Graxiana Castillon

Graxiana Castillon

"Ez baldin bazen ondare immaterialik, kulturarik ez zen izanen. Eta zer izango ginateke, ordenagailu bat?"

  • LaukitikAt
  • 2021/07/20
  • Hizkuntza: Euskara

Eskiulako sortetxea, kultur etxe aproposa izan du Graxiana Castillon-ek (Eskiula, 1994), txikitatik etxekoekin euskaraz mintzatzeko zein Xiberoako kantak eta entrexatak ikasteko. Geroztik, ikuskizun eta kultura proiektu anitzetan ari da antolaketan zein oholtza gainean. Maulen ireki berri duen "Xirikota" gasna saltegian, dantzaz, emazteen lekuaz, kulturaren transmisioaz edota haren karaktereaz aritu zaigu dantzari-saltzaile nekaezina.

Entrexatak egiten ikasi omen duzu ibiltzen ikasi aitzin?

Ni Eskiulakoa naiz eta egia da dantza txikitatik ikasi dudala nire aitañirekin, hura betidanik egon da dantzatzen eta nire osaba ere bai. Dantza eta kultura giroan handitu naiz etxean, nire burasoak ere kantuz ari baitira... Baina egia da aitañirekin bereziki beti ukan dugula dantzari buruzko harreman hori, beti entzun dut erraten: "Ez baldin badun entrexatak eta dobleak egiten botekin ez din balio aritzea", beti izan da konplizitate hori eta gaur egun beti, biziki hurbiletik segitzen du egiten dudan guztia.

Elkarrizketaren bideoa

Euskara txikitan ikasi duzu ere?

Eskiulan nire anaia eta biok gara euskaraz ari garen gazte bakarrak, gure adinekoetan ez da besterik, horrela da.

Bai euskara etxean ikasi dut izan ere ikastola Eskiulatik urrun zen biziki, beraz Eskiulako frantses eskolara joan nintzen eta gero Oloroeko eskolara, Biarnorat, Eskuila mugan baita. Euskara txikitatik  ikasi dut baina haurtzaroan izan da garai bat zeinean ez nuen euskaraz aritu nahi, "Moi pas de euskara" errepikatzen nuen egunero. Eskolan, ez nituen besteak ongi ulertzen frantsesez ari zirenean eta hutsune bat egon zen. Orduan frantsesa ikasten hasi nintzen eskolan eta horrek ekarri zuen luzaz hitzik ez nuela erraten euskaraz. Geroago berriz, ohartu nintzen euskara ments nuela, faltan botatzen nuela, bereziki nire anaia sortu zenean eta Xiberoan gaindi jende gehiago gurutzatze nuenean. Geroztik euskaraz ari gira beti etxean, familia guztiarekin.

Kantatzera ere ateratzen omen zara oholtzara.

Bai txikitatik biak egin ditut, kantua eta dantza. Nire amak kantatzeko klaseak ematen zituen neskenegün goizero, oren bat kantu eta oren bat dantza. Nire burasoek bestalde, Laguna taldearekin, astebururo kontzerturen bat ematen zuten Xiberoan gaindi, orduan astebururo herriz herri ibiltzen nintzen ni ere, plazan lehen lerroan, nire bankuan, burasoei so eta ikasten.

Xiberoko ia herri guztietan bada dantza eskola bat, irakasle eta ikasle andanarekin.

Gero Eskiulan, 18 urterekin maskarada bat egin genuen eta ikusgarriak eskaintzen hasi nintzen nire herrian, Xiberotik anitz ibili naiz ere sorkuntza ezberdinetan parte hartuz. Adibidez Berritza Konpainiarekin Bakuna Show, Üda batez, ikuskizunetan eskaini genituen, hor dantza garaikidea sartu genuen, Xiberotar dantzarekin uztarturik. Baküna Show sorkuntzan xiberotar dantza nagusi zen baina gauza berria zen guretzat halere. Fábio Lopez koreografoarekin urrunago joan ginen dantza garaikidean eta galdu egin ginen ere pixka bat, galderak sortzen hasi ziren, ala nola noraino joan nahi genuen dantza garaikidearekin, gure urratsak zertan gelditzen ziren, gu zertan ginen, muga nun ote zen... Hor ohartu nintzen gure xiberotar dantzak zerbait galtzen zuela garaikidea gehiegi sartuz geroz. Nik dantza garaikidea maite dut baina gure kultura salbatzeko eta urrunago joan arazteko ez dakit muga non den eta noraino joan daitekeen, ez da errexa.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Ondare immateriala atxikitzea inportantea da?

