Kantuketan : kantua Euskal Herrian

Kattalin Totorika kazetari-itzultzaileak 2006an "Kantuketan" Ocora Radio France disko bikoitzarendako idatzi testuak.

Euskal kantuaren historia, Josean Artze euskal olerkariak aipatu iturri zaharraren pare, etengabeko errepikapena da. Giza ahotsaren eta oroimenaren mirakuluari esker mendeak zeharkatu eta gureganaino iritsi diren hitzen eta doinuen errepikapena. Belaunaldiz belaunaldi helarazi eta eraldatzen diren kantuaren jestuen errepikapena.

Maddi Oihenart kantaria © Loraldia Festibala (2022)
Maddi Oihenart kantaria © Loraldia Festibala (2022)

Denis Laborde etnologoak idatzi duenez, hala molda daiteke « kultura amankomun bat, hala bizi eta asma daiteke hizkuntza partekatu bat, hala eraiki daitezke, urteetan zehar, elgarrekin bizitzeko eta gelditzeko gogoaren arrazoinak ». Zeren euskal kantua ez baita soilik gizakien bizitzaren, haien gorabeheren eta lorien, bazterren eta usadioen islada.

Lokarri sozial bat da, erkidego baten Historia eta istorioen lekukoa, era berean erkidego honen akatsez trufatzen ala honen heroiak laudatzen dakiena. Beste kultura gehienetan bezala seguraski, baina berezitasun honekin hala ere : hizkuntza, euskara, betidanik kantuaren historiatik bereiztezina dena. 

Indoeuroparren aitzinekoa den gure hizkuntzak kantua moldatu du eta bizirik iraun ahal izan badu erran daiteke errepikapenari esker izan dela : kantuak daramatzan hitzen, erranaldien, ozentasunen errepikapena.
Luzaz ahozkoa izan baita – euskaraz idatzi lehen liburua XVI. mendekoa da – pentsa daiteke gure hizkuntzak musikalitate handiago bat ekarri diola euskal kantuari, José Antonio Arana Martija musikologoak aditzera ematen duen bezala. Baina ahozkotasun tradizio honek, idatziaren zibilizazioaren baitan apartekoak, euskal kantuaren historia ikertu nahi izan duten historialari eta ikertzaileen lana ez du erraztu. Miraria « letradun jakinahi eta ausart » batzuengandik etorri da, XIX. mendetik goiti bilketaren bideetan ibili direnak, kantu zahar horiei kantu bildumen bidez bizi berria eskainiz.
Ordutik aitzina, Denis Labordek idatzi duenez, « hitza atxikitzeko idazten da ». Egia da euskal kantuak jakin izan duela hain berezia eta ber-denboran hain unibertsala den gure hitza atxikizen, zaintzen eta berritzen. Gaur egungo artistek etengabe errepikatua eta beti berritua, musika mota eta erritmo guziekin uztartu eta sorkuntza bide guziak hartzera ausartzen da. Artista horiek oraingo trobalari edo koblakariak dira, haien aitzinekoengandik hain desberdinak, hain berdinak.

Bidaia bat euskal kantuaren historian

"Latindarren sentimentalismo estu eta pixka bat gehiegizkoaren edo Balkanetako kantu herrikoien etsipen atsekabetuaren ordez, euskal kantuek melankolia bare eta kontenplatiboa, lasai eta objektiboa daramate, Euskaldunaren antzekoa dena".
Rodney Gallop, ikerlari britainiarra

