Kantuaren historia
"Latindarren sentimentalismo estu eta pixka bat gehiegizkoaren edo Balkanetako kantu herrikoien etsipen atsekabetuaren ordez, euskal kantuek melankolia bare eta kontenplatiboa, lasai eta objektiboa daramate, Euskaldunaren antzekoa dena".
Rodney Gallop, ikerlari britainiarra
Behin bazen… 20 000 urte inguruko sai-hezur zilatu bat : honela has liteke euskal kantuaren historia. Alabainan, historiaurreko hiru zilodun flauta hori, 1961ean Eugène Passemard arkeologoak Isturizeko harpeetan atxemanik, Europa osoan aurkitu musika tresnarik zaharrena da. Honen itxurak eta ziloen antolaketak uzten dute pentsatzera gaurko txistuaren eta xirularen arbasoa izan litekeela. Beste aurkikuntza batek frogatzen du euskal musika kultura aspaldikoa dela : 1960an, Foruako Atxetako haitzuloan miaketak egiten zituela, Joxe Migel Barandiaran etnologoak hiru puntadun orein adar bat deskubritu zuen. Adarra lau soinu desberdin ekoizteko gai da. Bilboko Museo Arkeologikoan ikus daitekeen musika-tresna hau 8 000 urtekoa izan liteke. Beraz, “proto-Euskaldun” deitu bertako populazioek musika praktika bat baldin bazuten, pentsa daiteke kantuz ari zirela ere. Baina artxibo edo aztarna idatzirik gabe, galderak erantzunik gabe gelditzen dira. Lehen lekukotasun idatzia Erromatar Inperioaren hasierakoa da : Strabon geografo greziarrak Baskoiak honela deskribatzen ditu : « flautaren soinuan dantzan ari ziren, dantza tronpeta baten laguntzaz gidatuz ». XX. mendean, Caro Barojak deskribapen hau konparatzen du gaur egun oraino ezagutzen dugun « edate dantza »-rekin. Beste bi lekukotasunek, Marcius Fabius Quintalanius eta Aurelius Prudencius-enek, baieztatzen dute Erromatar Inperioaren garaian euskal musika bat bazegoela : Kalagorriko bi seme horiek orduko musika zehatz-mehatz deskribatzen dute, beren herrian praktikatu kantu polifonikoa aipatuz. Ordutik aitzina, nahiz Greziarrek, Zeltek eta Erromatarrek eragin handia izan zuten, euskal musika ez zen asko aldatuko, erdi aroko garaia arte.
KANTU GREGORIANOA ETA KANTU POLIFONIKOA
Erdi aroan, kristautasunaren hedatzearekin batera, Euskal Herriko musikak abadietan konposatu kantu gregorianoaren eragina jasaten du. Euskaldunek poliki-poliki onartuko dute kantu honen egitura, eta honen doinuak bereganatuko dituzte. Egokipen honen lekuko, gureganaino iritsi diren XI. eta XII. mendeetako koru liburuak, hauetarik batzuk lerro batean aurkeztu musika-idazkera baitaramate (XI. mendearen erdian Guido d’Arezzo beneditar italiarrak asmatu 4 lerro horizontaletako notazioaren aitzinekoa). Hala, musika gregorianoak euskal musika herrikoian erabili eskalak emeki-emeki aldatuko ditu, kantu melismatikoa inposatzea lortu gabe. Euskal kantu herrikoia silaba bakarrekoa gelditzen da (silaba kantatu bakoitza musika nota bakar bati lotua da). XV. mendetik goiti, eliza musika laiko bihurtu ahala, kantu polifonikoak, koblakariek plazaz plaza eramanik, urrezko aro bat bizitzen du. XIV. mendearen hasieran, polifonia eskola bat bada Nafarroan. 1436an Jose de Antxorena Iruñako haur kantarien maisua da eta ahotsak musika-tresnetatik bereizten dituen musika polifonikoa konposatzen du. Beste bi musikagile musika polifonikoaren garapenaren eragile garrantzitsuak dira : Joanes de Antxieta, 1463an Azpeitian sorturik, kantari eta kaperaua da Gaztelako Isabel eta Fernando erregeen kortean, eta Gonzalo Martinez de Bizkargi, 1460an Azkoitian sorturik, Europa mailan ospe handia duen lehen euskal musikaria da, kantuaren teorizazio lan garrantzitsu bat egin baitu. Musika « jakintsua »-ren lehen urratsak dira. Handik aitzina, musika jakintsua eta musika herrikoia bereiztuko dira, bakoitzak bide desberdin bat hartuz.
