Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zazpi finalista Itzal Aktiboa sariarentzat

Zazpi finalista Itzal Aktiboa sariarentzat

2018/09/27

Zazpi artista, zazpi finalista dira 2018ko Arte Garaikidearen alorreko Sorkuntza Gaztearen « Itzal Aktiboa » sariketaren karietara, beren obrak erakusketa kolektibo batean Donibane Garaziko Apezpikuen Presondegian urriaren 6tik azaroaren 1era aurkeztuko dituztenak. Erakusketaren estreinatze egunean hautatua izanen den irabazleak 2.000 euroko saria eskuratuko du. Euskal kultur erakundea partaide da.

Nafarroako « Huarte » Arte Garaikideko Ekoizpen Zentroko Nerea de Diego ko-zuzendariaren lehendakaritzapean bildu epaimahaiak 34 hautagaien artean hautatu ditu.

Taxio Ardanaz, Luis Olaso, Maite Pinto, Miriam Isasi, María Jiménez Moreno, Thomas Loyatho eta Léa Vessot finalistek margolaritzatik bideogintzaraino zabaltzen den alor aniztasun bat ordezkatzen dute.

Sariketa, Itzal Aktiboa elkarteak antolatzen du, Euskal kultur erakundearen, Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluaren eta Donibane Garaziko Herriko Etxearen sostenguarekin. 

Artistak

  • Taxio Ardanaz Iruñean sortu da 1978an. Bilbon bizi da eta hor lan egiten du. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte-Ederretan diplomatua da eta « Bonba puskak » izeneko paper gaineko 23 margoko sail bat aurkezten du. Sail hori 70 eta 80 urteetako Euskal Herriko gizarte mugimenduen ekoizpen grafikoan inspiratzen da. Erresistentziaren estetikari buruzko halako bilaketa bat bezala egina izan da.
  • Luis Olaso Bilbon sortu da 1986an. Getxon bizi da eta bere lantegia Mungian dauka (Bizkaia). « Hiru ekilore eta zilindro batendako obra » izeneko margolan bat aurkezten du. Lan horretan, aitzinekoetan nagusiki agertzen den jende itxuraz haratago, saiatu da karga psikologiko eta humano bat ematea nortasun pertsonalik gabeko elementu neutral batzuei.
  • Maite Pinto Logroñon sortu da 1993an. Arte-Ederrak ikasi ditu Euskal Herriko Unibertsitatean eta ondotik Inglaterrako Manchester School-en, han Master bat erdietsi duelarik. « The Kindness of Strangers » proiektuko parte diren Aquatintako lau grabadura aurkezten ditu. Proiektuak kondatzen du Gerla Zibil garaiko 4.000 euskal haurren errezibitzea nola iragan zen Inglaterran.
  • Miriam Isasi Gasteizen sortu da 1983an. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mexikoko Unibertsitateko Arte-Ederretako doktoregoa badu. Bilbon bizi da eta bertan lan egiten du. Comète Sareko Dédée de Jongh ko-sortzailearen omenez egina izan den « TAP (Internazionala) » deitu bideo batean, kantu iraultzailearen irudikapen bat erakusten du, Espainiako Gerla Zibileko borroka zelaietan bildu bonba puskez landu klaketak dituzten dantzari batzuen bidez.
  • María Jiménez Moreno Iruñean sortu da 1978an. Arte-Ederretako lizentzia lortu du Euskal Herriko Unibertsitatean. Zizur Nagusian (Nafarroa) bizi da eta Iruñerrian lan egiten du. Aurkezten duen instalazioa « Hazkuntza sasoia » deitzen da. Kakorratzarekin ehunduriko armiarma sare erraldoia iduri du, ama gazte bezala ukan esperientzia eta ikasketa prozesua laburbiltzen duena.
  • Thomas Loyatho 1984an sortu da Baionan. Arte Bisualetako Master bat lortu du Belgikako Liège-ko Arte-Ederretako Erret-Akademiako Espazioan. Hazparnen bizi da eta bertan lan egiten du. « 70zm/oren » instalazioak belarrezko hari bat badu, espartzatu duena eta espazioan lasterka ibiltzen dena. Halaber, bideo bat bada bere eskuak espartzatzen erakusten dituena. Gogoeta bat da, lan bati eskaintzen diogun denboraren araberako baloreaz.
  • Léa Vessot 1993an sortu da Mont de Marsan-en. Okzitaniako Tolosako Arteetako Goi Institutuko (isdaT) diplomatua da. Getaria eta Tolosan artean bizi da. Izenik gabeko margolan handi bat aurkezten du, lehen begiradan pentze zuri hutsa iduri duena. Honetarik, ikutu koloretsu batzuk jalgitzen dira, zuri aldaera batzuetatik ateraiak, margolan aldakor bat eginez, hori dena denborazkotasunari buruzko gogoeta batean sartzen delarik.

Erakusketa 2018ko urriaren 6tik azaroaren 1era irekia izanen da, egunero asteartetan salbu 11:00etatik 12:30etara eta 14:30etatik 18:30etara.  

Xehetasunak