Behin bazen… 20 000 urte inguruko sai-hezur zilatu bat : honela has liteke euskal kantuaren historia. Alabainan, historiaurreko hiru zilodun flauta hori, 1961ean Eugène Passemard arkeologoak Isturizeko harpeetan atxemanik, Europa osoan aurkitu musika tresnarik zaharrena da. Honen itxurak eta ziloen antolaketak uzten dute pentsatzera gaurko txistuaren eta xirularen arbasoa izan litekeela. Beste aurkikuntza batek frogatzen du euskal musika kultura aspaldikoa dela : 1960an, Foruako Atxetako haitzuloan miaketak egiten zituela, Joxe Migel Barandiaran etnologoak hiru puntadun orein adar bat deskubritu zuen. Adarra lau soinu desberdin ekoizteko gai da. Bilboko Museo Arkeologikoan ikus daitekeen musika-tresna hau 8 000 urtekoa izan liteke. Beraz, “proto-Euskaldun” deitu bertako populazioek musika praktika bat baldin bazuten, pentsa daiteke kantuz ari zirela ere. Baina artxibo edo aztarna idatzirik gabe, galderak erantzunik gabe gelditzen dira. Lehen lekukotasun idatzia Erromatar Inperioaren hasierakoa da : Strabon geografo greziarrak Baskoiak honela deskribatzen ditu : « flautaren soinuan dantzan ari ziren, dantza tronpeta baten laguntzaz gidatuz ». XX. mendean, Caro Barojak deskribapen hau konparatzen du gaur egun oraino ezagutzen dugun « edate dantza »-rekin. Beste bi lekukotasunek, Marcius Fabius Quintalanius eta Aurelius Prudencius-enek, baieztatzen dute Erromatar Inperioaren garaian euskal musika bat bazegoela : Kalagorriko bi seme horiek orduko musika zehatz-mehatz deskribatzen dute, beren herrian praktikatu kantu polifonikoa aipatuz. Ordutik aitzina, nahiz Greziarrek, Zeltek eta Erromatarrek eragin handia izan zuten, euskal musika ez zen asko aldatuko, erdi aroko garaia arte.

KANTU GREGORIANOA ETA KANTU POLIFONIKOA

Erdi aroan, kristautasunaren hedatzearekin batera, Euskal Herriko musikak abadietan konposatu kantu gregorianoaren eragina jasaten du. Euskaldunek poliki-poliki onartuko dute kantu honen egitura, eta honen doinuak bereganatuko dituzte. Egokipen honen lekuko, gureganaino iritsi diren XI. eta XII. mendeetako koru liburuak, hauetarik batzuk lerro batean aurkeztu musika-idazkera baitaramate (XI. mendearen erdian Guido d’Arezzo beneditar italiarrak asmatu 4 lerro horizontaletako notazioaren aitzinekoa). Hala, musika gregorianoak euskal musika herrikoian erabili eskalak emeki-emeki aldatuko ditu, kantu melismatikoa inposatzea lortu gabe. Euskal kantu herrikoia silaba bakarrekoa gelditzen da (silaba kantatu bakoitza musika nota bakar bati lotua da). XV. mendetik goiti, eliza musika laiko bihurtu ahala, kantu polifonikoak, koblakariek plazaz plaza eramanik, urrezko aro bat bizitzen du. XIV. mendearen hasieran, polifonia eskola bat bada Nafarroan. 1436an Jose de Antxorena Iruñako haur kantarien maisua da eta ahotsak musika-tresnetatik bereizten dituen musika polifonikoa konposatzen du. Beste bi musikagile musika polifonikoaren garapenaren eragile garrantzitsuak dira : Joanes de Antxieta, 1463an Azpeitian sorturik, kantari eta kaperaua da Gaztelako Isabel eta Fernando erregeen kortean, eta Gonzalo Martinez de Bizkargi, 1460an Azkoitian sorturik, Europa mailan ospe handia duen lehen euskal musikaria da, kantuaren teorizazio lan garrantzitsu bat egin baitu. Musika « jakintsua »-ren lehen urratsak dira. Handik aitzina, musika jakintsua eta musika herrikoia bereiztuko dira, bakoitzak bide desberdin bat hartuz.

