Maskaradetako dantzak - Iruri (1963)
Hiru dantzari ikusten dira aintzindariz jantzita. Txerrero bat, Kantiniersa bat eta Zamaltzain bat. Azken hori Allandu Bordazarre "Etxahun" da (ikus ere: Allandu Bordazarre - Iruri - 1962). Kasu honetan ez dira maskarada ikusgarri batean grabatuak izan diren irudiak.
Maskaradetako dantzak - Iruri (1963) - Oharra: bideoa mutua da.
Bideo irakurgailua ez bazaizu agertzen otoi onartu estatistika eta marketin-cookieak. Gehiago jakin
Guilcher senar-emazteek eskatuta, herriko dantzariak jantzi eta bertako dantzen demostrazioa egin zieten. Ohartu gaitezke Kantiniersak barrikoterik ez duela. Nahiz eta filmak ez duen soinurik, noizbehinka agertzen den musikaria, Pierre Bordazarre "Etxahun-Iruri" da.
- 00:24 - 1:22 - Barrikada - Dantzariak plaza erdira hurbiltzen dira barrikada urratsarekin, maskaradetan egitea ohikoa den bezala. Horren ondotik, bakarkako dantzak datoz. Lehen puntua Txerreroak emango du, maskaradetan barrikadak egiteko baliatzen den musika-egitura segituz (AA/BB formakoa). Txerreroaren ondotik Kantiniersa dantzatzen da eta bukatzeko Zamaltzainak dantzatzen du.
- 1:23 - 2:03 - Gabota - Hiru dantzariek Gabota dantzatzen dute lerro batean jarrita. Dantzaren lehen puntu bereizgarriari esker ezagutu daiteke. Hemen baliatua den musika, Gabotaren berezkoa den melodia da dudarik gabe.
- 2:04 - 2:27 - Taldeko puntua - Hiru dantzariek batera, aurretik Gabota egiteko zuten lerro bateko formazio berdinean, puntu segida bat dantzatzen dute. Lehenik aurrera-atzerako puntua eta gero alboetarako puntua. Azken hori ez da osoki ikusten. Dantza osatzen duten lau "tombé"-etarik bi baizik ez dira ikusten. Azken parte hori bere osotasunean ikusi gabe eta melodia identifikatu gabe ez dakigu zein dantza den hori. Satan-dantzaren musikarekin egina den puntu segida bat izan daiteke (AA/BB formatoarekin) edo braletik jauziaren melodiarekin osatutakoa (AA/BB/DD). Horrek hirugarren puntu sekuentzia bat inplikatuko luke.
- 2:28 - 4:04 - Braletik jauztea - Dantzari bakoitzak bere puntu segida ematen du hor. Hemen braletik jauztea edo karakoiltziaren melodia baliatzen dute. Horrek hiru puntu multzo desberdin ditu (AA/BB/DD). Ohituraz lehen multzoa aurrera eta atzerako puntuak egiteko baliatzen da, bigarrena alboetarakoak eta hirugarrenean tokian bertan (edo berriro alboetara kasu batzuetan) ematen diren puntuak. Zamaltzainak berea amaitzen duenean, hiru aitzindariek elkarrekin ematen duten puntu segidarekin amaitzen da dantza.
- 4:33 - 6:44 - Godalet-dantza - Hiru dantzariek maskaradetan tradizioz egiten den moduan ematen dute hor Godalet-dantza. Lehen partean jauzia dantzatzen dute. Horren ondotik dantzariak banan-banan hurbiltzen dira edalontzira. Beste dantzetan egin duten moduan, Txerreroa doa lehenik, gero Kantiniersa eta azkenik Zamaltzaina. Godaletera hurbitzeko puntua egiten dute lehenik eta gero baso gaineko puntua bera. Bi puntu horiek 4/4 denborakoak dira. Dantzari bakoitzak frejat doblearekin bukatzen du eta azken puntu batekin bere tokira doa berriro. Horren ondotik Zamaltzainaren Puntua egiten da. Horrek zango bat baso gainean bestearekin Zeina egiten duen bitartean, Kantiniersak Antrixatak egiten ditu. Dantza amaitzeko hiru dantzariek batera dantzatzen dute azken puntu bat.
- 6:45 - 7:55 - Aitzina Pika - Bukatzeko hiru dantzariek Aitzina Pika edo Marianak jauzia dantzatzen dute. Lehen partea jauzian eta bigarren errepikapenean puntuekin dantzatzen dute.
Gehiago jakin
- Guilcher bilduma 004. Iruri, 1963.
- Allendu (Arnaud) Bordazarre - Mintzoak.eus
- "Puntuen aldaketa maskaradetan" - Allendu (Arnaud) Bordazarre - Mintzoak.eus
- Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpainia.
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal kultur erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

Xabier Itzainak Jean-Michel Guilcher-ekin ukan bi elkarrizketen zati batzuk argitaratu ditu Dantzan.eus atariak. Solasak Meudon-en iragan ziren, Jean-Michel eta Hélène Guilcher-en etxean, 2008-ko otsailaren 18an eta martxoaren 27an. Euskal Herrian eraman ikerketaren testuingurua azaltzen dute.