Elsa Oliarj-Inès

Elsa Oliarj-Inès

"Trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu"

  • LAUKITIKAT
  • 2023-09-22
  • Hizkuntza: Euskara

Parisetik iritsi berria, azken urteetan Frantziako hiriburuan metatu dituen objektu eta momentu ederren maleta oraindik osoki hustu gabe harrapatu dugu Elsa Oliarj-Inès (Lavaur - Okzitania, 1988) zinegilea. Atharratzen, haren bizitzaren kapitulu berri bat zabaltzera itzuli da familiarekin batera, proiektu berriak hasteko asmoz eta izarrak alabari egunero erakusteko gogoz.

Xiberora itzuli berria, bizi kapitulu berria hastera?

Ene proiektu guztiak hemen egin ditut, ene film guztiak basaburuan iragan dira eta ene ustez beti izan da nire barneko zerbait hor. Duela lau urte jada hasi nintzen itzuleraz pentsatzen, baina ez nekien zuzen nola egin. Gero hemen garen biltegi hau ikusi dugu nere lagunarekin eta pentsatu dugu bazela zerbait egiteko, Atharratzen arteari buruz. Orduan pentsatu dugu hau zela berriz etortzeko momentu egokia. Atharratzera itzuli gara duela bi aste bakarrik eta gure bizi berria orain hemen hastera goaz. Ez dakit noiz arte, agian betira arte.

Non gaude hemen?

Hemen lehen, laborarien kooperatiba zen, duela zenbait urte lekuz aldatu zuten arte. Garaian hona etortzen nintzen baratzeko tresnak hartzera. Egun batez, ene amak hemengo argazki zenbait bidali zizkidan eta nire lagunarekin hau ikusi genuenean, pentsatu genuen leku handi honetan bazela zerbait egiteko. Parisen gure apartamentuan erakusketak egin ditugu zazpi urtez, bederatzi metro koadratuko gela batean. Orduan hemen, seiehun metrotan ber gauza egin nahi dugu, erran nahi du, margoak eta artea hemen erakutsi. Hemen izatez, nahi genuke hemengo jendeari arte garaikidea ekarri eta erakutsi hemen egiten eta erakusten ahal dela artea, oraingo artea, oraingo sorkuntza. Nahi genuke biltegi hau, bizi den leku bat izan dadin.

Elkarrizketaren bideoa

Xiberotik Xiberora, eta bitartean egin duzun bidea?

Lavaur herrian sortu naiz 1988an baina ez naiz sekula hara itzuli, orduan ez dut batere ezagutzen. Nire burasoak sei hilabete nituenean etorri ziren hona bizitzera. Aita albaitaria zen eta egiazko kabalak, hots behiak, zaldiak, ardiak artatu nahi zituen eta ez katu eta txakurrak bakarrik, orduan hona etorri ginen. Hemen aitamek, euskara ikasi zuten eta gu anai-arrebak ikastolara joaten ginen. Gero nik literatura eta zinema anitz maite nituenez, Baionako lizeora joan nintzen, zinema hautuzko gai bezala eskaintzen baitzuten. Ondoren, Parisera, Sorbonne berriko Literatura eta zinema master baten pasatzera joan nintzen eta dokumentalarekin topo egin nuen. Bereziki, Chronique d'un été, Jean Rouch eta Edgar Morinen lan bat ikustean argi eduki nuen. Dokumentalaren formatua, hain libre, hain eder, hain poetikoa ikusirik, nire bizia horri buruz joatea erabaki nuen. Gero Lussas herrira joan nintzen dokumentalen sorkuntzaz master baten egitera. Han idatzi nuen nire lehen dokumentala Dans leur jeunesse, il y a du passé izenekoa eta horrela hasi nintzen dokumentalak egiten.

Ez da erraz jendeari ulertaraztea euskara ez dela nire lanaren gaia, euskara material bat dela beste materialak bezala.

