Jean-Marie Guezala

Jean-Marie Guezala

"Abesbatza amateurren maila hobetu behar da, batez ere Ipar Euskal Herrian"

  • Xan Aire
  • 2014-08-21
  • Hizkuntza: Frantsesa

Jean-Marie Gezala (1966, Paris) Jemmapes espazio kulturaleko zuzendari da, Parisen, baita Anaiki abesbatzako buru. Polentzi Gezala txistulari ospetsuaren semea euskal kulturaren baitan loratu da. Profesional bilakatzeko xedeak kilikaturik, amateur zorrotz horrek koruen mundu berezia aurkeztu digu hemen, horko problematika nagusiak hostokatuz, kalitatetik nortasun bilaketara doazenak.

Lezora gomitatu gaituzu... Zer irudikatzen du, zuretako, hirixka honek?
Familiaren lurra da, zeinetan gure aitona auzapez egon den hirurogei bat urtez, herriko harmonia-buru, non senide andana musikari izan den. Pasaiako portuko mugazain, EAJko kide nabarmena zen, eta horrek, 1936ko gerla garaian, kezka franko eragin zuen, sufrimenduak, herbesteratzeak. Hala eta guztiz ere, engaiamendua ez zaio jabaldu, ez-eta gure osaba-izebei ere. Horietarik bat, Mirentxu, Gipuzkoako lehen ikastolaren sortzaile eta zuzendari izan zen, hemen berean, Lezon. Euskararen muturreko ezagutza zuen, eta lehiaketa batean jesuita batzuei, garaiko “buruak” zirenei, nagusitu zitzaien. Euskara ikastera behartu nau, oraindik Parisen pirukatzen dena, eta honat itzultzean poxi bat berreskuratzen dudana. Bizia ere salbatu izan dit, hamar urtetan, tuberkulosiak jo baininduen. Medikuak pinuen airea gomendatu zidan, zeinek, beharrik, Jaizkibeleko mazelak estaltzen zituzten, Lezoko buruan. Honat etorri naiz, beraz, sei hilabetez, goizean ikastolara joanez, Pasaiako kolegiora arratsaldez, frantsesezko lanak egitera. Eta egunero, edozein eguraldiz, Jaizkibelera ibiltzera eta jolastera ateratzen ginen, Mirentxu eta lagunekin. Izebak aukera baliatzen zuen guri kantu pila bat transmititzeko, aho batez berriz hartzen genituenak: gaitzekoa zen! Garai horretatik, atxikimendua osoa da, eta uda oroz honat itzultzen garenez, jendeak adiskidetasun handiz hartzen gaitu. Funtsean, hemen ezkondua naiz, Anaiki eta Easo Abesbatza hor zirela, herriko organista bikaina, eta aita, nola ez, txistua ahoan.

Aita nolaz gertatu da Parisen?
Gerla ondoan, aita harat joan zen txistuagatik. Ez zuen nahi, Frantzia, eta batez ere Paris, infernu haragitua baitzen, Lezotik ikusirik. Frantses andreak fama ttipikoak ziren, eta aitaren arrebak harriarazten zituzten! Filipe Oyhamburuk Etorkin enplegatu musikari-lagun batzuen temagatik joan zen, ororen buru. Aita, sei urte zituenetik, txistulari birtuosoa zen. Xalba Raiok, Easo Abesbatzako zuzendari eta adiskide higaezinak, berriki erran dit aita jainkoaren kusia dela hemen! Ez naiz, alabaina, haren auraz konturatzen. Txistua munduan gaindi eraman du. Biretan ez zelarik, Parisko elkarte batek, Réveil Basco-Béarnais izenekoak, lantxoak aurkitzen zizkion. Elkarte horrek, ororen buru aita enplegaturik, 80 kideko koru mistoa bazeukan, eta bertan Annie batek kantatzen zuen, biarnesa eta sopranoa zena: solo batean kantatzen zuen, egun batez, flauta-jole batekin ezkonduko zela. Horixe bera egin zuen, eta anaia eta ni sortu ginen, ondotik!