KANTU HERRIKOIA

Kantua, aspaldidanik eta zalantzarik gabe euskal poesia herrikoiaren ezaugarri nagusienetarik bat bada ere, ikerlariek zailtasunak aurkitu dituzte honen aztertzeko, luzaz artxibo idatzirik eskutan ez baitute izan. Pentsa dezakegu erdi aroan jadanik kantu herrikoia oso aberatsa zela. Baina Jean-Baptiste Orpustan-ek Précis d’histoire littéraire basque bere liburuan idazten duenez, « XIII. mende aurreko ia guzia galdu da denboran zehar ». Gureganaino soilik iritsi dira « ahozko inprobisaziotik sortu eguneroko literatura baten zatiak ». Azkenean, XIX. mendean eta « Euskal Argiak » deitu garaian, zenbait letradun ausartek tradizio herrikoi horrentzat benetako interesa erakusten dute. Hauetarik lehena Juan Ignacio de Iztueta da : 1826an, musika idatzia daraman kantu-bilduma bat argitaratzen du, aitzindaria izanik Europa mailan. Iztuetak berak zioenez, Pedro de Albeniz musikariaren laguntzarekin burutu Euscaldun Anciña Anciñaco liburua « ez da denbora pasatzeko liburutzat hartu behar, baizik eta egiazko monumentu nazional bat bezala ». Dena den, mendean zehar etengabe emendatuko den dinamika baten abiapuntua da. Euskal Herrian, Europa osoan bezala, tradizio herrikoiek gero eta arrakasta handiagoa dute. Antoine Abbadiak –Zientzien Akamediako lehendakari bihurtuko denak– euskal Lore Jokoak estreinatzen ditu ipar Euskal Herrian, euskal kantua baloratzeko gisan. Hainbat ikertzaileren lanak ere aipatzekoak dira, hala nola Agustin Xaho, Francisque Michel, Villehelio anderea, Pascal Lamazou, J. D. J. Sallaberry, Jose Manterola, Charles Bordes eta Bartolome de Ercillaren kantu-bildumak. Aitzindari izateaz gain, sekulako ekarpena eman diote euskal kantuari, kantu “herrikoia” edo “tradizionala”-ri dagokion ikerketa arlo berezia sortuz. 1912an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek lehiaketa bat antolatzen dute euskal kantu herrikoien bildumarik onena sariztatzeko asmoz. Resurreccion Maria de Azkue (1864-1951) eta Jose Antonio de Donostia (1886-1956) musikologoentzat aukera ezin hobea da euskal kantuari buruzko gaitzeko obra bat osatzeko. Azkue Lekeitioarrak irabazi eta zenbait urteren buruan bere kantutegia (Cancionero Popular Vasco) plazaratzen du. Mila bat doinu, hauen solfeo transkripzioa, testu osoak eta bertsione aldatuak, gaztelerazko itzulpena, komentarioak eta azterketak biltzen baititu, Azkueren kantu-bilduma egiazko altxorra da. Aita Donostiak bigarren saria irabazi eta 1921ean, 400 doinuko bilduma bat argitaratzen du (« Euskal eres sorta »). Ordutik aitzina, bere bizi osoa emanen du kantu-biltze lan horretan. Bi obra horiei esker, ikerlariek ordurarte eskas zuten euskal kantuaren korpusa osatu zen, eta oraindik kantatuak diren ahozko literaturaren “perlak” aurkitu ziren.

"Euskalduna kantuz ari da, beti eta orotan : etxean, elizan, karrikan, mendian. Alegera ala triste, kantuz ari da : ongi orraztaturik erortzen diren iratzeak epaitzen dituelarik ; bai eta dolarean sagar zangopilatuetatik sagardoa jalgiarazten duelarik ere".
Aita Donostia, musikologoa.

Euskal ohiko kantuek biziaren mila aurpegiak erakusten dituzte. Baliteke kanturik zaharrenak eske kantuak izatea, urteko une eta erritorik garrantzitsuenei lotuak direnak (Eguberri, Urtats, Santa Ageda, Ihauteriak, Donibaneko besta). Gertakari historiko ospetsuak kontatzen dituzten gudu kantuak zatikaturik heldu zaizkie kantu biltzaileei, « Beotibarko kantua » bezala. Genero epikotik hurbil den kantu honek erdi aroko gudu odoltsuetako pasarte bat kontatzen du, hau da, 1321ean iragan zen Gipuzkoarren eta Nafarren arteko Beotibarko borroka. Baina mendeak mirakuluz zeharkatu dituzten erdi aroko kantu horien artean « Berterretxen khantoria », XV. mendeko nigar-kantua hobekien kontserbatu dena eta, dudarik gabe, hunkigarriena da. Beaumont eta Gramont familien arteko liskarra testuingurutzat hartuz, Louis de Beaumont Mauleko Jauregiko Kondeak Larrainen egin Berterretxe gaztearen hilketa kontatzen digu. J.D. J. Sallaberry-k du lehen aldikotz argitaratu, 1870ean, bere kantu-bilduman.