Hortik landa, nire anaiak proposatu zidan bere proiektua segitzea eta horrek beste film bat ekarri zuen: Les airs sauvages-Basahaideak. Hor nire anaiaren lana jarraitu nuen, musikariaren ikuspuntutik, hots kantu zaharrak nola gurutzatu daitezkeen jazz edo rock musikarekin, baina lehengo ahaideen erroak galdu gabe. Nik lan hori filmatu nuen eta ber momentuan, nortasuna proiektua hasi nuen. Egia erran, aita 2014ko maiatzean hil zen eta irailean hasi nintzen Sohütako ikastolako haurrak grabatzen. Uste dut horren atzean bazela nonbait hona maiztasun batekin itzuliko nintzela segurtatzeko aitzaki moduko bat. Lan hori ere nortasunaz ari da, nola osatzen den nortasuna, urtez urte jarraipen bat eginez. Lan hori biziki luzea da, hemeretzi haur dira gelan eta denak filman agertzen dira, entziklopedia moduko bat da. Egia erran, ez dakit zuzen noiz eta nola bukatuko den proiektua, baina horretan nabil.

Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Halako proiektuak erraz muntatzen dira Euskal Herrian?

Ez da batere aise euskarari buruzko film bat egitea eta ber momentuan, film hori Euskal Herriko publikoari ez mugatzea. Alegia, nire lanak egiten ditut publiko guziek ikus dezaten. Ez da batere erraza hemen filmak euskaraz egitea, gero, hemen, Parisen zein beste lekuetan erakusteko. Halere aldaketa bat ikusten dut, izan ere lehen filma egin nuelarik, proiektuaren partaide zen France 3 Aquitaine kateak dena doblatu nahi zuen. Nik ezezko borobila eman nien eta borroka bat izan zen azpitituluak ukaiteko. Orain aldiz, proiektu berrian dena euskaraz dago eta nik idatzi ahotsa ere euskaraz da. Aldi honetan, Europako araudiak eta kuotak aldatu dira euskara bezalako hizkuntza gutxituekiko eta uste dut euskarazko filmak pasatzea errazago izango dela.

Prefosta badela zerbait hemen, Xiberoan eta Basaburun sustut enetako. Nik beti maite izan dut hemen, oihanean, mendian lo egitea.

Filma euskaraz da, baina ez da hizkuntzari buruz, haur horien haurtzaroaz, nortasunaren garapenaz baizik. Hori ez da erraz jendeari ulertaraztea, alegia euskara ez dela nire lanaren gaia, euskara material bat dela, beste edozein material bezala. Hori ulertzen badute Akitanian, hedatzaileek eta abar, alegia filmak euskaraz egin daitezkeela baina hizkuntzaren gaia aipatu gabe, nire ustez, hizkuntza gutxituen gaitik aterako gara, eta hor dago nire borroka. Baina jarrera hori ez da jende guztiarentzat ulerterraza. Ni euskaraz eta frantsesez hazitakoa naiz. Zinez bi hizkuntzekin handitu naiz. Bietan bizi naiz egunero eta nire filmak ere bietan dira, eta uste dut hori dela nire filmetan interesgarria.

Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Nire ustez, trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu.

Xiberoko airea, lurra, giroa... inspirazio handiko iturri omen dira, sortzaile, artista askorentzat, zuretzat ere halaxe da?

Prefosta badela zerbait hemen, Xiberoan, Euskal Herrian eta Basaburun, sustut enetako. Nik beti maite izan dut hemen, oihanean, mendian lo egitea. Beste herri ttipi batera joan nintzelarik ikasketentzat ohartu nintzen hortaz. Izan ere Parisen zaudelarik bizimodua ezberdina da erabat, baina herri txiki batean egonik ohartu nintzen bazela bizi bat erreka eta oihanen artean, hemen badirela kantuak, dantzak eta kultura guzti hori. Nik anitz maite ukan dut Parisen bizitzea. Jende anitz ezagutu dut, gauza anitz egin ditugu. Egiazko borroka bat zen bertan bizitzea, jendea ezagutzea, baina horrek sekulako indarra ematen zidan. Gero alaba bat ukan dugu, ondotik Covid garaia etorri da, gerla izan da eta guzti hauen artean, bat-batean hasi naiz pentsatzen hemen nago borroka batean, ez dut sosik hemen bizitzeko, baina zertan ari naiz hemen? Ohartu naiz Pariseko denda biologikoetan barazki ekologikoak erosi ordez, nahiago nuela nire baratzean nire mozkinak egin. Ohartu naiz bazela zerbait ez normala, eta behar nuela atzeman berriz harreman hori naturarekin. Alaba sortu zenean, Kosma deitu genuen eta kantu bat idatzi nion izarrei buruz, izenarekin lotura eginez. Baina ber denboran ohartu nintzen Parisen izarrak ez zituela ikusten! Orduan hor pentsatu dut ez zela posible izarrik gabe bizitzea.

