Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iñaki Martiarena "Mattin"-ek Nekatoeneako idazle egonaldia eginen du 2018ko udazkenean

Iñaki Martiarena "Mattin"-ek Nekatoeneako idazle egonaldia eginen du 2018ko udazkenean

2018/07/11

"Nekatoenea" euskal idazle egonaldiaren zortzigarren edizioaren karietara, Iñaki Martiarena "Mattin" hautatua izan da. 2018ko azaroaren 5ean hasi eta hilabete batez, idazlea Hendaiako etxe famatuan egonen da Kamishibai ipuin bat idatzi eta marrazteko. Euskal kultur erakundea partaide da. 

Aurten berriz ere euskal sortzaile bat gerturatuko da Nekatoeneara, udazkenean hilabeteko egonaldia egitera, bertan euskal literatura indartzeko beste urrats bat emanez.

Aurtengoa 8. edizioa da, hiru erakundeen arteko partaidetzan: Euskal Kultur Erakundea, Euskal Idazleen Elkartea eta NEKaTOENEa, Euskal Itsasbazterreko IEZIren sorkuntza arloa dena.

Aurten idazle eta idazketa mota ezberdinak izan dira hautagaien artean. Horiek guzien artean, Iñaki Martiarena « Mattin » sortzailea izanen da Nekatoenean instalatuko dena, azaroaren 5etik goiti. Nekatoenean eginen duen lau asteetako egonaldian, Kamishibai ipuin bat idatzi eta marrazteko egitasmoa proposatu du.

Kamishibaia, Japonian bereziki 1945. urtearen ondoren garatu eta hedatu zen teknika narratibo bat da. Hauxe da bere ezaugarri nagusia: Butaia edo egurrezko antzokia erabiliz, narratzaileak testua irakurri egiten du, ozenki, eta bitartean ilustrazioa erakusten dio publikoari.

GAIA: Nekatoenea inguruko elementuak baliatuko ditu kontakizun honetan. Hala nola: sagastia, kaioak, itsasoa … etab. Ipuin hau, naturaren eta bereziki kostaldearen aberastasunaz ohartaraztea baliatuko duela adierazi du. Abiapundu hori aurreikusten badu ere, egileak aipatu du egonaldian bertan sortuko diren emozio eta bizipenek ere lekua hartuko dutela kontaketa horretan.

Mattinen nondik norakoa

Egunkarian marrazki mota ezberdinekin hasi zuen bere ibilbidea, polikinaka gazteengan gerturatuz, zuzeneko emanaldiak eta hainbat ilustrazio tailerrak eginez.

Bere argitalpen multzoa ugari eta anitza izan da. Horrekin batera, Galtzagorri elkartekide da hasieratik, sari ezberdinak irabazi ditu eta Euskal Herria ordezkatu du Bruselako komiki jaialdian.

Bestalde, ingurumenaren aldeko egitasmo ezberdinetan ere dabil, Cristina Enea edo bestelako egituretan lan eginez.

Xehetasunak

Argazkia: www.uberan.eus