :
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)