Amodio kantu gehienak berriagoak omen dira. Kantu horietan, metaforak usu erabiltzen dira, maizen agertzen diren sinboloak xoria, izarra eta lorearena izanik. Jon Bagües Oreretako Eresbil musikaren euskal artxiboko zuzendariak azpimarratzen duenez, kantu horietan «lekukotasun pertsonala eta sentimenduen “isurtzea” erkidegoari dagozkion gogoetekin usu nahasten dira ». Izpiritu pikokaria eta arraileria ez dira eskas poesia herrikoian. Garai guzietako kantu satirikoek eguneroko gertakariak, zorigaiztoak eta eskandaluak kontatzen dizkigute, batzutan poderearen eta ordenaren ordezkariak ederki karramixkatuz.

Euskal errepertorioan atzerriratze kantu anitz ere aurkitzen dira, XIX. mendeko eta XX. mendearen hasierako migrazio mugimendu zabalen eraginez sorturik. Atzerriratze ekonomiko edota politikora kondenaturik, Euskaldun asko abiatzen dira Ipar edo hego Ameriketara. Bihotzean daramaten herrimina kantuen bidez adierazten dute. Eliza kantuak ere leku berezi bat dauka euskal ahozko ondarean. Honen transmisioa luzaz ahoz aho egin da eliza-ospakizunen kari. Jose Antonio Arana Martijak azpimarratzen duenez, « Euskaldun ezikasia kantuen eta kantiken kopla guziak ikasteko gai zen. Era berean, buruz ezagutzen zituen meza eta bezperetako latinezko kantikak ». Joannes Etcheberri-ren « Kantica izpiritualac » (1630) bezalako kantu bildumek frogatzen dute aspaldidanik euskarazko praktika paraliturgiko bat bazegoela. XX. mendean, elizgizonek argi eta garbi jakinarazten dute euskarazko liturgia bat eraikuntzeko asmoa dutela, kantuan oinarriturik. Euskal kantu mota desberdinen zerrenda hau osatu nahian, sehaska-kantak, haurren kantuak, eresiak, itsaso kantuak, edateko eta dantzatzeko kantuak, besteak beste, gehitu behar dizkiogu, hauek ere mendeak zeharkatu baitituzte gaurko errepertoriora heldu arte. Azkenik, ezin dugu kapitulu hau amaitu kantu politikoa (ordurarte « historikoa » deitua) aipatu gabe : XIX. mendetik goiti agertzen da – Europa osoan nazionalismoak azaltzen diren garaian – Jose Maria Iparragirre euskal koblakariari esker bereziki. 1853an, herriak himnotzat hartuko zuen « Gernikako arbola » kantu famatua konposatu zuen. Iparragirre-ren ondotik, kantu politikoa, oldarraren lore bihurturik, XX. mendeko tragedien gainean loratuko da.

XX. mendean, euskal nazionalismoaren sortzearekin batera euskal nortasunaren inguruko kontzientzia azaleratzen da. Hego Euskal Herrian, Lizardi, Lauaxeta eta Orixe bezalako olerkariek euskarazko literatura zaharberritzen dute, ipar Euskal Herrian, euskararekin hain ederki jolasten dakien Jules Moulier “Oxobi”-k euskal poesiari dirdira eta freskotasun berri bat eskaintzen diolarik. Euskal Herrian poesia guzia kantu bihurtzen denez, goiz ala berant idazle ospetsu horien lanak ere kantu bihurtzen dira. 1936an, Franco-ren estatukolpeak eta honi jarraituko zaion Espainiako gerlak nazio sentimendua areagotzen dute. Errepresio ikaragarriak ez ditu olerkariak gupidesten : 1936an, Granadan, Federico Garcia Lorca fusilatu duten bezala, 1937an, Euskal Herrian, Lauaxeta eta Aitzol, Yakintza aldizkariaren eragilea, hiltzen dituzte. Orduko gudarien erresistentziatik « Eusko Gudariak » borroka kantua gelditzen zaigu, belaunaldiz belaunaldi indar berarekin transmititzen dena. Euskal kulturaren berpizkundea bigarren mundu gerrak eta Franco-ren diktadurak trabatua bada ere, 1960. hamarkadan Euskal Herriak, Europa osoak bezala, egiazko « irakinaldi » sozial eta kulturala bizi eginen du.