Emazterik gabe, gaur egun, Xiberoko dantzak galduak egongo ziren.

Ez baldin bazen ondare immaterialik, kulturarik ez zen izanen. Pertsona fisikoak izanen ginen baina ez ginen deus izaten ahal. Enetako agian izugarri indartsu da, Xiberoan horrela bizi baikara, nire bizia, dantzaren, kanten, hizkuntzaren inguran egiten da osorik, nire bizia horrela ikusten dut eta nire lagunena ere. Beste herrietan ere, Frantzian adibidez, kultura oinarrizkoa da jende anitzendako. Hori gabe ez gira deus izaten ahal eta galtzen bada, zer izango ginateke? Ordenagailu bat? Adibidez, Eskiulan ikusten dut maskaradarik edo pastoralarik ez dela gehiago izanen eta hor ikusten dut gure kultura, ondare immateriala galtzen ari dela amiñi bat; helbururik gabe, ikuskizunik gabe jomugan, dantza eta musika, antzerkia galtzen ari dira, eta ondorioz dantza edo kantu kurtsoak ez dira segiko haurrentzat.

Tristezia puntu bat ageri zaizu Eskiula aipatzean?

Eskiulan beti izan duzu bultza zerbait herrian, gero konfinamenduarekin egia da gauza anitz aldatu dira eta horrek agian, sentimendu bitxiak sorrarazi ditu; agian horregatik nahiko ezkor hitz egiten ari naiz. Behar bada mundua berriz normaltasunez hasiko delarik, gauzak berriz abiatuko ditugularik, lasaiago egonen naiz. Eskiula Biarnorekiko mugan izanki, badira jende batzuk euskal kulturari lotuak baina beste batzuek batere ez. Errealitate hori, Euskal Herria osoan gertatzen da funtsean, baina egia da mugan izateak eragin handiagoa dakarrela alde anitzetarik. Orduan bai agian berriz gerta daiteke maskarada edo pastorala antolatzea, baina behar da lan azkar bat eraman. Gero egia da ni ez naizela Eskiulan gehiegi egoten orain, saltegia Maulen dut, bertan bizi naiz eta anitz mugitzen naiz Xiberoan gaindi. Egia da bertan egonik gauzak egin ditzakegula. Euskararekin ere gauza berdina erran daiteke, Eskiulan nire anaia eta biok gara euskaraz ari garen gazte bakarrak, gure adinekoetan ez da besterik, horrela da.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Gazteak inplikatzen dira gaur egun kultura ekintzetan?

Ez baldin bazen ondare immaterialik, kulturarik ez zen izanen. Eta zer izango ginateke, ordenagailu bat?

Ez dizut ezetz erranen, horretan ari naiz eta! Bai Xiberoko ia herri guztietan bada dantza eskola bat, irakasle eta ikasle andanarekin, sorkuntza asko egiten dira ere eta horrek bultzatu ditu gazteak azken urteetan, gogoa piztu zaie ikusiz zer egin daitekeen, bai ikusgarri tradizionaletan edo sorkuntzan,  gauza xumeak lagun artean edo ikuskizun handiagoak ere. Urtero ere badira maskarada, pastorala, urtero herri batek bere gain hartzen du hitzordu handi horien antolakuntza, karraskan lan eginez, kantak, dantzak ikasten, jantziak prestatzen eta horrek bultza zerbait ematen du beti. Beti bada norbait ideia polit batekin heldu eta hop! lagun artean muntatzen dugu. Anitz gara hemen lurralde honen alde, gauzak bultzatu nahi ditugunak.

