Sustrai Colina

Sustrai Colina

"Bertsolaritza bat-bateko lan bat da, baina atzetik elikatzea eskatzen dizu"

  • LAUKITIKAT
  • 2022-07-02
  • Hizkuntza: Euskara

Ohi ez den bezala, Bidasoa ibaia zeharkatu eta Nafarroako bidea hartu dugu aldi honetako lekukotasunaren bila. Sustrai Colina (1982, Urruña) bertsolariak, Urruña utzi eta Iruñea hautatu du bizileku, familiaz inguraturik. Errotxapea auzoko Bertsozale elkartearen egoitzan, biziaren aldaketez, bertsolaritzaz, inspirazioaz, aktualitateaz eta Belate gaineko argi ezberdinez hitz egin digu, goxo eta zintzo.

Urruñako Sustrai Iruñean ... Hizki pare bat bizilekuaren izenean eta zer gehiago aldatu da zure bizian?

Nire bizitzan gauza asko aldatu dira. Ez dira behar bada hain agerikoak, baina niretzat ere denbora pasatzen da eta aldatu zaizkit kezkak, aldatu zait bizimodua. Nahiz eta plazaz plaza segitzen dudan, oholtzatik beherakoa aldatu da. Bi seme ditut. Hiriz aldatzeak ere inguru berri bat ematen dizu eta horri begiratzeko beste toki bat ere bai. Eta gauza guzti horien baturak eragina du oholtza gainean egiten dudan horretan. Hori guztia aipatu gabe pandemia bat pasa berri garela eta gauza guzti horiek. Denbora niri ere pasatzen zait eta munduak ni ere aldatzen nau.

Elkarrizketaren bideoa

Nolako bizimodua duzu hiriburuan?

Denbora niri ere pasatzen zait eta munduak ni ere aldatzen nau.

Kasik Urruñan neuzkan lanak dauzkat. Bertsotan ibiltzen naiz batetik bestera eta etxetik egiten diren lantxo batzuk segitzen ditut. Gidoiak egiten ditut Ene kantak telebista saioarentzat eta tarteka sartzen zait elkarrizketa eskaeraren bat edo beste lan puntualen bat. Hemen gero, haurrekin nabil batetik bestera. Beste inguru bat da eta inguru horrek, uste dut lehen kanpotik ulertzen ez nituen gauza batzuk ulertarazten laguntzen nauela, eta lehengoa beste begi batzuekin, distantzia batetik ikusten ere laguntzen nauela. Bestela biziki bizi modu arrunta dut. 

Zein dira hemen aldatu zaizkizun perspektiba horiek?

Kanpotik begiratzen diozunean gizarte bati, nahi gabe topikoetatik, medioetatik elikatzen zara edo zu egon zarenetan pertzibitu dituzun gauzetatik. Iruñeak bere onerako eta txarrerako baditu topiko batzuk, batzuk egiak direnak, beste batzuk ez hain egiak. Zu horren parte bihurtzen zarenean ohartzen zara gauza batzuk hala direla, baina ere hemen jendea bizi dela. Horrek suposatzen du elkarrekin egotea eta gauzak konpartitzea, nahiz eta topikoaren arabera, oso politikoki bi muturretara eramandako bi bandetan egon.

Sustrai Colina © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Sustrai Colina © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Urruñari buruz ere iritzi ezberdina dut orain. Ez hobea ez okerragoa, baina lehen konturatzen ez nintzen gauza batzuk distantziatik ikusten ditut orain. Gero konturatzen zara ustez hain ezberdinak diren bi herri ez direla hain urrunak. Adibidez elkarrekin bizi nahi horretan, nola bi mundu dauden elkarrentzat existitzen ez direnak eta era berean nola elkartzen diren bai hemen eta bai han. Adibidez, han edo hemen urtetan pentsatu da Herriko Etxe abertzale bat ukaitea ez zela posible eta azkenean bietan gertatu da. Orduan uste genuenean oso guti ginela, ba agian oker ginen. Eta hain guti ez izate horretan, non amore eman behar izan dugun eta non ez. Problematika guzti horiek ikusten dituzu.

Zerbait bereziki falta zaizu handik hemen edo alderantziz?

