Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal kulturaren transmisioaz eskolan

Euskal kulturaren transmisioaz eskolan

2011/09/09

Arteen Historia, Garapen Iraunkorra, Euskal Herria irakatsi… Berriki, irakasgai eta dispositibo berri batzu sartu dira ikastetxeetako egitarauetan. Euskal kultura ere saiatzen da ipar Euskal Herriko ikastetxe eta kolegioetan sartzen. Estelle Carricondo, Geografia-Lurralde Antolaketa ikasleak bere proposamenak egiten dizkigu, Euskal kultur erakundean egin lau hilabeteko ikastaldiaren ondotik.

Zertan datza zure lana Hogei’ta programaren barnean ?

Lehenik oroitarazi behar da Hogei’ta gazteek sorturiko egitasmoak sustengatzen dituen ekintza egitarau bat dela, bi helburu nagusi dituena : sorkuntza artistikoa alde batetik eta kultura transmisioa bestetik. Lehena 15 urte baino gehiagokoei zuzentzen da eta xedea da gazte horiei sortzeko nahikeria eta aukera ematea, hots euskal kulturaz duten ikuspegia eman dezaten. Bigarrena 8-15 urte artekoei zuzentzen da, eskola denboran. Hemen xedea da beren egunerokotasuna eta beren munduko ikuspegia osatzen duten kulturari eta kultura ingurumenari buruzko erakaspen bat ekartzea : zergatik etxeak zuri-gorriak ote dira ? Zergatik bideseinaleak elebidunak al dira ? Eta bertze tokietan, nola da ? Batzutan errazak diren, bestetan zailagoak diren galdera batzuei erantzun ahal izatea : Zeintzu izan dira Oteiza euskal zizelkariaren eragin artistikoak ? Nortzu dira biharko ondarea egiten duten euskal artistak eta ofizialeak ? Nola ? Euskal kultur erakundeak eman didan misioa bigarren helburu honetan kokatzen da. Xedea izan da euskal kulturaren oinarriak irakasteko ezinbesteko tresna eta mekanismoetaz gogoetatzea.

Badirudi lan hau luzarako dela…

Bai, hala da. Erran daiteke lan hau lau hilabeteko unibertsitate ikastaldi baten ondorioa dela. Apirilan hasi nintzen eta 2011ko iraila bukaeran bukatuko dut (etenaldi bat izan da udako opor garaian). Baina bai, funtsean, egitasmo honek jarraipen bat ukanen du gero ere. Alabaina, ikerketaren hasiera-hasieratik, EKEren zeregina galderagai izan da : behin-behineko tresna bat proposatu behar ote du noizbehinkako ekintza batzuekin ala aitzitik, irakasleak urtez-urte lagundu behar ote ditu ? Egokiago iduritu zaigu irakasleak luzaroan laguntzea, hautu honek EKEren helburuarekin bat egiten baitu, hots euskal kulturaren garapena eta zabaltzearekin.

Baina, horrelako egitasmo batean parte hartuz, zein da EKEren helburua ?

Hemen EKEren helburua beretsua da. Egitasmo honek euskal kulturaren irakaspena garatu nahi du hiru ereduetan (ikastola, elebiduna, frantsesa) eta kultura hori ipar Euskal Herri osora hedatu nahi du. Halere, lehen urtearentzat eta arrazoi pratiko batzuengatik, ikerketa eremua Errobi herri Elkargora mugatu dugu. Hautu estrategikoa izan da, zeren eta herri horietarik batzu hiri girokoak dira, bertze batzu baserri girokoak, eta bertze batzu aldiz bien artekoak. Lurralde honetan beraz, problematika ezberdinak landu ahal izan ditugu, hala nola mugikortasuna, kultura hedapen eta ekoizpen egituren eskuragarritasuna… eta bi erronka garrantzitsu agertu dira. Lehena litzateke jakintza tarteak murriztea irakaspen sistema ezberdinetan. Bigarrena litzateke « lurralde ezberdintasunak » murriztea mugikortasun mailan bai eta informazioaren edo kultura guneen eskuragarritasun mailan.

Egitasmo honek gaitasun anitz eskatzen ditu. Partaide askoren laguntza ukan dukezue…

Egia da, baina zehaztu behar da seguraski EKEren lehen partaideak irakasleak berak direla. Aldi berean, plantan ezarriko diren tresnen galdegile, egile eta erabiltzaile dira. Baina beste partaidetza anitz xerkatu ditugu hezkuntza, kultura eta lurralde garapenaren alorrean, gaitasunen biltzeko, norberaren ikuspegien eta esperientzien trukatzeko eta bakoitzaren jakintzen azkartzeko gogoarekin.

Ikerketa hori bururaturik, EKEk zer nolako tresnak ditu irakasleen esku uzteko ?

Lehen aipatu bezala, indar berezia egin dugu « lurralde ezberdintasunen » murrizteari buruz eta bereziki ikastetxe batzuentzat hiriguneenganik urrun izateak suposatzen dituen gastuak direla eta. Horregatik, egitasmoaren ardatza irakasleek dituzten teknologia berrien eta materialaren inguruan egituratu dugu. Konkretuki, egitasmoa, kultura eta zientzia jakintzak bai eta jakintza tresna numerikoak biltzen dituen gune birtual baten inguruan egituratzen da.

Egitasmo handia da. Zeintzu izanen dira ondoko epeak ?

Egitasmoa irailean aurkeztuko diegu zehazki irakaskuntza alorrean ari direnei. Eragile ezberdinen ikuspegiak trukatzeko parada izanen da. Ondotik, ikusiko dugu bide onetik goazenez ala zenbateraino behar dugun gure egitasmoa bermoldatu. Azkenik, egitasmoaren lehen ekintzak abian jartzen ahalko ditugu, EKEren eta egitasmo honen partaide ezberdinen eginkizuna zehaztuko dugun ber.

Xehetasunak: