Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Oskar Alegria
Oskar Alegria

Oskar Alegria

"Desagertzen ari den hura filmatzen ikasi nahi dut"

  • Xan Aire - EKE
  • 2015-08-29
  • Hizkuntza: Euskara

Oskar Alegria (1973, Iruñea, Nafarroa) telebistako kazetaria zen. Askatasun beharrak Heletara eraman du, baita zinemaren atarira: Emak Bakia Baita lehen luze-metrailarekin, gaitzeko arrakasta bildu du. Euskal Kultur Erakundeak lau film labur manatu dizkio, SOKA erakusketarako. Filipe Oihanburu eta Jean Ospital dantzari ohiak kilikatu ditu bertan, erakusketaren jakintza entziklopedikoari bere kolorea emanez.

Osabarekin hasi omen zinen euskara ikasten: zein adinetan izan zen?
Zazpi urtetan. Bonaparten euskalkien mapa begiratzen baduzu, euskararen mugak, Nafarroa hegoaldean, egiten du malko batek bezala: han da Artazu, aita-amen sorterria. Donejakue bidetik doi bat aparte izanik, mendian, euskara pixka bat gehiago atxiki zuten, zaluki galtzen ari zen eremuan. Osaba misioilari genuen, euskara eta horren zaletasuna seminarioan ukanik: nirekin beti euskaraz hitz egiten zuen, hitz soilak baizik ez baziren ere. Horrez gain, itzaina zen gure aitak ere izanen zuen garrantzia nire euskaltzaletasunean, baita artista-ibilbidean: hirira bizitzera joatean, ukan zuen sorterriko euskarazko azken hitzak biltzeko obsesioa. Nahiz-eta erdalduna izan, hantxe ibili zen agureekin, orotara 257 euskarazko hitz bilduz, eta liburuxka bat argitaratuz. Baserri-munduko hitzak dira gehien bat, tresnen eta txorien izenak, kostalangorri bezalakoak.

Baina horrek zertan ukan du zugan eragina?
Nik uste obsesio horren segida egiten ari naizela, molde desberdinetan, eta nire arloetan. Desagertzen ari diren gauzekin lan egiten ari naiz, pelikuletan ere bai. Betidanik pentsatu dut hitza desagertzen denean, objektua ere egiten dela. Edo mundu bat. Ibardinen badago lepotxo bat, Aire-Leku deitutakoa: bertara baldin bazoaz, ulertuko duzu zergatik izen hori eman zioten. Baina gaur egun, ez diogu gehiago kasu egiten horrelako xehetasunari, eta mundu hori ikusteko gai ez gaude.

Preseski: burasoen exodioa bizi izan ote duzu?
Ez, dagoeneko Iruñean ziren. Denek bide hori egiten zuten, garaian. Gosea zer den ezagutu dute gurasoek. Aitak lotura handia du sorterriarekin. Amak ez, han anitz sufritu baitu, beti lanean. Gaur egun, errazagoa litzateke Artazun bizitzea, teknologia berriekin, eta Iruñeatik ere hurbilago geratzen baita, errepide hobeen medioz. Horregatik ere batzuk berriz itzuli dira hara, edo erraza egin zaie han geratzea. Hala ere, ez nuke aukera galdu nahi Artazuko gizon bat hemen aipatzeko: Francisco Albistur Albistur. Arga ibaiaren bestaldean bizi zen bakarrik, borda batean, argindarrik eta urik gabe, behiekin. Euskalduna zen. Basa: untxiak eta basurdeak tranpetan harrapatzen, jendea ikustean ihes egiten zuena. Ibaia kable batean irristan pasatzen zuen, zubiak bordatik urrunegi izanki. Gizon hori oroitzean, ikusten dut nire burua aitaren praken gibelean, hainbeste beldurrarazten ninduen. Gure osabarekin baizik ez zen mintzatzen, hura ere euskalduna izanki: bere hizkuntzan irekitzen zen. Egunero, angelusaren tenorean, bi gizonak, azken euskaldun zaharrak, ertz batetik bestera elekatzen ziren. Ibaiaren hizkuntza zen niretzako! Ez zuten oihu egite beharrik: Argaren musikari egokitzen ziren, egunerokoak – eta gehiago – aipatzeko.