Nire bikoteak irri egiten dit, Iruñetik Urruñara, Belateko tunela pasatzen dugunean, argia aldatzen dela erraten diodalako beti. Hunkitzen naiz horrekin eta uste dut ezin dutela ulertu. Gehien faltan botatzen dudana argia da, bai. Bestela hiriguneak badauzka gauza onak eta txarrak. Landaguneak bezala funtsean. Ez naiz inoiz izan bata ez bestea idealizatuzalea. Urruñan oso gustura bizi izan naiz eta biziko nintzateke berriz. Eta hemen, oso gustura bizi naiz eta ez dut aldatzeko asmorik. Gero ez dizut ukatzen konfinamendu garaia Urruñan gusturago pasako nukeela, nahiz eta han ere jende batek konfinamendua 30 metro koadratuko pisu batean pasa duen. Baina bai, argia da ezberdina.

Nolakoa da bertsolari baten entrenamendua?

Bertsolaritza bat-bateko lan bat da, baina atzetik elikatzea eskatzen dizu. Niri behintzat galdetzen dit asko pentsatzea, gauza batzuk pixka bat automatizatuak izatea.

Saiatzen naiz egunero denbora bertsolaritzari eskaintzen. Azkenean, bertsolaritza bat-bateko lan bat da, baina atzetik elikatzea eskatzen dizu. Niri behintzat galdetzen dit asko pentsatzea, gauza batzuk pixka bat automatizatuak izatea, gaia jartzen didaten berrogei segundu horietan erabaki ahal bezain onak hartzeko. Lana eskatzen du horrek eta batez ere espazio mentala, arreta. Saiatzen naiz hori zaintzen. Gaien inguruan zer pentsatzen duzun garbi eduki behar duzu. Gizartea ulertu nahi izatea, jendearen emozioak eta beharrak zeintzuk diren identifikatzen saiatzea. Zure mezuek bat etorri behar dute zurekin, baina ez duzu ahaztu behar jende batengana bideratuak direla eta zubi hori etengabe elikatu behar duzu. Izan ere, etengabe aldatzen da hori, zu aldatzen zarelako, gaiak aldatzen direlako, adinarekin ere ñabardura batzuk ikusten dizkiezulako. Gauza horiek ez dira txiripaz etortzen. Lana eskatzen dute eta horrek elikatzea eskatzen du, irakurriz, pentsatuz, musika entzunez, lagunekin egonez. Bakoitzak dauka modu ezberdin bat, baina hor badago lan bat egin beharra.

Bertsoez gain, beste adierazpiderik probatzeko gogoa zenuke?

Momentuz ez bereziki. Nik garbi daukat nire neurrira egindako adierazpidea bertsoa dela eta horrekin konforme nago. Horrek ez du erran nahi egun batean ez nukeenik zerbait idatziko, baina errespetua ematen dit. Idazteak ofiziotzat daukat eta ez nago batere konbintzituta bertsolari on bat derrigorrez idazle ona denik. Badaude idazle onak diren bertsolari onak, baina bertsotan ongi egiten duzulako ez du erran nahi kazetari edo idazle ona izango zarenik. Erran nahi du bertsotan ona zarela. Puntu.

Sustrai Colina © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Sustrai Colina © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Oholtza edo orri gainean, autozentsura bada?

Uste dut hain dugula barneratua autozentsura, galdera honi ezetz erantzuten diogula, baina gezurra dela. Agian badago oraino artistaren bat ez daukana, baina autozentsura badago. Egun batzuetan ez zarelako beste batzuetan bezain ausart esnatu, edo zure beldurrak, zure zalantzak dituzulako. Zuk ere ez dituzulako beti gauzak garbi. Batzuetan ere min egin nahi ez duzulako. Legea ere hor dagoelako eta zoritxarrez gero eta estuago delako. Mila arrazoi daude eta ez da errexa. Batzuetan kontziente zara. Etortzen zaizu bertso bat eta zure buruari diozu hau ezin dut kantatu eta beste batzuetan ez zaizu ez eta etortzen ere. Zergatik? Nik uste dut azkenean elkarrekin bizi garelako eta bertso saio bat elkarrekin egiten den zerbait delako. Kazetari lana bezala, batzuek esaten dizute hau edo beste galdetzeko politikari bat ikusi behar duzunean, baina gero konturatzen zara ez dela hain errexa; gauza bat da tabernako eztabaida eta bestea da aurrez aurreko harremana, jende aurrean zaudenean, horrek erreperkusio soziala duenean...Nik uste dut denok, nahiaren eta ahalen arteko borroka horretan bizi garela. Eta bertsotan, oso nabarmena da.

