Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Beñat Chassevent
Beñat Chassevent

Beñat Chassevent

"Ipar Euskal Herriko ondarea aberatsa da, baina lausoa"

  • Xan Aire - EKE
  • 2016-09-02
  • Hizkuntza: Frantsesa

Beñat Chassevent (1956, Miarritze, Lapurdi), Eusko Arkeologia elkarteburua da, zeinetan arkeologiazale amorratuak biltzen diren. Itzaleko langile horiek indusketa-obra garrantzitsuak daramatzate Ipar Euskal Herrian, ikerleak bertara erakartzeko asmoz, baita jendea bere ondare hurbilaz sentsibilizatzeko. Bankako kaskoetan kausitu ditugu, oraindik sekretuz beterik dagoen meatze baten bazterrean.

Jende anitzek maiz du Mehatzeko lepo-hegia zeharkatzen, Banka eta Luzaideko altzoan. Baina gailur goragoak amesten dituzten mendizaleak batetik, edo etorriko ez diren usoei begira dauden ehiztariak bertzetik, bisitari efemero horiek tokiaren berezitasunari ez diote kasu handirik egiten. Uztaileko goiz hartan, tropa bitxi bat agertu da ordea, maleta pizuak besoan, laneko kaskoak gerrian, lerro-lerro, urratsa sendo, sekula hatsankatu ez den helbururantz : norbaitek ez zion debaldetan eman Mehatze izena guneari, hango mendi-mazela batean gorderik baitago, aspalditik, soilik begi zorrotzenek ikusten dakiten meategi bat. 

"Alta, gisa horretako meatze baten ezaugarriak agerian dira : zaina, hanturak, eta terrazak". Unibertsitalaria eta Eusko Arkeologia elkartekidea den Gilles Parent anitzetan dabil hor gaindi, iduriz lekuak seko bildurik. "Gune honetara 2002an hurbildu ginen, lehen zundatzeak 2005ean hasi, aspaldikoa den suposizio batek gidaturik, meatze hau erromatar garaiaren aitzinekoa delakoan. Pasaia hau bera ere, aitzineko garaikoa daiteke, ikusiz harrizko aizkora leundu bat aurkitu zutela, XIX. mendean, Ehuntzarroi auzoko lepoan, eta Blot ikerleak harrespilak miatu zituela bertze Mehatzeko lepoan. Eta ezinezkoa zait hemendik iragaiten zen jendea ez zain honetaz ohartzea".
Hobeki begiratuz, mea-zainak argiki sakia egiten dio mendi mazelari ; ezkerrean dituen hanturek, lurpeko lan garrantzitsua salatzen dute, eta terrazek, berriz, gizakiaren lan zehatza azpimarratzen. "Aurkitu ditugun zain gehienak polimetalikoak dira : burdina, kobrea, eta halabeharrez zilarra. Gehienetan bezala, burdina da nagusi hemen ere, baina kobrea aski bada guneka, ustiatua izateko gisan. Gaurko egunean, Antzinate garaiko kobre-lantegi bat dugu suposatzen, jende garrantzitsuek eramanik, hemendik atera berina fin hauskinek jakinarazi bezala". Hala ere, Gilles Parentek gune "misteriotsua" deitzen du oraindik ere, XVIII. mendeko artxibo usuek ere ez baitute aipatzen.
Mende berean zuten azken aktibitate gotorra ezagutu Bankako meategiek, ibar zolan oraindik agerian direnak, interpretazio-zentro batek laguntzen dituela gaur. Ez dirudi, haatik, Mehatzeko gunea orduan ustiatu zutela. "Nahiz-eta gure lehen zundatzeek ez zuten deus eman, 2012an azpiko galeria zabaltzea erabaki genuen ; apalena zen, eta berriena ere, ustiatze horiek kronologikoki gain-beheran egiten baitziren. Baina guretzat, esploratzeko errazena ere bazen, gainekoak hain segur ere biziki arriskutsuak baitira". Zatirik berrienak... Antzinateari lotu elementuak eman ditu. Galeriaren tipologia bera, argi-hozkak (posiblez erromatar garaikoak, baina ez baieztatuak), eta JK ondorengo lehen mendeko zeramikak, Paueko laborategi batean analisatuak eta egiaztatuak.
Galerian aurkitu "altxorrik" handiena zurezko eskailerak izanki, horiek ere lehen mendekoak. "Meategia berriz martxan izan balitz Erdi-Aroan edo XVIII. mendean, zurubi hori osoki suntsitua izanen zen", azpimarratu du Gilles Parentek. "Garai horietan, bisita soilak baizik ez daitezke izan : hipotesia hori testu batzuek ere sustengatzen dute, XVIII. mendeko prospekziogile alemandar batzuen lanak kontatzen dituztenak". Gunearen garrantzi ekonomikoa JK ondoko lehen mendetik laugarrenera da beraz, gaur dakigunetik. "Horrek bat egiten du mende berdinetako hiru monetekin, Bankan deskubrituak izan zirenak XVIII. mendean". Erromatarren presentzia argia. "Errendimendu gibelatua duen meategia da : diru- eta giza-baliabide anitz behar zen inbertsio bat egiteko hemen, jakinez berantago baizik ez zela errentagarria izanen".
Baina arkeologoendako, punturik interesgarriena urrunago doa: erromatarrak gune garbi gutiri dira lotu, eta anitzetan, Mehatzen bezalako zainak aurkitzeko informatzaileak ukan izan dituzte. Objektu metaliko misteriotsuak atera dituzte berriki, "franko usaiaz kanpokoak", Gilles Parenten arabera. "Hain segur ere argiak dira, baina ez dakigu Antzinatekoak direnez". Estilo topografikoak ere, erromatarren aitzineko garaiko ustiatze bati ere pentsarazten du. "Burdinaro bukaerakoa izan daiteke, edo brontze-garaikoak... Lehen lanak JK baino 2000 urte lehenagokoak izan daitezke : ez litzateke harrigarria, baina hori frogatzea da zailena izanen".