EUSKAL KANTA BERRIA

Xabier Itzaina historialari eta ikerlariaren iritziz, Nemesio Etxaniz, elizgizon gipuzkoarra (1899-1982) izan da « euskal kanta berria edo kantu engaiatuaren aitzindaria ». Honen jarraian, Mixel Labéguerie (1921-1980), artista eta politikaria izanik, transizioa segurtatuko duen gizona izanen da. Mezu politiko eta soziala daramaten bere testuek euskal nortasunari buruzko ikusmolde berria ekartzen dute. « Gu gira Euzkadiko gazteri berria » berehala bihurtzen da gazte aberzaleen kantu sinboliko eta esanguratsuena. Bestalde, aberatsak eta freskoak izanik, bere doinuek orduko entzuleak harritu eta loriatzen dituzte. Azpimarratzekoa da, gainera, bere kantuak laguntzeko gitarra hartzen duen lehena dela Euskal Herrian. Dudarik ez da Mixel Labéguerie-k euskal kanta berriaren bidea urratu diela ipar Euskal Herriko hainbat kantu-egile eta kantari gazteri. Hauen artean, Manex Pagola, Peio Ospital eta Pantxoa Carrère, Beñat Sarasola, Eñaut Etxamendi eta Eñaut Larralde, besteak beste. « Denek hartzen dute beren gain Labéguerie-ren oinordekotza, aldarrikapen aberkoiari dimentsio soziala erantsiz », azaltzen du Xabier Itzainak. Hego Euskal Herrian, Franco-ren diktadurak adierazpen politiko guziak –are gehiago euskarazkoa bada– debekatzen dituela, euskal nortasunari lotu adierazpen artistiko mota berri bat agertzen da, Ez Dok Amairu taldearekin batera (1965-1972).

Ez dok amairuk Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Mikel Laboa, Jose Angel Irigarai, Jorge Oteiza, Jexux et Josean Artze bezalako artistak biltzen ditu. Josean Artze-ren arabera, « taldea helburu ezberdinekin sortu zen. Batetik, garaiari zegokion kanta berri bat sortu nahian, olerkiak musikatuz. Bestetik, gure kantutegi zaharra berreskuratu nahi genuen, ez baikenuen ezagutzen ».

1970. hamarkadan, euskal artisten kantaldiek sekulako arrakasta dute. Publiko kartsu batek burujabetasunaren desioa, preso politikoentzako amnistia edo euskaraz hitz egiteko eskubidea aldarrikatzen dituzten leloak bereganatzen ditu, bere oihuak taularen gainean diren kantarien ahotsekin nahasiz. Orduko kantagileen artean, Telesforo Monzon politikari eta olerkaria aipatzekoa da, kantu anitz idatzi baititu, gehienak Peio eta Pantxoa bikoteak kantaturik, bai eta mugaz bi aldeetako Euskaldunen arteko batasunaren sinbolo nabarmenena bihurtu baitzen ere. Franco hil eta gero, 1975ean, euskara polikinaka klandestinitatetik ateratzen da eta kantuak euskal gizartearen itxaropen eta irrikak daramatza.

1978ko ekainaren 17an, 40 000 lagun bildu dira Bilboko San Mames kiroldegian, Bai Euskarari kanpainaren bukaerako kontzertuaren kari. Hamarkadaren amaierako euskal kanta berriaren izen handienak hor dira : Peio eta Pantxoa, Gorka Knörr, Enrike Zelaia, Gontzal Mendibil, Mikel Laboa, Lupe, Urko, Antton Valverde, Xabier Lete, Oskorri, besteak beste. San Mameseko ikusgarria parerik gabekoa geldituko da. 1975-76an iraganen diren beste « meza handiak » ez dira sekulan San Mamesekoa bezain hunkigarriak izanen. Garai baten amaiera da.