Lan arloan, gaixoak artatzetik gasnak saltzera pasa zara.

Hastapenean ez nuen pentsatzen euskara hainbeste erabiliko nuenik saltegian.

Lehen lehenik, euskal fakultatean egon nintzen euskal ikasketak egiten eta gero erizain izateko ikasketak egin nituen baina nire gogoan betidanik nahi izan dut ostatu bat zabaldu. Gero egia da ostatua lan gogorra dela, orduan hasi naiz ikusten zer saltegi falta zen Maulen eta gasnategia irekitzea erabaki dut. Gero egiazki maite dut arlo hori izan ere nire aita eta amak laborari dira, mundu hori ongi ezagutzen dut. Bestalde, Xiberoan lan egitea, arrunt normala da niretzat, ez baitut nire burua beste inon ikusten!

Saltegiaren izenaz, aitari laguntza galdegin nion hautatzeko, kantuen hitzak idazten ohitura baitu, eta "Xirikota" proposatu zuen. Orduan anaiak harriturik erantzun zuen xirikota zerrien bazka zela! Baina egia da "Xirikota" hitza belarrira eder dela, orduan ados jarri ginen. Hastapen batean "Jin, jan, jun" izena jarri nahi nuen, nire burasoek anitzetan errepikatu didaten erranaldia alegia, nire karakterea erakusten baitute nolazpait, jitea, jatea eta joatea hiru hitz horiek. Azkenean, luzeegi zenez, lelo gisa atxiki dugu saltegian jartzeko eta "Xirikota" izena jarri ate gainean. 

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Euskara jakitea inportantea da dendari izateko Maulen?

Bai enetako inportantea da eta hastapenean ez nuen pentsatzen hainbeste erabiliko nuenik egunean zehar izan ere jendeak euskaraz ari naizela jakitean, saltegian sartzen direnean egün hon batekin agurtzen naute ia beti eta ez bonjour, eta ni kontent nauzu! Gero komunikazio elebiduna egitea beti ez da errexa, sare sozialen kudeaketak ere denbora ainitz hartzen du. 

Dantzari, kantari enpresari... Haize feministak Xiberoa jo du?

Dantza eta kultura giroan handitu naiz etxean, nire burasoak ere kantuz ari baitira.

Ez da bortxaz aldarrikapen bat, nire karakterea da, horrela naiz, ez dut deus berezirik xerkatzen, jiten den bezala egiten dut. Gero Topa Noka ikuskizuna lehena izan da emaztearen lekuaren gaia jorratzen, emaztea dantza munduan zein gizartean, eta egia da horren aitortzea eta plazan ematea inportantea izan dela, jakinez xiberotar dantzan emazteak ez zuela batere lekurik lehen eta jakinez ere emazterik gabe, gaur egun, Xiberoko dantzak galduak egongo zirela. Egia da bestalde, ikusgarri hori landuz, argazkiak so eginez, elkarrizketak entzunez, emazteei buruz gauza anitzez ohartu ginela. Publikoaren erreakzioetan, emazte anitzei biziki eder iruditu zitzaien ikuskizuna eta eskertu gintuzten hori eginik; gizonek aldiz… ez dut deus gogoan, edo bai, nire aitañi biziki kontent jarri zen. Orduan, bai horren erraitea plazan biziki inportantea izan da, baina gero nik nire bizian ez dut hori aldarrikatzen, justu egiten dut pentsatzen dudan bezala.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Proiektu berezi bat daramazu buruan?

Proiektu anitx ditugu esku artean, adibidez, Topa Nokarekin ikusgarri berri bat ari gara prestatzen, beste frustrazio bati buruz ariko gira, erritmoari buruz alegia. Erritmoa, urratsa, txikitatik dugun bizi erritmoa, sentimenduen erritmoa, mundializazioak dakarren erritmoa, hain zuzen ere konfinamendu denboran hautsi den erritmo hori eta zer gertatu den garai horretan. Ohartzen gara munduak eta mundializazioak erritmo bat inposatzen digutela, bada gauza anitx errateko gai horri buruz, frustrazio batetik, sortzeko ideia etorri zaigu.