Ondare immaterialaz zer diozu?

Justuki Basaide filman, bazen halako galdera bat: Noiz hasten da tradizioa?
Mixel Etxekoparrekin, Tradizio-traizio hitz jokoaren inguruan irri anitz egin dugu. Jean-Mixel Bedaxagarrekin ere anitz hitz egin dugu gaiari buruz eta eztabaidatu ere bai. Izan ere, tradizioak atxikitzearen alde dago, adibidez, neskek dantza batzuk ez egitearen alde eta abar. Nik ateratzen dudan ondorioetako bat da, tradizioak galtzen direla, jendea hiltzen baita eta ongi dela horrela. Baina egoten dena, gure barnean egoten dena da bizirik gelditzen dena, eta hori da inportantea. Nire lagunarekin, arte garaikidea ekartzeko proiektuaz hitz egitean gai hori anitz aipatzen dugu. Izan ere, hemen, dantza, pastorala, kantua eta beste kultura alorrak nagusi diren eskualde honetan, nola egin, bakarrik hiri handietan ikusten den arte garaikidea sartzeko?

Jende anitz borrokatzen ari da ohituren alde eta ongi da, baina hori ez da nire borroka.

Nola lortu arte garaikidea proposatzeko atea? Nire ustez, trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu. Hori izanen da gure helburua, hori izanen da gure lana, atzemaitea leku ona tradizioaren eta sorkuntzaren artean. Jende askok helburu berdina dugu, baina hemen Xiberoan egia da tradizioak leku handia duela. Nik ere anitz maite ditut maskaradak, hemengo kantuak, hemengo hizkuntza eta abar. Horrek dit ere itzultzeko gogoa eman nonbait. Jende anitz borrokatzen ari da horren alde eta ongi da, baina hori ez da nire borroka.

Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Emazte gisa gehiago interesatzen nau egiazko mundua ulertzeak, gauzak nola egiten diren.

Fikzioak erakartzen zaitu?

Beti pentsatu dut mutikoen kontu bat dela fikzioa, mutikoek behar dietela bestei erakutsi beste mundu bat asma dezaketela, ez dakit zergatik. Emazte gisa, gehiago interesatzen nau egiazko mundua ulertzea, gauzak nola egiten diren, nola hitz egin daitekeen gai batzuetaz edo beste eremu batera nola eraman daitezkeen. Noski, fikzioa egiten duten emazteak badira, baina nik ez dut beste mundu baten sortzeko beharra. Egiazko mundu honen parte txiki bat ulertzen badut, kontent naiz jadanik. Anitz maite dut fikzioak ikustea, baina nahiago ditut, egiteko maneran, beste forma bat hartzen duten fikzioak, bestela aski fite aspertzen naiz. Nik fikzioen egiteko gogorik ez dut. Dokumentaletan maite dudana da ere, modu aski librean lan egin dezakedala, nire materiala nahi dudanean hartuz eta grabatzera joanez. Ez dut berrogei pertsonen edo sos kantitate erraldoiren beharrik, eta nik gauza txiki eta sinpleak maite ditut. Molde horretan gauza zenbait egiten ahal baditut, kontent nauzu.

Nahi nuke lortu koherentzia bat nire lanaren, biziaren eta ingurumenaren artean.

Nola ikusten duzu zinema Euskal Herrian?

