Hemen zaude: Hasiera Albisteak Omenaldia Iratzeder-i Donibane Lohizunen

Omenaldia Iratzeder-i Donibane Lohizunen

2015/09/28

2015ko urriaren 3an, Donibane Lohizuneko Kultur Zerbitzuak eta Euskal kultur erakundeak hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Donibane Lohizunen, Jean Diharce "Iratzeder" gogoan. Karia hortara, olerkari famatuaren omenezko oroit-plaka bat estreinatua izanen da ere.

Olerkari gisa Iratzeder izenordearekin ezagutua zena, Jean Diharce deitzen zen. Donibane-Lohizunen sortua, 1920ean. Ikasketak, Uztaritzeko eta Baionako apeztegietan eginak zituen, eta 1941ean, Lapurdin kokatu zen Ahurti herriko Belokeko fraidetxean sartu zen. Bere fraide izena : Aita Xabier. Hogei urtez pasa fraidegaiak moldatzen zituen eta 1972an, Belokeko Aita Abade hautatua izan zen. Kargu hori utzi eta, 1987an, Afrikara joatea erabaki zuen, Bénin herrialdeko Zagnanado hirira. Hango fraidetxean, hamazazpi hilabetez egon zen. 2008ko urriaren 13an zendu zen Beloken, eritasun luze baten ondotik.

Omenaldi eguna Jean-Louis Davant-en mintzaldi batekin hasiko da 10:30etan, ondotik Iratzeder-en olerki liburuxkaren aurkezpena eginen da (11:15). 11:30etan aldiz, Diabolo taldea, Ikastola, St Thomas d’Aquin, Dona Maria kolegioetako ikasleen parte hartzearekin, Iratzederen olerkien irakurketa eta kantuak entzuten ahalko dira.

Bukatzeko, eguerditan Iratzeder-en omenezko oroit-plaka estreinatua izanen da Begiraleak elkartearen parte hartzearekin.

Xehetasunak