EUSKAL ROCKA

1970. hamarkadan hogei urte bana dituzte. Bata, Altzürükün, Zuberoan sorturik, Parisen hazi da. Bestea, Errobiko ibaiertzetan, Uztaritzen jaio eta ez da bere sorterritik urrundu. Gaztetan, Elvis Presley, Bob Dylan, Beatles eta Rolling Stones taldeak gustukoak izan dituzte. Kantari hauen eraginez, biek erabakitzen dute Euskal Herrian rock musika euskaraz egitea, benetako “talka-uhina” sortuz euskal gizartean. Niko Etxart – Minxoriak taldearekin bereziki– eta Anje Duhalde – Mixel Ducau musikariarekin batera Errobi taldea osatu duena – izan dira euskal rockaren aitzindariak eta sortzaileak. Gaur egun norberak bere musikaren bideari jarraitzen bazaio ere, bakarrik edo musika talde batek lagundurik, ez da dudarik lekukoa pasarazi dietela hainbat artista gazteagori, hala nola Itoiz taldeari, 1980. hamarkadako euskal musikan bere aztarna “sinfonikoa” utzi duena ; eta euskal rockari orain arte irauten duen tonalitate hiritar eta erradikala emanen dioten Kortatu, Hertzainak, Negu Gorriak edo Su Ta Gar bezalako taldeei. Gaur egungo euskal rockak muga guziak gainditzen ditu, sorkuntza bide guziak jorratuz eta publiko berriengana joanez. Euskal Herria Zuzenean festibala, adibidez, 1996az geroztik euskal musikari eta kanpoko artista anitzen inguruan milaka lagun bilduz, dinamika honen lekuko bizia da.

HIRUGARREN MILURTEKOA

1922an, Aita Donostiak honako hau deklaratu zuen « Bizirik dagoen herria, kantuz ari den herria da ». Argi da gaur egungo jendeak ez duela XX. mendearen hasieran bezala kantatzen. Ostatu eta elizetan, plaza eta soroetan kantu gutiago entzuten da. Hala ere, besta, koro eta elgarretaratze toki berrietan euskal kantua oraino bizirik da, egunero mantentzen dutenek baitute bizi atxikitzen. Gaur egun euskal kantuaren geroa, gazteen esku da. Horretarako, euskal elkarteek lan zoragarria daramate haurren artean, koroetan, bertso eskoletan edota Euskal Herri osoan kantu txapelketak antolatuz. Euskal kultur erakundeak, kantatzeko plazerra jendearen baitan berpizteko asmoz sortu Kantuketan programari esker, publiko zabal batek euskal kantuaren dimentsio historikoa, soziala, literarioa eta pedagogikoa ezagutu, sakondu eta preziatzeko aukera izan du. Artistek ere funtzio eta leku garrantzitsua dute kantuaren garapenean. Euskal kantu herrikoien bertsione desberdinak eskainiz, kantutegia soinu berriz apainduz, beren amorrua gaurko hitzen eta soinuen bidez oihukatuz, sorkuntzaren ildoak barnatzen dituzte. 

"Pentsa dezakegu bertsolaritza, betidanik, Euskal Herrian ere, egiazko adierazpen literario soziala izan dela".
Jean-Baptiste Orpustan, Précis d’histoire littéraire basque.

Kultura guzietan, inprobisazioaren fenomenoak lilurapena eta mirespena sortzen ditu. Kantatua, bertsotan emana eta errimatua denean, Euskal Herriko bertsolaritza bezala, arte, ahozko literatura, joko, desafio bihurtzen da, praktikatzen dutenei ezohizko trebetasunak eskatzen dituena. Betidanik bertsolarien kantuak entzuleak loriatu ditu. Hala transmititu dira bertsoak, mendez mende, hauetarik batzuk euskal kantu klasiko bihurtuz. Zentzu horretan, usu erraten da bertsolaritza euskal kantuaren “ama” dela.