Egia errateko, ez dut ongi ezagutzen hemengo zinema, ez bainintzen hemen eta ez nuen hemengo filmerik ikusi Parisen. Duela bi urte, Zukugailua elkartea muntatu genuen hemengo film egileen artean eta urrundik bada ere, ikusi ditut bertan egindakoak. On egiten du jakiteak badela jendea, indarra eta gogoa hemen elkarrekin lan egiteko eta hemengo kalitatea goititzeko. Bestalde, betidanik lan egin dut Kanalduderekin. Handitzen ikusi naute eta gaur egun beti maite dut heiekin lan egitea. Sinple da eta kontent gara elkarrekin lan egiteaz. Ni, zubiak egiten saiatzen naiz hangoaren eta hemengoaren artean. Hemen beste zinema batzuk erakutsi eta kanpoan gurea agertarazi; espero dut segitzen ahalko dudala horretan, orain hemen izatez.

Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Gustatu zaizun azken filma?

El agua filma (Elena Lopez Riera) ikusi dut duela hilabete zenbait. Andaluzia aldean gertatzen da, limoiak eta laranjak ekoizten dituzten herri batean, non ez den deus iragaiten, non gazteek ez dakiten zertan ibili. Ber denboran, amañi batzuk agertzen dira eta kontatzen dute uraren eta emazteen arteko istorio edo mito bat. Filma fikzio bat da, baina emazte zaharrak dokumental bat balitz bezala agertzen dira. Anitz maite ukan dut filma, izan ere maite dudan dena nahasten du: mitologia, gazteen gaiak, nola egin gazteak herrian gelditzeko, eta gustatu zait ere nola nahastu diren denak filma egiteko moduan.

Proiekturik gogoan?

Proiektu anitz ditut gogoan. Bada bat aspalditik hasitakoa eta bukatu gabe dudana: Ce qui ne nous transforme pas ne nous laisse pas de souvenirs (euskaraz: aldatzen ez gaituenak ez digu oroitzapenik uzten) izenekoa. Memoriari buruzko dokumentala da, esperimentala. Familia bat hasi naiz grabatzen pik-nik bat hartzen eta gero senide bakoitzari eskatu diot zertaz oroitzen den.

Zukugailua elkartea muntatu genuen hemengo filma egileen artean elkarrekin lan egiteko eta hemengo kalitatea goititzeko.

Amak adibidez gogoratu duen lehen gauza da, goizeko bostetan oroitu zela oilaskoa ez zuela izozgailutik atera; anai gazteak, mendira iristean, oihanean sartu aitzineko uneaz eduki du lehen oroitzapena. Ohartu naiz film anitz dagoela memoria traumatikoaz, baina ez dago filmik ditugun oroitzapen goxoez. Memoria nola sortzen den, zertaz gogoratzen garen eta nortasuna nola egiten den, horri buruz nahi dut film bat egin.

Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)
Elsa Oliarj-Ines (Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Film anitz dago memoria traumatikoaz, baina ez dago filmik ditugun oroitzapen goxoez.

Ametsik?

Nahi nuke lortu koherentzia bat nire lanaren, biziaren eta ingurumenaren artean. Hori izan daiteke gorpuzten ikus dezakedan amets bat. Beste amets batzuk baditut, baina hau da orain, Atharratzera itzulirik gauzatzen ikusi nahi nukeena.

Aipatu ez dugun gai bat jorratu nahi?

Amarentzat biziki inportantea den gai bat aipatu nahi nuke, alegia, hemen biziz, nola egin hemen eta beste lekuen arteko joan jinak errazteko. Egiazki zerbait egiteko dukezu mugikortasunaren gaiaz; kanpotik jendea ez da hunat jiten, hemengo jendea ez da joaten, eta nola egin mugimendu horien errazteko? Uste dut hor badela zerbait lantzeko. Interesgarria litzateke, nire bizia aitzinarazteko.

 

 

Elkarrizketa gehiago

Ttitto Aguerre

Ttitto Aguerre

"Zizelkaritza, loturen egitea da"

Zoe Bray

Zoe Bray

"Artea eta antropologia, bizitzeko eta bizitzaz hausnartzeko, tresna osagarriak eta ezinbestekoak dira"

Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

Maia Iribarne-Olhagarai

Maia Iribarne-Olhagarai

"Buruan duzun ideia bat gauzatu ahal izatea sekulako lorpena da"

Elkarrizketa gehiago