Ohartu nintzen gure xiberotar dantzak zerbait galtzen zuela estilo garaikidea gehiegi sartuz geroz.

Gero Berritza elkarteaz berriz arduratzea erabaki dugu lagun batekin. Gazteriarekin lan egin nahi dugu ekintza kulturaletan inplikatzeko gogoa ukan dezaten; adibidez lan bat eramaten dugu irakaskuntza eta praktika gehiago hedatzeko, antzerkia, dantza, musika, kanta hedatzeko eta egituratzeko. Gero produkzioa edo koprodukzioak nola eramaten diren bolondres gisa ikasteko lan eginen dugu. Hirugarren arloa izango da talde ttipien eramatea, adibidez, talde ttipian nola hasten den ikusgarri bat, diru laguntzak galdegiteko, sorkuntza bat idazteko, muntaketa egiteko, musika jartzeko eta abar. Urrats horiek eramateko laguntza ekarri nahi diegu kulturan mugitu nahi diren gazteei. Nonbait guri hainbat jendek eskaini digun laguntza guzti hori gibel eman nahi dugu orain, transmisio lan hori eraman behar dugu absolutuki, ez dadila zilo bat egon. Lan egin behar dugu horren inguruan, enetako izugarri inportantea da ematea gibel ukan dudana.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Covid garai arraro horiek nola bizi dituzu?

Nonbait guri hainbat jendek eskaini digun laguntza guzti hori gibel eman nahi dugu orain.

Aski gogor izan da, beharrik sorkuntza bat bagenuela buruan eta hasi garela sortzeko lanetan. Berritza berpizteko lanak aitzinatzeko baliatu dugu ere denbora hori eta uste dut horri esker ongi pentsatu dugula elkartea eta lana ongi eraman dugula. Gero Covid garaiko beste aspektu guztiak gogorrak izan dira, guztiak galtzen ari ginen. Niri pertsonalki gertatu zait pentsatzea: "Zer naiz eta zertan ari naiz? Lana ados, baina gero?" Hor egiazki ikusi dut ondare immaterial horren inportantzia, egin beharreko lanetatik aparte, pertsonak egiten gaituzten gauza horiek gabe, kanta, dantza gabe ezer gutti garela. Zinez galdua nintzen. Gero, indarrak berriz hartu ditugu, maskarada bat izan da ere, klandestinoki eramana, eta emeki berriz kantatzeko parada ukan dugunean, deus ez dugula galdu ohartzean, lasaitu gira.

© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
© LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Bizitzan betetzeko asmoa duzun ametsik?

Anitz gara hemen lurralde honen alde, gauzak bultzatu nahi ditugunak.

Amets bat banuen 18 urtetan, dantzari profesionala izan nahi nuen, salbu hemen izatez, ohartu nintzen ez zela gauza errexa, urrun zela nire hemengo bizitzatik. Orain ez dut dolu, nire bidea atzeman baitut eta egunero dantza egiteko parada baitut hemen... Halere, Berritza elkartearekin lan hori eraman nahi dugu, alegia hemengo gazte batek nahi badu dantzari dedikatu, laguntzeko egon nahi dugu errextasunak emateko.

Bestela, kultura luzaz bizi dadin eta euskara ere bizi dadin, hori da nire ametsa.

Aipatu ez dugun gai bat bazenuke bukatzeko?

Ez, itzulia eman dugula uste dut.

Elkarrizketa gehiago

Urtzi Etxeberria

Urtzi Etxeberria

"Hizkuntzaren esanahia ikertzen duen atalean ari naiz lanean, hau da norbaitek esaldi bat botatzen duenean, hura nola interpretatzen edo ulertzen dugun"

Maiana Aguerre

Maiana Aguerre

"Kabalkadari esker harremanak sortzen dira, gazteak mugitzen dira eta zaharrak are gehiago"

Mathieu Vivier

Mathieu Vivier

"Uste dut artearen berezko ezaugarria dela arimari aritzea, arrazoinamenduaren gainetik egotea"

Elkarrizketa gehiago