Kabalkadaren funtzioak gaur egun

Kabalkadaren funtzioak gaur egun
Peio Berterretxe (Argazkia: Mathias Olaso - EKE - CC-BY-SA)

2025eko azaroaren 27an, euskal etnopoloaren 2025-26ko hitzaldi zikloaren baitan eta Baionako kontserbatorioarekin partaidetzan, Peio Berterretxek "Kabalkada diglosia egoeran" mintzaldia eman zuen Baionako Euskal Museoan.

 

Kabalkadaren ibilbide historikoa egin ondoren eta honek, jendartearen bilakaeraren ondorioz, ezagutu aldaketak oroitarazi ondoren, haren ikerketaren helburuak eta emaitzak aurkeztu dizkigu. Lekorneko kabalkadaren adibidea harturik, egungo kabalkada baten parte hartzaileen perfila, motibazioak eta hizkuntza gaitasunaren ezagutzea hartu du helburutzat eta Euskal Herriak ezagutu dituen aldaketa linguistiko eta soziologikoek euskal kulturako praktiken funtzioak zertan transformatu dituzten erakutsi du. Bestalde, publikoarekin izan den solasaldi denboran, kabalkada bezalako praktika kulturalak zer heinetan euskalduntze tresnak izan daitezkeen gogoetatu da ere.

Frantzian antzerkian ibili ondoren (Théâtre du Nord, Comédie Française), Euskal Herrira sartu denetik herri antzerkian engaiatua da Peio Berterretxe, libertimendu (Baigurako libertimendua), kabalkada (Lekorne, Luhuso) eta herri antzerki taldeak (Jostakin, Artetxea) eramanez, haur, nerabe gazte eta helduekin lan eginez. Arrasate-Mondragon unibertsitatean egin Masterraren kari kabalkadez eraman du ikerketa bat.

Mintzaldi honek Euskal etnopoloak berriki antolatu kolokioari oihartzun berezia egiten dio hots: "Hizkuntza eta kultura biziberritze kontestu batean: bereiz ote daitezke"?

Gehiago jakin