Poesia horrek izan duke eragina...
Nola ez, ba! Baina gure osaba hil zen. Jakin dut gure gizona ohiko tenorean ibai-ertzera hurbildu zela. Eta gure osaba ez zitzaion agertu. Ez-eta biharamunean ere. Beti egon naiz pentsaketa zer gertatu ote zen haren buruan, mintzalagun bakarrenetarikoa galtzean. Harreman horrekin batera, hizkuntza ere bukatu baitzen. Eta mundu bat, zibilizazio bat. Euskaraz aritzean zabaltzen zena. Gizon hura ere zendu denetik, haren borda grabatzen izana naiz. Keak beltzaturik, libururik ez. Jakin izan dut dirurik gabe bizi zela; Iruñeako harakin batekin bazuen tratu bat: harrapatzen zituen ehizen truk, bildots bat-edo eskuratzen omen zuen.

Film berezi baten ekaia baduzu hor...
Nahiago izan dut bizi-filosofiatzat hartu. Francisco heroi bat zait: hura bezala izan nahi dut, nire bizitzaren hobenduna da! Adinarekin dut ulertu askatasunatik hurbilena hura zela bizi izana. Eta gaurko egunean, geroz-eta zailagoa dela aske izatea. Gure gizona ezagutu duen herrikide batekin egona naiz solasean: elurte alimale batean, behien biltzen lagundu zuen, baina gero, elurragatik, haren bordan egon behar izan zuen. Zazpi egunez. Sekulako esperientzia izan omen zitzaion: otoizka ari omen zen elurra geldin ez zedin, hain zen Franciscoren munduan ongi! Sinesten diot. Eta jeloskor naiz!

Telebista presondegi zitzaizun?
Telebista baino, kazetaritza. Nahiz-eta lan horrek indarra eta fedea eman, hedabide baten barnean zaudenean, baduzu epe bat, soldata bat, eta nagusi bat. Esparru mugatu bat, eta kausitu beharreko publiko bat. Hots: poxeluak. Aldi berean, hortik zait egitasmo pertsonalaren beharra puztu. Behin Lapurdin izan, eta Man Rayren inguruko obsesioa piztu zitzaidan. Eta nire libertatea praktikatzeko aukera ere: hortik jalgi zen Emak Bakia Baita filma. Ihesbide batean abiatu nintzen, ikaragarria zena, bainekien ez nintzela hortik itzultzen ahalko. Ez nintzateke gai izango berriz kazetari-moldeetara itzultzeko. Bide hau droga bezala bizi dut, edo artzain soilak bortuarekin duen harremanaren gisan. Ez dut diru beharrik. Lagun batzuek 10.000 euro behar izaten dute filma baten egiteko: nik bost egin ditzaket prezio horretan. Libertatetik sortzen eta ekoizten baitut. Iristen zaizkit proiektu potoloak, kristoren soldatarekin eta nahi dena, baina ez ditut onartzen. Oihanaren erdian nabil, eta horren bihotzean nahi dut egon. Horregatik ere nintzen Lapurditik Baxenabarrera pasatu, eta baliteke Zuberora ere joatea. Baina ez nago horretarako oraindik prest... eta behar bada, zuberotarrak ere ez daude ni errezibitzeko prest!

Nolako harremana duzu denborarekin?
Denborarena zait garestiena: menperatzen ez dugunez, gaurko bizimoldean luxua da. Baina ez dut epeekin bururik hausten. Adibidez, Emak Bakia Baita filmarendako, aste bat pasatu nuen Parisen, euriaren zain. Irudi konkretua nahi nuen: euri tanta bat Man Rayren hilobiko potretako begitik jaisten, malkoa bailitzan. Denbora eskatzen duten memento horietan, Francisco Albisturrengandik oso hurbil sentitzen naiz. Nire askatasuna praktikatzen, nahiz-eta dirurik ez hortik jaso.