Burasoek, beraz, bizitza Parisen eraman dute?
Bai, aitak jostun ofizioa ikasia zuen hemen, eta horri esker, emazte-jantzi denda bat ireki ahal izan zuen, Parisen. Ama kondulari zen. Baina gogoangarriena, bigarren bizitza kultural hura zen, beti jendea etxean, euskaldunak gure apartamendu ttipian tupustean agertzen ziren... Zoragarria zen, bizitza ederra.

Giro horrek kutsatu zaitu...
Loratzen zara, musikaz eta ikuskizun-mundu horrek inguraturik. Igandero, han eta hemen ginen. Beti desfilatzen. Eta aita, izarra zen! Batzuek sekulako harramantza erabiltzen zuten, nik dakita zenbaten artean, eta aita bakarrik zebilen, ikaragarriko indarrarekin. Atabalean laguntzen nuen, ahal bezainbat. Horiek horrela, Parisko Euskal Etxean inplikatu ginen, eta, anaiarekin batera, Jeiki izeneko euskal dantza-talde bat berpiztu genuen. Galeseko Llangolleneko festibaleko bigarren saria eskuratu genuen. Hemengo dantzariak ekarrarazten genituen, eta haiengandik anitz ikasten. Gure tropak gogorra izatearen fama zuen, emaitzak bilatzen baikenituen.

Aita euskalduna, ama biarnesa... Zergatik zaitu euskal kulturak gehiago erakarri?
Euskal kulturak aise indar gehiago du. Hori, argi eta garbi agertzen da. Ez dut erran nahi bata bertzea baino hobea denik, baina kantuei doakionez, jadanik, euskal kultura ezin neurtuzkoa da. Aldi berean, Aita Donostiak kantu biarnes biziki politak harmonizatu izan ditu, testu oso poetikoekin... Eta batzuetan, euskal kulturan, poesiaren bila urrun joan behar da! Ez dut batere ene adar biarnesa ukatzen, nolazpait eztitzen nauke, eta bertze gauza batzuei atea zabalik uzten.

Zer harreman artistiko zenuen, aitarekin?
Gatua zen, azantz gutikoa baina umore ona hedatzen zuena inguruan. Beti lehena kantuz, mahaian zein bertzetan. Gero, familian, konplimenduak ez dira errez jalgitzen! Ongi ez doan guzia elkarri erraten dugu, baina goresmen guti... Aita ez zen zorrotza, ez bortitza. Ez zen pedagogoa, eta beti errepikatzen zigun: “egin gamak!”. Aldi berean, ez zen biziki hertsia, eta biziki hunkitua izan zen zati batzuk semearekin partekatzea, proiektu artistiko baten karietara: hura txistuz, ni organoz, hain ona ez nintzela. Beti zaintsu jartzen nintzen, aitarekin jotzean.

Ez daiteke hain errez, ikono baten ondoan loratzea...
Ez anaiak, ez-eta nik ere ez dugu txistua landu. Hainbertzetaraino genuen gorentasuna belarrian txertatua, non miserable sentitzen ginen gure flautekin, soinu putruska batzuen jalgiarazten saiatzen ginela... Ene aldetik, ez naiz gehiegi tematu. Orkestra-buru izan nahi nuen, ttipidanik. Fantasma zen. Eta, poliki-poliki, heltzen ari naiz! Amak harrapatu ninduen, ttotto baten gainean, ganbaran, miraila goregi baten aitzinean, euskal aireak jotzen zituen orkestra sinfoniko baten zuzentzen... Vasconia deituriko diskoa zen. Bizi-bizia zen. Amak ni horrela kausitzeaz gaitzitu nintzen, ene bila heldu zen bazkaiteko, eta ez dit sekula berriz deus aipatu horretaz. Ez naiz sekula berriz hasi, baina ideia hori beti atxiki dut gogoan. Aitaren gorentasun-bidearen ondoan naiz loratu. Horra hor, bat-batean, Anaikiko abesbatza-buru bilakatu nintzela. Gu zuzentzen gintuen apezaren segida hartu nuen. Taldeko bakarra nintzen Kontserbatorioan ibilia, eta lagunek naturalki izendatu naute buru, hala ere, zera azpimarratuz: hanka sartzen banuen, jakinarazteko ez zirela trabatuak izanen! Sekulako ardura zen, nahiz-eta amateur munduan geunden.

