Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Maialen Errotabehere
Maialen Errotabehere

Maialen Errotabehere

''Kantua, terapia zait; kontsolagarri''

  • Xan Aire
  • 2014-11-25
  • Hizkuntza: Euskara

Maialen Errotabehere (1983, Arrosa, Baxenabarre) botza duen bakarlaria da. Duela sei urte, ibilbide profesionalaren hautua egin zuen. Testu intimoez du osatu plazaratu berri duen diskoa: Biluzik (Agorila), bere hirugarren obra. 

Ttipidanik ba ote duzu botza?
Hori entzuna dut. Baina kantatzea, gure familian, bizimolde naturala zen. Alimaleko bazkariak egiten genituen, denek elkarrekin, kantuz, musikan, dantzan, eta bertsotan ere bai! Gero, Ezpela koruan sartu ginelarik ahizparekin, Ezpeletan integratzeko bezala izan zen, Arrosatik jin berriak baikinen. Denise Olhagaraiekin anitz ikasi genuen, eta hark bideratu gintuen haur kantu txapelketetara. Ez zen batere lehiaketan sartzeko ari, baina, irakasle gisa, polit zitzaion guk horretan parte-hartzea. Gainera, garai hartan, txapelketak indartsu ziren, hizkuntzari anitz lotuak, eta guretako, kantu berriak plazaratzeko aukera ere bazen. Roger Idiart, Mixel Itzaina izan genituen autore, eta oroit naiz txapelketarako lehen bikotea Katixa Dolharerekin osatu nuela. Berantago hasi nintzen bakarka, hamabi urte airean, eta hortik goiti baizik ez dut entzun, kontzienteki, botza banuela.

Ondotik zer duzu, kantu-teknika zorrozki ikasi?
Franko, bai. Denise Olhagarai haurdun zela, Laetitia Casabiancak ordezkatu zuen, eta horrekin, teknika anitz ikasi. Kontserbatorioko arduradunetan zen, eta hark ninduen hara erakarri.

Zer ikasten da zehazki, teknika mailan?
Gorputza osoarekin kantatzea, anatomia ezagutzea, zer pasatzen den kantatzean. Esperientzia desberdinak egiten ahal dituzu, tresna anitz ukanki zure eskuetan. Zuk hautatzen duzu zer landu nahi duzun, gero. Taldean kantatzen ere ikasten da, biziki inportantea dena. Hala ere, Ezpelan franko zaila izan zen, Laetitia Casabiancak maila handia eskatzen baitzigun. Zorroztasun handia bazuen, baina gauzak pasioz egiten zituen. Aldiz, aitortu behar dut kontserbatorioan sei hilabetez baizik ez nintzela egon, ez bainintzen ene tokian sentitzen han. Konplizitate guti zen ikasleen artean, eta kantuaren amodioa ere nonbait eskas zitzaidan, klase batzuk hain ziren zientifikoak. Ezpelan zegoen giro herrikoia behar nuela ohartu nintzen.

Teknikan hainbertze ardaztuz, ez ote da bidean zerbait galtzen?
Nik uste kantu-irakasleak Johnny Cashi erran zion, lehen klasea bukatzean, ez zuela sekula teknika-irakaskuntzarik segitu behar. Sobera zukeen galtzeko: beretik aritzekoa. Nik uste oreka eta neurri kontua den. Teknikak oinarri sendoa ekartzen dizu, eta, ondorioz, lasaitasun bat. Baina publikoari eman behar diozuna, ez da teknika. Eta ez du hala izan behar ere. Zure baitan diren gauzak dira, bakoitzak bereak dituenak. Zuk duzun zerbait proposatzeko ari zara. Emozioak erakuts, ala gorde, bakoitzak bere gisan du xarma ekartzen.

Eta gure berezitasun kulturalak, non geratzen dira?
Egia hori ere badela. Gure berezitasunak baditugu, gure kodigoak, eta anitzetan guti dakigu horietaz. Ez dut uste kantu herrikoirik egiten dudanik. Ez dut bide hori hautatu, eneak diren gauzak baititut kontatzeko. Kontziente naiz amerikartasun batean sartua naizela. Globalizazioan sartu gara, guk nahi ala ez. Kalakan taldean ere, pop kutsua bada. Kantari gutik du hemengo esentzia atxikia. Nik hasteko, arrunt galdua dudala erranen nuke.