Sariek zer garrantzi dute?
Saririk hoberena da Emak Bakia Baita pelikula hamalau hizkuntzetan itzulia izana. Azkena, japonieraz. Punta-puntakoa den Yamagata festibalak aukeratu du, eta bertara noa urrian, aurkeztera. Dakidanean nola egina izan den filma – laguntzarik gabe, nik bakarrik, pasioz eta ez diruagatik – sekulakoa da horrelako emaitza jasotzea puntan. Ez nuen halako anbiziorik, eta ez dut uste horrelakorik buruan eduki behar denik filma bat egitean. Funtsean, Emak Bakia Baita grabatzean ere, ez dut urrezko altxorrik aurkitu itsasoan, baizik-eta hitzezkoak: urpean geratu diren arroken izenak badakizki Mixel Etxeberri agure bidartarrak. Hura hilen delarik dira desagertuko arrokak ere bai, nahiz-eta nire pelikulaz munduan zehar ibili.

Non-eta baten-batek ez dien zentzu berririk ematen arroka horiei...
Hori da, baina zaila ikusten dut hori gaurko Bidarteko egoeran. Mixelek egin zezakeen guztia egin du: berreskuratu, lehorreratu ditu izenak. Hor daude, eta auskalo egun batean zer gerta daitekeen horiekin!

Baina ez zara hitz zaharretarik dirudun aterako... Nola buru egin egunerokoari?
Iruñeako Ikuspuntu festibaleko zuzendari artistiko izateak ogibidea bermatzen dit. Lanpeturik nabil urte erdian horrekin, baina beste erdian, nahiko aisit, nire gauzekin. Hori erosoa da. Festibalak artistikoki ere elikatzen nau, baina ez dut uste hain ona denik hainbeste pelikula ikustea denbora gutiz. Ideiak hartzen ditut, anitz ikasten, eta bilatzen dut ume izatea. Umiltasuna. Anbiziorik gabe jin-berria naiz zinemara: intruso bat naiz! Baina konturatua naiz ekoizleen %5a dela humanoa, gaineratekoari dirua baizik ez zaiola interesatzen. Hor da ikasten ezetz erraten.

Koherentzia atxikitzen...
Ariketarik zailena da, gaurko egunean! Behin ikusle batek erran zidan nire koherentzia pelikulan ageri zela. Baina ez da erraza ildo bati eustea.

Hain segur ere, Heletan bizitzea lagungarri izan daiteke...
Bai, eta nola! Gainera, hainbeste aldiz muga zeharkatzen dudanez, iruditzen zait kontrabandoan nabilela. Iparraldean ikasi hitzak Iruñeara ekartzen, edota irudiekin lepoak zeharkatzen. Behin, Otsondon, Guardia Zibilak geldiarazi ninduen, gauaz, sekulako euria ari zuela. Erakutsi behar izan nien nire kamaran zer nuen. Hantxe geratu zen sarjentu bat nire irudiei begira... Emak Bakia Baitaren lehen kritikaria izan zen! Galdezka hasi zen, eta ni ahal bezala azalpenak ematen... Ez zuen tutik ulertu! Nire baitan pentsatu nuen ez zela hain seinale txarra! Artea sobera ordenatua baldin bada, ez dakit ba... Ez zait gustatzen, proiektu bat egiterakoan, gauzak argiegi izatea: ez nire baitan, ez filmaren prozesuan, ez-eta ikusleari erakutsiko diodan emaitzan.

Flou artistiko hori atxiki duzu SOKA erakusketarako egin dituzun lau filmetan?
Lehenik erran behar dut zerutik erori zaidan proiektua dela. Agure batzuekin egotea, oparia zait. Eta hor ukan dudan libertatea, zer esanik ez. Erakusketaren ildoari jarraitzen saiatu naiz, kutsu pertsonala emanez, erakutsiz zer irudika daitekeen zati entziklopedikoak azaltzen duenetik. Filipe Oihanbururen kasuan, gustatu zait memoriarekin jostatzea, iragan distiratsuarekin, horren aztarnekin.

