Bertsolaritza
Bertsolaritzaren munduan murgiltzera eramaten gaitu erakusketa honek. Euskal kultur erakundeak ekoiztu du Donibane Lohizuneko herriko etxearekin partaidetzan. Bertsolaritza ezagutzen ez dutenei ahozko arte honen ulertzeko zonbait gako eskainiko dizkie. Bertsozaleek, aldiz, lekukotasun eta artxibo-irudi arraroen ikusteko parada ukanen dute.
Tradizio honi buruzko "Iparraldeko" behakoa proposatzen da batez ere erakusketan.
Erakusketan ikusgai diren edukiak
Erakusketa lau dorre multimediaz osatua da. Orotara bi oren inguru ikus-entzunezko pasarte/erreportaje ikusteko parada eskaintzen dute.
"What is bertsolaritza? - Zer da bertsolaritza?" (Urtea: 2019)
Bertsolaritza nazioartean ezagutzera emateko xedea duen ikus-entzunezkoa da "What is bertsolaritza?". Bertsolaritzaren testuingurua azaldu eta bere deskribapena egiteaz gain, bertsoaren sormen prozesua bera ere azaltzen du 20 minutuko ikus-entzunezkoak.
Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean ekoiztu zuten 2019an.
Ikuska 18 : Xabier Amuriza (Egilea: Antxon Ezeiza - Urtea: 1984)
1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean "Aita izena kanta beharrak" bertsoak nola asmatu zituen Xabier Amuriza (1941, Amorebieta-Etxano) txapeldunak erakusten digu hamar minutuko dokumental honek.
1980ko hamarkadan bertsolaritzaren arraberritzaile izan zenari omenaldi ederra.
Maite Barnetche kazetariaren artxiboetan
Maite Barnetche (1941-1986) 1970 urteetan euskarazko telebistaren aitzindari izan zen. FR3 frantses katean "Euskal Herria orai eta gero" emankizuna zuzendu eta aurkeztu zuen 1971tik 1986 arte.
Egiazko altxorrak daude Frantziako entzun-ikusen erakundearen jabegoan (INA) diren dokumentu horietan.
Bertsolaritza aipatzen dituzten hiru hautatu ditugu. Erakusketaren bisitatzeak balio du, horien ikusteko baizik ez bada ere!
Izan ere 1979-1981 urteetako Iparraldeko bertsolari ezagunak erakusten dituzte emankizun arraro horiek, Mattin (Mattin Treku - 1916-1981) eta Xanpun (Manuel Sein - 1928-2002) agerian emanak direlarik bereziki.
Eleketa, bertsolaritzaren Ipar Euskal Herriko ahozko memoria
2007. urteaz geroztik, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obralaritzaren pean, Euskal kultur erakundeak "Eleketa" izeneko Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketa programa handi bat darama.
Bertsolaritzari buruzko 30 lekukotasun-zati hautatu ditugu gure datu-basean. Iparraldeko zonbait behako eskaintzen dizkigute.
Badihardugu elkarteak (Gipuzkoa) Ahotsak programaren baitan grabatu testigantzek osatzen dituzte.
Ukipen-pantaila baten bitartez kontsulta daitezke. Bost sail handitan sailkatuak dira:
- Iparraldeko tradizioari zonbait behako
- Bertsolarien bizipenak
- Bertsolaritzaren eskolan
- Bertsolaritzaren garapenak eta aldaketak
- Antolatzaileak, epaileak eta gai-jartzaileak
Entzungai diren lekukotasunen artean:
- Antolatzaile edo epaile lanetan aritu direnak: Beñat Soule (1947-), Pierre-Arnaud Idieder (1957-2020), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Mixel Itzaina (1933-2025), Émile Larre (1926-2015)
- Bertsolariak: Txomin Ezponda (1937-), Jesus Arzallus (1954-), Sustrai Colina (1982-), Maddi Ane Txoperena (1994-), Michel Aire (1944-2025), Jean-Louis Harignordoquy (1954-), Odei Barroso (1988-), Alexandre Etcheberry (1931-2018)
- Bertsolarien hurbilekoak: Petra Ibarra (1931-), Marie-Christina Oçafrain (1955), Anttonie Sein (1926-)
Xilaba txapelketako finala gogoan…
Neurri handiko 9 argazkik Bertsularien lagunak elkarteak antolatu Xilaba 2025 txapelgoa dakarzkigute gogora. Baionako Etxepare lizeoko bertso eskolako Johane Larre-k egin argazki-erreportaje batetik datoz.
Begi kliska bat bezala Lapurdi, Baxenabarre eta Lapurdi elkartzen dituen xapelketari, honen finala Donibane Lohizuneko Jai-Alaian iraganen delarik 2026ko urtarrilaren 31n, 17:00etan.
Xehetasunak
- "XILABA txapelketa bertsozale gazte baten argazki-kameratik" - Argazki-erreportajea
Kultura eragileak
Kultura agenda eskuratu emailez
Euskal kulturaren agenda (Astero)