Zure hautua izan da?
Uste dut baietz. Hainbeste influentzia badugu, gaur egun... Bluesean, amerikar folk eta popean ditut iturriak, horretan aurkitzen baitut sentsibilitate bat. Luzaz ibili naiz erdipurdi bi munduen artean, baina orain, hautua egina dut, bai. Ene lehen diskoa entzun, ala gaurkoa, hautua argiki ageri da. Ahotsan berean: lehen, biziki gora kantatuko nuen, nituen influentziengatik. Orain, apalago nabil, bertze soinu batzuetan. Baina hautu horrek, denbora hartzen du, ez baita ikasi duguna errefusatu nahi ere. Gure jarraiduraren transmisioa, bertze nonbait aurkitu dut: gehien bat gizon- eta haur-koruak zuzenduz, nik uste.

Kolektiboak zer garrantzi ukan du, zure ibilbidean?
Anitz gauza ekarri dit, beti. Mixu eta Xabaltxekin osatu genuen MMX hirukotean, anitz ikasi dut ardura mailan, adibidez. Eta ikusi ere, hiruek elkarrekin, indar gehiago bagenuela. Besteetaz eta norberaz ikasten da, eta bakoitzaren jarrera ezagutzeko, kolektiboa tresna interesgarria da.

Mixu eta Xabaltxen eskasia sendi duzu, gaur egungo euskal kantagintzan?
Kantagintzan, ez dut deus egiten Mixuri pentsatu gabe. Haren eragina handia zait, oraindik ere. Hark zuen espontaneitatea zait eskas gaurko kantagintzan, baita pizten zuen festa giroa. Eta Xabaltx, sortzailea zen. Beti entseatu ditu gauza berriak, baita musika elektronikoan ere. Beti ikerketan behar zuen izan. Espero berriz itzuliko dela. Gainera, haren poesia, eta melodiak sortzeko duen gaitasuna, bereziak dira.

Bitartean, bakarkako bidea jarraitu duzu: zer heinetaraino izan daiteke profesional, euskaraz kantatuz?
Nik uste dut ez dela neurririk. Baina ez ditut jasaten ahal euskarari buruzko oharrak; jendeak ez duela deus ulertu, edo horrelakoak. Ni kontzertu batera noa ikusteko artistak zer didan proposatzeko. Horren baitan, hizkuntzarena bada. Bereizezina da: bere hautua da. Horregatik dut uste mundu osoan kanta dezakedala ene obra. Hori dut kontatu nahi, eta maite dut taula-gainean izatea. Angélique Kidjo bat ikusten dudalarik, mundu osoan dabil bere hizkuntzan kantatzen. Eta ez dugu konplexurik ukan behar euskaraz kantatzeko. Adibideak ez dira eskas: Kalakan, Fermin Muguruza...

Euskarak toki garrantzitsua du zure munduan, beraz?
Bai. Angers hirian bizi den mutiko batekin seme bat ukan berri dugu. Mutiko-lagunari hastapenetik ulertarazi nion nahi nuela gure haurra ttipidanik Euskal Herrian murgil dadin, jakin dezan nongoa den, eta euskaraz osoki bizi dadin. Munduari zabaldua izateko ere, hori funtsezkoa zait. Eta kantuan ere bai.

Haatik, profesional munduan, zaila daiteke prozesu osoa euskaraz egitea...
Kiskun-kaskun aritzen gara hiru hizkuntzen artean, egia da! Euskarak bere tokia ukan dezan kasu egiten dugu, euskaldunon artean. Ez da errez, baina inportantea zait. Euskaraz kantatzen duzularik, zure hitzen garrantzia azpimarratzeko, ideiak partekatzeko edo defenditzeko, lagun erdaldunek sendi dezaten ere, garrantzitsua da euskarak prozesuan ere tokia ukan dezan.

Kantuak idazterakoan, zeri eman diozu garrantzia?
Maite ditut hitzak, baina ez naiz autore sentitzen. Ez dut poesia handirik egiten, eta ez dut hizkuntza aski menperatzen horretarako. Ene istorio ttipiak ditut kontatzen. Enetzat, garrantzitsuak dira, gai batzuk aipatu nahi baititut, edo gauza berezi bat norbaiti zehazki kontatu.