Pedagogia
Beñat Chassevent, bere aldetik, gune "pedagogiko" batez poztu da. Ez du segurki ahantzi geologian nola iniziatua izan zen, seigarrenean zela : irakasle batek segurtatu zion Miarritzeko arroketan ziren fosilen jatorria duela milioika urtekoa zela. Garaian "susmagarri" iruditurik ere, ondotik irakurri liburuek itsas ezponda lapurtarren higatzera eraman zuten, Jean-François Déridet eta Christian Normand lagunekin batera. "Roger Duperrier izeneko jakintsu miarriztarrak ere anitz lagundu gintuen... Horrek zituen Itsas Museoan zabaldu hainbat pieza aurkitu eta ekarri".
Baina prehistoriako sukarraz Claude Chauchat arkeologoak zituen kutsatu, CNRSean sartu berria zela. "Historiaurreko garaiari lotu xedeengatik genuen sortu Eusko Arkeologia elkartea, 1983an. Garaiko testuinguruan, prehistorialari ofizialik ez zegoen : Jacques Blot bezalako jakitunak baziren, baina Claude Chauchat zen bakarra. Gure lehen ofizioekin batera, klaseak segitu ditugu Bordeleko unibertsitatean, eta horrek baieztatu du Historiaurrarentzat genuen gustu bizia : Christian Normandek silexak landu zituen, eta nik, fauna".
Baina sorterrira itzultzeak bere nekeak ere agerrarazi ditu : kultura arkeologikoan gabeziak, tokiko ondarea hondatzen ari zuela. "Modernitate garaiak anitz gauza xehatu du". Eusko Arkeologia, lehenik Prehistoriaren ikerketa Ipar Euskal Herrian garatu, ezagutarazi eta ofizializatzeko sortu zena, denbora joan ahala dibertsifikatu da. "Bertze adarrak ere jalgi dira : espeleologia, meategi-arkeologia, eraikuntza-arkeologia. Oraingoz, jauregi eta bastidei buruz dugu lan egiten, baina etxebizitzari buruzko lanketa ederra balitzateke eramateko hemen. Gainera, Mikel Duverten obrak ere oinarri sendoa eskaintzen du, gure ikuspegitik sakondu eta zabaltzekoa dena". Lauburu bezalako elkarte batekin kolaboratzea aberasgarria litzatekeela dio Beñat Chasseventek. "Guk arkeologia dugu lantzen, eta haiek, etnologia : gure lanak elkarren osagarri lirateke. Elkar topatzen dugu, baina molde nahiko informalean. Harreman ezinhobeak izanik ere, lanketa bat dugu bakarrik elkarrekin eraman, Larzabalen, 1980. hamarkadan etxe bat suntsitua izan zelarik".