Zerk zaitu interesatzen, funtzio horretan?
Emozioa sortzea. Batez ere publikoari, baita aitzinean ditudan kantariei. Musikak mintzatu behar du, hunkitu, amets eginarazi. Baitezpada. Euskal musika izan daiteke, bertze edozein bezala. Errusiar musika, adibidez.

Nondik zetorkizu errusiar musikarekiko zaletasun hori, preseski?
Batez ere topaketetatik. Kontzertu-programatzaile batek ukan zuen, kontzertu batetik landa, euskal/errusiar eguberriaren ideia. Badu hamabost urte baino gehiago irauten duela. Errusiarrenganik, musika-irakaspenak hartzen ditugu beti, nahiz-eta, aldi oro, talde ezberdinak izan. Ikusten dudalarik errusiarrek zenbat menderen aitzina duten, polifonian aspalditik plantatuak dira haiek, iduritzen zait denborarik aski galdu dugula horrela. Profesionalak izanki ere, beti bezainbat maite dute musika, eta pasio hori transmititzen dute. Euskal kantuak gogotik ikasten dituzte, zeinetan berdintasunak aurkitzen dituzten beren abestiekin. Harmoniak hurbil daude, metaforak ere bai. Euskal kantu batzuen karietara, errusiarrak haien etxean zuzentzeko zoriona ukan dut. Haien kultura musikala zoragarria da.

Plazer horiek, emozio horiek partekatzeak zaitu gehienik motibatzen, beraz?
Bai, baina gehien maite dudana, partizio bat aurkitzea da, pianoz zilatzea, kantatua jadanik entzutea, melodiak, akordeak, eta bizia eman: izigarria da. Entseguak. Bakoitzari bere partidura-zatia irakastea. Hori guzia itxura hartzen ikustea. Eta begiratzea, denbora joan ahala, gure kantarien buru-airea. Eta kantaldiak ere, garrantzitsuak dira. Baina badakit, guti gorabehera, zer emanen dugun. Emozioa bilatzen dut, ez-eta gauza sinpatikorik. Hori erratea, gure lana nolazpait iraintzea litzateke... Taulagaina zaintzen dut: mugitzen gara, soinuaren espazializazioa landuz, musika-tresnak sartuz. Beti emozioaren bila. Eta irria biziki garrantzitsua da. Ez dut alderdi mistikora jo nahi, kultura eta hizkuntza misteriotsua, infinitutik etorria: hor, folk txarrean ari gara! Ahantzi gabe, batzuetan, kantu osatugabeak ematen ditugula, edo hitz absurdoak. Sekulako zoriona dugu hori guzia eskupean ukatea: desdramatiza dezagun, eta goza... Kultura hori bizi dezagun!

Zein da ikerketaren zatia, zure koru-buru funtzioan?
Ahal bezain zabala. Eta ikerketa anitza, artxiboetan barna, Errenteriako (Gipuzkoa) Eresbil zentroan bezala, edo ezusteko topaketak ukanez. Moskuko Sirine korua, adibidez, aurkikuntza biziki garrantzitsua izan zait. Ikusi ditut taula gainarekin jolasten. Haien buruak, Andrey Kotov, etnomusikologoa denak, kantu arras zaharrak lehenesten ditu, baita zintzurretik kantatzeko molde berezi bat. Egun batez, haren proiektuaren oinarria zein zen galdegin nion. Erantzun zidan hautatu garaiko testu zinez guti bazuela, eta, horietan oinarrituz, proposamenak egiteko baimena ematen ziola bere buruari. Horrek argitu nau. Gure liburu zaharretan murgildu naiz, Azkuerenetan bereziki, eta proposamenak naturalki jalgi dira ene baitan. Gauza sinpleak pribilegiatu ditut. Juan Antonio Urbeltzek ere, pista interesgarriak eman dizkit. Gure proposamenen estrukturazio baten ondotik, Anaikiren kontzertuak bi partetan antolatuak dira: erlisione-zatia, eta profanoa. Emaitza aski osoa da, aski leiala, gure kulturaren ibilbidearekiko. Guhaurrek dugu gure kultura hobeki ulertu behar, horren hedaduraz ohartzeko, baita eskas zaionaz.