Egoera hobetzen doa?

Etortzen zaizu bertso bat eta zure buruari diozu hau ezin dut kantatu eta beste batzuetan ez zaizu ez eta etortzen ere.

Garbi hitz eginez, uste dut Euskal Herrian gatazka politikoak pisu ukaezina eduki duela. Gatazka politikoa bere gordinenean egon den sasoian, gizartea horren inguruan ardaztuta zegoen, ñabardura batzuekin praktikan, baina diskurtsoetan ez. Orduan sentitzen zinen askatasunean preso eta preso izate horretan, aske. Baina hori lehertu zenean, gizartearen aparteko atomizazioa etorri zen eta geroztik beste gai pila bat atera dira. Orain badira gero eta gai gehiago non bertsio ofiziala ez dagoen idatzita; horrek sekulako askatasuna ekartzen du alde batetik, baina bestetik hanka sartzeko beldurra ere bai. Zure mezua gaizki ulertua edo gaizki interpretatua izanen den beldurra ere bai. Ezin da ahaztu bertsoak bere mugak dauzkala. Zu bat-batean ari zara, metrika jakin batean. Errimatu behar duzu eta batzuetan ez zara nahi bezain zehatz mintzo. Orduan errango nuke gaien aldetik, diskurtso aldetik, aukera inoiz baino handiagoa dela. Baina gero, denoi gustatzen zaigu gustagarri izatea eta hor bakoitzak arrisku batzuk hartzen ditu gai batzuetan eta gutxiago beste batzuetan. Horrek barneko kris-krakak sortzen dizkizu. Nolabait, lehen errazagoa zen bertsolari izatea; alde batetik diskurtsoak oso eginak ziren, orduan zurekin bat zetorren diskurtso zati hori guti gorabehera ematea nahikoa zen. Jendeak hori espero zuen zugandik eta hortxe bukatzen zen. Orain zabalagoa da, interesgarriagoa, aberatsagoa, baina hanka sartzeko arriskua handiagoa da ere bai. Hori da sormenaren arriskua.

Hendaiako bertso eskolatik zer oroitzapen?

Orain badira gero eta gai gehiago non bertsio ofiziala ez dagoen idatzita; horrek sekulako askatasuna ekartzen du alde batetik, baina bestetik hanka sartzeko beldurra ere bai.

Oso oroitzapen onak. Pribilegiatuak izan ginen, bizian izan genuelako oso jende gutiren eskura dagoen zerbait. Gainera uste dut bizi izan genuela oso modu naturalean, horrek suposatzen zuenaz kontziente izan gabe, zorionez. Lagunarte bat zen eta horrek elikatzen zuen beste guztia. Era berean, orduan ipar Euskal Herrian bertsoak ez zeukan orain duen egiturarik, oihartzunik edo indarrik. Horrek ere lagundu zigun asko oinak lurrean izaten eta bizitzen ikasten lasai. Bertsolaritza zerbait klandestinoa zen kasik. Lagunei ez genien esaten bertsotara gindoazenik. Horrek alde txarrak noski, baina alde on asko zituen. Izan ere askatasun eremu bat zen, nortasuna eraikitzen laguntzen ziguna, kointziditzen zuena istorio kolektibo batekin. Nik oso oroitzapen onak ditut, nahiz eta hor ere gorabehera batzuekin eta momentu batzuk ez hain errazak norberak digeritzeko. Iristen zarenean txapelketetarat, goi xamarrera, oso gaztea eta egun batetik bestera lortzen duzunean, ez dagokizun esposizio maila bat, ez da erraza hori dena kudeatzen. Ez zen erraza lehen eta ez da erraza orain. Gero, sentitzen dituzu zureak ez diren ardura batzuk ere bai. Bihurtzen zaituzte ipar Euskal Herriko ordezkari eta ematen du bertsolaritza uzten baduzu mundua erortzera doala. Ardura horiek batzuetan pisatzen dute edo pisatzen zuten. Gero, horretaz askatzen ere ikasten duzu. Garai hori eferbeszentzia total bat izan zen [ikus ere gai honi buruz Jexus Arzallus-ekin egin elkarrizketaren pasarteak Mintzoak.eus atarian] 

Sustrai Colina © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)
Sustrai Colina © LaukitikAt (EKE | cc-by-sa-nc)

Bertsolaritzaren ospeak aldatu du bertsolari izateko modua?