Unibertsitate-hutsunea
Eusko Arkeologia egitura ttipia da, eta tokiko elkarlan desberdinak mugatzen ditu horrek. "Hegoaldearekiko aldea ikusgarria da! Aranzadi bezalako egitura batek aurrekontu bat pausatzen duelarik mahai gainean, ez dugu segitzen ahal. Haiek, Amaiurren bezalako indusketa potoloetan abia daitezke. Hala ere, elkarlan aski interesgarria dugu horiekin ere". Beren elkarteak Ipar Euskal Herrian betetzen duen tokia funtsezkoa zaio Beñat Chasseventi. "Unibertsitate-hutsunea dugu betetzen, hala ere. Gure sustengu akademikoak, batez ere Akitania Eskualdeko Arkeologia Zerbitzuak, koadro ofizial batean ibiltzea baimentzen digu, zeinetan gure lana zabaltzen ahal dugun. Horri esker ere, diruztatzea lor dezakegu material pizua eskuratzeko, bertzeak bertze. Eta tokiko miaketen bilgune bat ere badugu, biziki inportantea dena : ez da gehiago Pauera edo Bordelera joate beharrik, baina soilik Hazparnera. Funtsezko ikerketa-tresna da".
Sinesgarritasun horrek ikasle gazteak erakartzen ditu urtero, batez ere beren sorterriari lotu proiektuen gibeletik dabiltzanak. "Ipar Euskal Herriko ondarea aberatsa da, baina lausoa, eta horrek ez du biziki ikusgarri egiten. Ez dugu, dagoeneko, gure eremuari ofizialki interesatzen den ikerlerik. Alta, garrantzitsua da hemen finka daitezkeen gazteen bidelagun izatea. Baina lanpostu eskasia zinezko arazoa da, eta gazteek nahiago dute egitura handiengana joan, zeinen egoitza ez den batere hemen, bistan dena". Eusko Arkeologiaren parioa, edozein baino lehen, kolektiboa da, transmisioan oinarritua. Erangon bezalako lorpenak badituzte, non prehistorialari batek ofizialki berriz hartu dituen elkartearen lehen indusketa-lanak.
Baina obra hori, oraindik ere guti ezagutua da. "Dibulgazioan zinez txarrak gara! Artikuluak publikatzen ditugu, txostenak egiten... Baina gure elkarteak ez du lan horietara dedikatuko litzatekeen kiderik. Horrez gain, arazo gotorrari aurre egin behar diogu: babestu gabeko guneei buruz gauzak dibulgatzen baditugu, bipilduak izan daitezke. Horregatik ere gara beti hotz agertu, gure informazioak zabal hedatzeko urratsean". Beñat Chasseventek ez du ahantziko nola Urkulun egin miaketak xehatuak aurkitu zituen, alimaleko kraterak bailiran. "Objektu arkeologikoen merkatua bada, batez ere kolekzio pribatuentzat... Polit egiten duke, hezur prehistoriko batek bulego gainean...".
Eusko Arkeologiak lehenetsi dibulgazioa tokikoa izan ohi da : "Miatze bukaeran, operazioa aurkezten diegu tokiko herritarrei. Konferentziak ere antolatzen ditugu, partaide ditugun elkarteekin : Euskal Museoko Lagunak, Nafarroa Zaharraren Lagunak, Donapaleuko Museoa... Beren aldizkarietan ere, artikuluak plazaratzen ditugu. Hori guzia, jendea bere ondare hurbilaz sentsibilizatzeko".
Jokoan den bertze zerbait: ondarea hobeki zaintzea. "Ogi-labe gehiegi garage bihurtu dira... Horregatik ere dugu ogia egiten, urtean behin, Oztibarreko ikastolako haurrekin, labe zahar horietarik batean. Memento inportantea da, eta horien sentsibilizatzeko molde berezia. Beren sorterriaz ere pertzepzioa zabal dezake, eta ez galarazi han bertan gaur egun bizitzen segitzeko zentzua. Hemen bezala, Bankan: bitxi behar zaie jakiteak erromatarrak hemen gaindi pasatu direla, aberastasuna aurkitu, eta industria bat eragin. Nahiz-eta gaur egun, Aldudeko ibarra bezalako tokietan isolamendu-sentimendua izan, ez da ahantzi behar, Historian zehar, gune hau gehienik pasaia toki izan dela! Fixismo mota bat da, gaur egun ezagutzen ditugun bezala izan direla betidanik gauzak, denboraren harian hainbertze gauza pasatu delarik! Halaber, iraganetik ere ikas daiteke etorkizuna hautatzen".

Gehiago jakin