Sentitu ote duzu, Oihanbururen kasuan, sufrimendua?
Ez. Edo zinez pittin-pittin bat. Dantzari ohi baten eguneroko lekuko bihurtu nahi izan dut ikuslea. Oroitzen naiz, Mizel Thereten ikusgarriak inspiraturik ibili naiz. 94 urteko gorputza igerika filmatzea, zerbait izan da. Eta bada memoriarekin jolastea. Agure bat, mintzo edo mugimenduan ez delarik, pentsakor jartzen da. Iradoki nahi dut iraganari pentsatzen jartzen dela. Hor ditut erabili Filiperen artxibategiko super 8an filmatu irudiak, kalitate txarrekoak edo bederen flou agertzen direnak: nik uste gure memorian horrelako irudi desenfokatuak dabiltzala.

Eta galtzerdi berde horiek [SOKA erakusketan aurkeztutako film baten izenburua] ?
Hori ere, Mizel Thereten ikusgarritik dator: horren making-offean, agertzen da Filipe zuriz bezti, baina galtzerdi berdeak dituela. Ez ditu nor-nahik galtzerdi berdeak horrela eramaten ahal, erridikulua izan gabe. Filipe Oihanburuk, bai. Begira horren ile zuria, bigote horiek, janzteko eta egoteko moldea: dotoreziaren definizio bat! Agian gure kultura eramaten oso berdeak gara, eta dotorezia gehiago beharko genuke. Ez gara gure folklorearen berdean geratuz aterako. Filipe Oihanburuk mundua dotore zeharkatu du, arima berde atxikiz: hori da galtzerdi berdeekin iradoki nahi izan dudan metafora. Man Rayrekin ere badu horrek zerikusirik.

Baina Filipe Oihanbururi leporatua izan zaio folklorikoegia izatea...
Hala ere, iruditzen zait gauza ausartak egin dituela. Baina konturatu naiz euskal dantzaren munduan dagoen sekulako talkaz. Gauza pertsonalak ere bihurtu direnak, gainera. Ez zait iruditzen bertsolaritzan horrelakorik gertatzen denik. Gustatzen zait flamencoaren munduan sekulako aztarna utzi duen Enrique Morentek esandakoa: "puristak baino, puruak ditugu eskas".

Hala ere, sentitu ote duzu zerbait desagertzen ari dantzaren munduan?
Ez naiz dantzan aditua, eta ez ezertan ere, funtsean! Intrusismo horren defendatzaile sutsua naiz, horrela gauzak lehen aldikoz deskubritzen baititugu. Susmoa dut euskal dantzan, arlo guztietan bezala, benekotasunean dela galdu. Turistentzako eman izan dira dantza gehienak azken urteotan, eta zentzua galdu da bidean. Ederra da atxiki, edo espektakularra. Tangoan ere hala da: piruletak baizik ez dira agerian. Nire ideia karikaturatzeko, erran nezake godalet-dantza baizik ez dugula dantzatzen gaur. Begiendako. Hipnosia horrek istorioa, historia, mamia, funtsa... galarazi dituela. Inpaktatzen du berehalakotasun batean, baina ez dut uste irauten duenik memorian; eta horrek, eragina du transmisio-kontuetan.

Nola azaldu hori... irudi eta film labur bidez? Paradoxala dirudi...
Horretan da filma egiteko prozesuan hautatu filosofia garrantzitsua. Egin nezakeen espektakularraren hautua. Baina desagertzen ari den hura filmatzen ikasi nahi dut: hori da gaurko nire unibertsitatea. Nahiago dut iradokizunaren tentsioaren hautua egin. Kukutua dena doi bat erakutsi... azaldu gabe. Baina gehiegi ezkutatu gabe ere! Kuku-gordeka bezala da: sobera ontsa gordetzen bazara, lagunek utziko diote zuri bilatzen, eta han geratuko zara bakarrik. Sokaren kasuan, ez dut beldur gehiegi, erakusketa baten erdian kokatuak baitira nire filmak. Jakintza horri oihartzun pertsonala eman nahi izan diot, metaforen iradokizunaren haritik.