Uste dut bertso giroa gehien aldatu duena azken 20 urteetan izan dela emakumeen presentzia eta egin duten lan guztia.

Uste dut bertso giroa gehien aldatu duena azken 20 urteetan izan dela emakumeen presentzia eta egin duten lan guztia. Horrek eragin du publikoan, bai oholtza gainean eta gizonezkoengan. Hori izan da aldaketa nagusia. Gero nork bere espektatiben kontua da nola bizi duzun; niretzat bortitzena hastapena izan zen. Behin horra iristen zarenean eta bi oinak lurrean jartzea lortzen duzunean, eguneroko zerbait bezala bizi duzu eta ez dago hainbesteko saltorik. Joaten zara ohitzen, ikusten ikasten eta zure burua hor kokatzen, zure babes tresnak atzematen. Bertsoak badu oso gauza on bat. Kanpotik jarriko dizkiozula nahi dituzun edukiontzi, espektatiba guztiak, sinistuko duzu nahi duzun guztia, baina gero, 40 segundotan egin behar duzun metrika horretan, oso gauza basiko bat egin behar duzu. Horrek laguntzen zaitu oinak lurrean atxikitzen. Astero alanbre horren gainean ibiltzeak oso sentsazio euforikoak ematen dizkizu, baina oso sentsazio etsigarriak ere bai. Orduan oreka horretan bizi zara. Ikasten duzu urtean ez dakit zenbat saio oso onak aterako zaizkizula eta beste portzentaia batean, txarrak aterako zaizkizula eta horren kudeatzea badela ere ofizioaren parte. 

Nolakoa da bertsolari baten errutina?

Bertsoetatik bizi zaitezke, baina ez zara inoiz aberastuko.

Pandemiarekin justu zenbakiak nahiko desitxuratuak dira, baina pandemia aurretik uste dut badela bertsolari multzo bat 100 plazatik gora egiten zituena urtean eta batzuk 150etik gora ere bai. Hortik bizi zaitezke, bizitzeko behar duzunaren arabera. Beste problema bat da ez dakizula inoiz zenbat saio izango dituzun edo saio hauek ordainduak izanen diren. Orduan, gauza bat da hogeita bost urterekin prekarietate horretan bizitzeko indarra eta kemena edukitzea, eta beste gauza bat da handitu ahala, familia daukazula eta abar, zure behar ekonomikoak handitzen badira, zenbateraino zauden prest labanaren ahoan egoteko. Orduan, bai bertsoetatik bizi zaitezke, baina ez zara inoiz aberastuko. Gure funtzioa oso noblea eta herrikoia da eta askotan ez dakigu kobratuko dugun edo batzuetan aitzinetik badakizu zoazen tokira ez duzula ezer kobratuko. Horrela da. Batzuetan amorratzen zaitu eta beste batzuetan filosofia handiarekin daramazu. Baina bai, ez gara airez bizi eta guri ere gustatzen zaigu gure lana ordaindua izatea. Ez gehiago ez gutxiago. 

Txapelaz amesten duen bertsolari lehiakorra zara?

Hor goian ibili nahi baduzu, zure burua etengabe gainditzeko gogoa behar duzu.

Nik ez dut ezagutzen txapeldunik sen lehiakorrik ez daukanik, baina horrek ez du erran nahi sen hori datorrenik kirol parametroetatik. Hor goian ibili nahi baduzu, zure burua etengabe gainditzeko gogoa behar duzu. Bestela ez zara iristen. Hori berdin da goi mailako edozein arloko jardueratan. Kontraesana dirudi, baina horrek ez dauka zerikusirik txapelarekin amets egitearekin. Uste dut gehiago dela bide bat amestea, helmuga bat amestea baino. Uste dut denok amesten dugula bertsotan egitea modu jakin batez, alegia gure buruan dagoen hori ahora ekartzea. Horretarako behar duzu gogo handi bat, zure buruarekin zorroztasun handi bat. Izan ere, oso frustragarri da zeren oso gutitan lortzen duzu zuk nahi duzun bezala egitea bertsotan. Eta borroka horretan behar duzu sen hori, are gehiago txapelketara begira jartzen zarenean. Bada helburu, oihartzun handi bat, zure etorkizun profesionalarekin zerikusia duen emaitza. Badaude kanpo elementu anitz, baina ez dut ezagutzen inor final batera egun pasatzera joan denik eta txapelarekin itzuli.