HISTORIA EZEZAGUNA

Xehetasun guti daukagu XIX. mende aitzineko bertsolaritzaz. Hala ere, ikerlari batzuk diote Arabiar inperio garaikoa dela (IX. mendekoa). Dena den, baliteke XIV. mendetik goiti bertsolaritza mota bat izatea Euskal Herrian.Alabaina, belaunaldiz belaunaldi heldu zaizkigun euskal kantu zaharrenak garai hartakoak dira. Beste herrialde batzuetan desagertzear zegoen ohitura zahar honek Euskal Herrian harrigarriko garapena hartu du ostatuetan, sagardotegietan eta lagunarteko tokietan.Antonio Zavala idazle-argitaratzaileak idatzi duenez, bertsolaritza «oroz gainetik giro batetik sortzen da».

BERTSOLARIAREN IZAN-MOLDEA

XVIII. mende bukaerako, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako bertsolari gehienak jende xumeak ziren eta ez zekiten ez irakurtzen, ez idazten. Alta, beren bertsoetarik bazuk denen gogoan gelditu dira. Artzain edo laborari familietakoak izanik, sortetxearen izena usu hartzen zuten izengoititzat : adibidez, Fernando Aire “Xalbador” Urepeleko “Xalbadorrenea” baserrikoa zen eta Juan Francisco Petriarena “Xenpelar”, Errenteria- Oreretako “Xenpelarre” etxekoa. Herri bazkariak, pilota partidoak eta merkatuak alaitzen bazituzten ere, bertsolari guziek lanbide bat zuten, Jean Ithurriaguek azpimarratzen duen bezala « Bertsolariak goldea edo marrusketa atxikitzen du ; lurraren seme izanik, naturatik oso hurbil sentitzen da. Horretan da zinez berezia, jatorria. Horregatik publikoa harekin identifikatzen da, haren obrarekin bat eginez ». Biziari eta askatasunari oso atxikiak baitziren, bertsolari batzuei besteen mespretxua biltzea, eta debekatuak edo presondegiratuak izatea gertatu zitzaien. Betidanik, “ berbaren atleta” horien omena paregabea izan da euskal gizartearen baitan.

TEKNIKA BAT POESIAREN ZERBITZUKO

Bertsolariak kantuz sortzen du bere obra. Bertsoak bat-batean asmatu behar ditu, doinua hautatuz edo inposatu zaion doinuari segituz, errimak errespetatuz eta proposatu zaion gaia landuz. Gainera, bertsoa gibeletik aitzina antolatu behar du, bertsoko azken lerroa baita bertso osoaren bizkarezurra. Hainbeste irudi pasaraztea hain denbora laburrez, zinez gauza miresgarria da ! Bertsolariak oroimen ona izan behar du, kantagintzaren ezagutza ona, erritmoaren zentzua, konfiantza bere buruan eta sormenean, bai eta bizitasuna ematen duten bat-batekotasun izpiritua ere. Bertute hauei guziei esker, bertsolariak maitatuak diren emazte eta gizon umilak dira, bertsolari on bat izateko… lan egin behar dela ongi dakitenak.

ARTE GARAIKIDE BAT

Bertsolaritzak gizartearen aldaketa desberdinei egokitzen jakin du. Hego Euskal Herrian, zailena euskal gizarte hiritarrari egokitzea izan da, baserritar bizimodutik industria bizimodu batera pasatuz. Gaur egun, bertsolaritzak sekulako garapen eta hedapena hartu du : komunikazio eremu berriak bereganatu ditu, eskoletan eta eskolatik kanpo erakusten eta transmitizen da eta, aski berria dena, emazteei ireki da. 1935az geroztik Euskal Herriko txapelketa bat antolatua da, bertso saioak maiz iragaten dira, eta bertso eskolak eratu dira diziplinaren teknikak erakutsi eta bertsolaritzaren atsegina haurrei helarazteko. Hala, aurrekoen ildoari jarraituz, belaunaldi gazteek kalitate handiko lana daramate, gero eta arrakasta handiagoa bilduz publiko gaztearengan. Gazte ala zahar, emazte ala gizon, edozein lurraldeko izanik ere, bertsolari guziek hatsa eta bizia ematen diote adinik gabeko bat-bateko arte paregabe honi, euskaraz mintzatuko deno, bizirik iraunen duena.