Eta gaur egungo kantuak, konposizioak?
Zer egin horietaz? Lehiaketak izan dira... deus eman ez dutenak! Alde batetik, musika garaikidea kantatzeko gai ez diren abeslariak ditugu, eta bertzaldetik, kontzertuetan diapasoia belarrian txertatuak dituzten profesionalak, nota onaz segur izateko, akorde disonanteegi batengatik... Non dago hotzikara? Gaur egungo konpositoreek ulertu behar dute ez duela balio disonantziarik egitea beren buruaz harro izateko. Gainera, horien lanek tiranta zoko batean bukatzen dutelarik, gehienetan. Musika zaharrak nahiago ditut, baina hor ere, konpositore errusiarra, Alexandre Manoskov, hartu behar izan dut kantuak albokarako eta lau gizon botzetarako egokitzeko! Dena egin du melodia pribilegiatzeko, ez-eta bere moldaketak: hori, adimen musikala deitzen dut nik. Azken hirurehun urteotan kantatua izan ez den melodia biziberritzea, eta horrek oraindik emozioa piztea: hori zait interesgarria. Eta nehork ez dit erraten ahal jokoz kanpo nabilela, egiten dudana laket izan, ala ez.

Baina zergatik Errusiara joan, moldaketen bila?
Lehenik, nihaur ez naizelako gai hein horretako moldaketak egiteko. Eta, gaur egun, Euskal Herrian, norengana jo? Zenbat aldiz ez ote didate erantzun: “Ez, mana zerbait”. Erran nahi baita sorkuntza bat, musika garaikidea niekela manatu behar. Eta ez dut horrelakorik nahi. Euskal konpositoreek existitu nahi dutela badakit. Baina ulertu behar dute talderik ez dela haien musika kantatzeko.

Non dago aterabidea, edo, gutienez, hautsi-mautsia?
Abesbatza amateurren maila hobetu behar da, batez ere Ipar Euskal Herrian. Oroitarazi nahi dut Orfeoi Donostiarra koru amateurra dela. Astean hiru aldiz biltzen dira, errepiketarako. Saihetsezina da. Easo Koruak, astean bi entsegu, gehi hainbat kantu-klase ondoan. Engaiamendua da. Aldi berean, Verdi, Berlioz... kantatzen dute. Eta legez, debekatua zaie kantaldien sartzeak pagaraztea. Eta Iparraldean... Lekua 12 eta 15 euro bitartean ordaintzea, astean bi orenez errepikatzen duen taldea ikusteko, ez da posible. Baina jendea hor dute. Gero, Frantzia osora hedatzen den arazoa da. Abesbatza-buruak formatzen ahal dira, gustuari izan ezik. Baina den-denok gauza beraz patitzen dugu: kantariei kantuz irakastea. Ez da kantu-irakaslerako diplomera eramaten duen adarrik. Horrek hainbat iruzurgile eragiten ditu: nahiz-eta kantari profesionalak izan, ez dute sekula pedagogiarik landu, edo ez dakite deus ahotsaren fisiologiaz, adibidez. Anaikirekin, Frantziako Abesbatza-buruen Kongresu Nazionalera gomit gara, Parisen, irailaren 12tik 14ra, eta zinez baliatu beharko da kantu-irakaskuntzaren adarra eskatzeko.