Plazaz plazaz bizi duzula, nolakoa da gure herriko aktualitateaz duzun ikuspegia?

Oro har ikusten dut gure herriaren ez ezagutza handiagoa daukagula eta horrek ekartzen du beste guztia.

Amets bakoitzak ditu bereak herri honetan. Gauza bat dira amets handiak, utopikoak aldarrietan ongi gelditzen direnak eta beste gauza bat da praktika. Amets utopikoak oso ongi ikusten ditut, baina praktikan ez dut ikusten jendea olatu hori surfeatzen momentu honetan. Betikoetara itzultzen naiz, baina uste dut elkarren ez ezagutza handia dagoela, gauza batzuk minbera izateraino. Hizkuntza bera. Ez euskara, baizik eta gure hitz egiteko manera, oraindik existitzen diren bestaldea edo Frantzia. Oro har ikusten dut gure herriaren ez ezagutza handiagoa daukagula eta horrek ekartzen du beste guztia. Zerk elkartzen gaituen ere ez badugu garbi, zaila da. Hizkuntzak elkartzen gaitu? Toki askotan bai, baina praktikan hor ere gero eta ahulago dago. Ez dakit nola kudeatzen den hori guztia. Gainera, lehen aipatzen nuen gatazkaren bukaera kudeatzen gabiltza, baina bukaera horrek politikarien, agintarien agendan duen lekua asko aldatu da ere. Ez dago agendan eta euskara ere ez, eta nik uste dut herri identitatearen, edo abertzaletasunaren kalterako izan dela. Orduan zure lurralde kohesioa zerk egiten du? Kultura izurri batetik ateratzen ari da, hizkuntza gero eta ahulago, herri ametsak gero eta difuminatuago ...Orduan autopistek, AHTk egingo dute herria? Ez dakit, dudak ditut.

Denbora librea nola pasatzen duzu?

Mendira joatea gustatzen zait eta azken aldian gustatzen zait oso gauza sinpleak egitea. Sinpleena niretzat denbora izatea da. Izan ere, bi haur txikiekin etxean, ez da gauza erraza! Bestela oso zaletasun ohikoak ditut, mendia, kirola, lagunak ...Baina momentu huntan aspertzera dedikatuko nintzateke gustura!

Gustura bertsotan jarriko zenukeen gai bat?

Nahiago dut jar dezaten inoiz amestu ez dudan gai bat eta nik lortzea beti amestu dudana egitea gai horrekin.

Ez dut eta gehiago naiz kontrakoa. Nahiago dut jar dezaten inoiz amestu ez dudan gai bat eta nik lortzea beti amestu dudana egitea gai horrekin. Alegia, gauza bat da jartzen den gaia eta beste bat delako gai hori nora eramateko gaitasuna duzun. Askotan, gai batekin amesten duzu ikusten duzulako gai hori norabait eramateko gaitasuna daukazula. Orduan, nahiago dut gaitasun horretan zentratu, besteen esku dagoen beste zerbaitetan baino. Mugitzen uzten nauten gaiak gustuko ditut. Gero ni mugituko naiz. 

Azken urtean gehien hunkitu zaituen lerroburu bat?

Muga ixtearenak asko arroztu nau. Nire barruan asko mugitu nau.

Muga ixtearenak asko arroztu nau. Nire barruan asko mugitu nau. Bat-batean, zure bizitza guztian normalak izan diren gauzak egiteko hainbesteko arazoak izatea, sorterrira joatea bezala… Ezin duzula joan. Horrek nahastu nau asko. Hor ere etortzen zitzaizkidan burura txikia nintzen garaiko muga hori, etxola horiek eta polizia bat aldiro, berdin zen zertarako « Carte d'identité » eskatzen.   

Amets bat?

Horrela segitzea, denbora libre pixka bat gehiagorekin, baina bestela ongi bizi naiz.

Elkarrizketa gehiago

Maddi Ane Txoperena

Maddi Ane Txoperena

"Hedabideak ez dira komunikatzeko bakarrik, diskurtsoak, errealitate bat sortzeko gaitasuna ere badute"

Lierni Elortza

Lierni Elortza

"Txapelketan, perfekzio baten bila joanen dira bertsolariak"

J. Kurutxet, M. Goikoetxea, F. Bidaurreta

J. Kurutxet, M. Goikoetxea, F. Bidaurreta

"Euskal kultura hemen bizitzen genuen bezala dugu han proiektatu"

Elkarrizketa gehiago