KANTU HERRIKOIA
Kantua, aspaldidanik eta zalantzarik gabe euskal poesia herrikoiaren ezaugarri nagusienetarik bat bada ere, ikerlariek zailtasunak aurkitu dituzte honen aztertzeko, luzaz artxibo idatzirik eskutan ez baitute izan. Pentsa dezakegu erdi aroan jadanik kantu herrikoia oso aberatsa zela. Baina Jean-Baptiste Orpustan-ek Précis d’histoire littéraire basque bere liburuan idazten duenez, « XIII. mende aurreko ia guzia galdu da denboran zehar ». Gureganaino soilik iritsi dira « ahozko inprobisaziotik sortu eguneroko literatura baten zatiak ». Azkenean, XIX. mendean eta « Euskal Argiak » deitu garaian, zenbait letradun ausartek tradizio herrikoi horrentzat benetako interesa erakusten dute. Hauetarik lehena Juan Ignacio de Iztueta da : 1826an, musika idatzia daraman kantu-bilduma bat argitaratzen du, aitzindaria izanik Europa mailan. Iztuetak berak zioenez, Pedro de Albeniz musikariaren laguntzarekin burutu Euscaldun Anciña Anciñaco liburua « ez da denbora pasatzeko liburutzat hartu behar, baizik eta egiazko monumentu nazional bat bezala ». Dena den, mendean zehar etengabe emendatuko den dinamika baten abiapuntua da. Euskal Herrian, Europa osoan bezala, tradizio herrikoiek gero eta arrakasta handiagoa dute. Antoine Abbadiak –Zientzien Akamediako lehendakari bihurtuko denak– euskal Lore Jokoak estreinatzen ditu ipar Euskal Herrian, euskal kantua baloratzeko gisan. Hainbat ikertzaileren lanak ere aipatzekoak dira, hala nola Agustin Xaho, Francisque Michel, Villehelio anderea, Pascal Lamazou, J. D. J. Sallaberry, Jose Manterola, Charles Bordes eta Bartolome de Ercillaren kantu-bildumak. Aitzindari izateaz gain, sekulako ekarpena eman diote euskal kantuari, kantu “herrikoia” edo “tradizionala”-ri dagokion ikerketa arlo berezia sortuz. 1912an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek lehiaketa bat antolatzen dute euskal kantu herrikoien bildumarik onena sariztatzeko asmoz. Resurreccion Maria de Azkue (1864-1951) eta Jose Antonio de Donostia (1886-1956) musikologoentzat aukera ezin hobea da euskal kantuari buruzko gaitzeko obra bat osatzeko. Azkue Lekeitioarrak irabazi eta zenbait urteren buruan bere kantutegia (Cancionero Popular Vasco) plazaratzen du. Mila bat doinu, hauen solfeo transkripzioa, testu osoak eta bertsione aldatuak, gaztelerazko itzulpena, komentarioak eta azterketak biltzen baititu, Azkueren kantu-bilduma egiazko altxorra da. Aita Donostiak bigarren saria irabazi eta 1921ean, 400 doinuko bilduma bat argitaratzen du (« Euskal eres sorta »). Ordutik aitzina, bere bizi osoa emanen du kantu-biltze lan horretan. Bi obra horiei esker, ikerlariek ordurarte eskas zuten euskal kantuaren korpusa osatu zen, eta oraindik kantatuak diren ahozko literaturaren “perlak” aurkitu ziren.