Partekatzeko ari zara?
Kantua, terapia zait; kontsolagarri. Kantatzean, batzuetan negarrez hasten naiz, eta on egiten dit. Hainbat gauza kanporatzen dut, eta hobeki sentitzen gero. Baina horretarako, gauzak partekatu behar ditut. Dependitzen du zer kontatzen dudan, baina mezulari ere sendi naiteke.

Profesional munduan, nola pasatzen da zirkuituen afera?
Oinarrian, ene proiektua da. Nik egiten dut, eta ikusten nora eramaten ahal dudan. Enetzat, zirkuitua arrunt desberdina bilakatu da, batez ere azken diskoarekin. Akustikotik elektrikora pasatu naiz, eta ez elizetan ibiliko. Jende berriaren ezagutzen ari naiz, eta panorama anitza dut aitzinean: ikusgarri-gelak, antzokiak, gaztetxeak... Sekula egin ez ditudan gauzak! Aldiz, aldaketa sakona ukanik estiloan, argitaletxearen duda eragin du: Agorilarekin jarraitu, ala ez.

Ez daiteke zirkuitu bera zabaltzen Agorila diskoetxearekin, ala Elkarrekin...
Ez da batere gauza bera, ez. Dudak nituen albuma honendako, Hegoaldera ere zabaldu nahi bainuen. Elkarrekin zirkuitu zabalagoa ukaiten ahal nuen, baina zer baldintzetan, ez dakit. Agorilak oraindik ematen du dirua gauzak ekoizteko. Artistak haien osotasunean hartzen dituzte, horien proiektuan sinetsirik. Promozio-lana, ene gain da: lan gehiago da enetzat, baina ekoizpen-fase hori babestua izan da, duinki ordaindua.

Ekonomikoki, zer zentzu du disko bat argitaratzeak?
Nik oraindik maite dut disko bat ukatea esku artean, liburuxka hostokatzea, hitzak irakurtzea... Erritual hori internet baino nahiago dut. Sorpresazalea naiz, eta diskoak erostea gustukoa dut jakin gabe zer den. Bestela, ekonomikoki ez du zentzurik, ez, baina oraindik zure lanaren erakuslehio geratzen da.

Webgunea frantsesez soilik izatea, marketing afera bat da?
Batere! Normalki, hiru hizkuntzen artean hautatzeko aukera eskaintzen du, baina arazo tekniko bat dago. Bertan aurkitzen ahalko dira hitzen itzulpenak erdaraz, diskoaren liburuxkan euskaraz soilik utzi nahi izan baititut.

Petti eta Eñaut Elorrietarekin kolaborazioak dituzu diskoan: zer desberdintasun dago zu eta horien artean, kantari profesionalaren egunerokotasunaren heinean?
Presio handiagoa dukete, intermitente estatuturik ez baitute. Hemen, gure ofizioa osoki garatzeko eta gozatzeko aukera dugu, egunero. Han, bertze zerbaitetan lan egin behar izaten dute, puntualki, dirua irabazteko. Behar bada beldur horrek motibazio gehiago ekar dezake ere, funtsean.

Baina ekoizpenaren morroi izateak, ez ote du ondorio txarrik?
Inspirazioa dutenentzat, ez! Niri ez zait posible urtero disko bat ateratzea, denbora behar baitut gauzen egiteko. Biluzik diskora iristeko, ibilbide luze bat ukan behar izan dut. Orain, gauzak argi ditut, eta ez artistikoki bakarrik. Ene bizitzan, gauza batzuk bukatu dira, eta bertzeak hasi: aipatu nahi nituen, eta argi ezarri. Hala ere, halako lausotasun bat atxiki nahi izan dut, ene obra bakoitzak bereganatzeko gisan. Geroa ez dut baitezpada argiki ikusten, baina badakit nik anitz gauza dudala esku artean, horretaz erabakitzeko. Ibilbideari anitz kasu egiten diot, baina musika eta kantua beti ene bizitzan izanen dira.

Gehiago jakin