Ondorioz, kalitatearen eta herrikoitasunaren arteko oreka bat da aurkitu behar?
Bai. Ongi da auzoko harakina abesbatzan ibil dadin. Baina kantuz jakin behar du, ahotsa kokatzen, hatsa, hori guzia oraino politago izan dadin, eta hobea. Eta kantariek oraindik gehiago ikas lezakete beren buruaz. Koru-buruak ere gehiago gorpuztu behar dira, eta konpositoreekiko harremanak hobetu. Garai hauetan, amodio-istorio bat bizi dut Sabin Salaberrirekin. Kalitate handiko konpositorea da, sekulako ibilbidekoa. 80 urte ditu orain, eta nehork ez daki gehiago nor den, ez-eta bizi denik ere. Melodiak maiz igortzen dizkiot, eta sekulako eskuzabaltasunekoa da. Badira bertze konpositore batzuk, Pier Paul Berzaitz, adibidez, harrigarria dena: betidanik existituko litzatekeen kantu bat konposatzeko gai da! Baratze bat. Jainkoaren grazia da. Enetako, fintasun guzia hor da.

Hala ere, abesbatzak moda desberdinen menpe daude...
Garai hauetan, arazo bat badut Estatu Batuetatik, eta Ipar Europako herrietatik datorkigun moda batekiko. Ederra da, baina oso aspergarria. Kantatzeko molde lineala, gusturik eta usainik gabekoa. Abesbatza batzuk lehiaketetarako makinak bilakatzen ari dira, eta konpositore berriek ere dena egiten dute sariak biltzeko. Arriskutsua da. Sustraiari lotzen baikara hor. Eta anitz gauza lanjerrean ezartzen. Ez da ahantzi behar arriskuen hartzea, eta hori, alde herrikoitik ere pasatzen da. Guridi gisako artista batek egin izan du. Baina horretarako, jarrera bat atxiki behar da. Eta hori, ez du nehork egiten, batez ere Ipar Euskal Herrian. Kontzertu baten kritikarik ez da, sekula. Iragartzen da, baina nehor ez doa aferaren entzutera gero. Iduritzen zaigu dena ongi dela. Barkatu, baina ez naiz guziarekin ados.

Zerekin ez?
Ene azken haserrea aipatzeko: Anne Etchegoyen. Maluros naiz Aizkoa, sortu dudan abesbatza, bigarren mailako barietate horretan galtzen dela ikustean. Zer irudi ematen dugu? Zer ideia? Ez dugu gure kultura aipatzen, hor. Anne ongi ezagutzen dut, eta elkarrekin zintzoki mintzatu izan gara. Funtsezko galdera bat pausatu izan diot: “Baina nor zara, artistikoki, kulturalki?”. Ikusten dudalarik milaka jende horien ikustera doazela – eta ez naiz jelos – banago ea zer deabru kontatzen ahal dieten kontzertuetan. Horrek ez du iraunen.

Aldi berean, zaila da koruen tokia finkatzea euskal kulturaren baitan...
Zaila da zentzu bat aurkitzea, beti gauza berdina kantatzen baita. Eta ezin zentzatuzko koru-buruak ere badira. Denak daude egunerokotasunetik urrun. Gero, ni Parisen naiz, eta iduritzen zait horrek askatasun gehiago eskurarazten didala. Ez dakit hemen nola pasatzen den, baina etengabe berriz etortzen diren 90 kantuen itzulia egina dugu. Zoritxarrez, koruak, edozer gauza baino lehen, klubak dira, topaketa sozializatzailea. Horrek eragiten du kultura bigarren maila batera pasatzen dela, eta pena da. Nolaz ez da ikusten zenbat kantu badauden oraindik konposatzeko? Eresbilek berriki bertze 1.500 kantu aurkitu ditu, Azkuek bilduak: lana badugu!

Elkarrizketa gehiago

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

Antton Larrandaburu

Antton Larrandaburu

"Musika niretzat, arima eta bihotzaren arteko topagune hori da"

Thierry Biscary

Thierry Biscary

"Sortzen dudanak mila erreferentzia ditu, orduan ez da sortzea, irakurketa bat dela errango nuke"

Elkarrizketa gehiago