Thierry Truffaut

Thierry Truffaut

"Ihauteria herri-eskola da, ororen buru"

  • Xan Aire - EKE
  • 2016-02-09
  • Hizkuntza: Frantsesa

Thierry Truffaut (1957, Baiona, Lapurdi) antropologoa da, animatzailea, eta batez ere ihauterizale amorratua. Dentsitate handiko lanen autore, Lapurdiko ihauterien XX. mendeko biziberritzeaz dihardu hemen, azpimarratuz euskal kulturaren hitzordu saihetsezin horren jokabideak zein izanen diren etorkizun hurbilean.

Nondik eta nola dituzu euskal ihauteriak hain hurbiletik ikertu?
Bizibideak sorpresaz beteak dira... Baionan ongi errotu familia gaskoiekoa naiz, garaian aski lehengotarra zen kultura, nahiko anti-euskalduna. Baina lizeoan, 1970 hamarkada hastapenean, euskal klubak onddoak bezala ateratzen ziren, gazteendako biziki erakargarri zirenak: ez baldin bazen (oraindik) ofizialki abertzaletasuna, mugimendu bizia zen, geroari begira proiektatzen zena. Euskal kulturan sartzeko ataria izan zait, baita ihauterietakoa ere. Bertzaldetik, betidanik tira ukan dut Baionaren besta kutsu horri buruz, karrika-giro horri buruz; zirko, antzerki, eta historiazale ere izan naiz, azken hori izanen delarik unibertsitateko ene lehen ikasbidea. 

Lauburu elkarteak zaitu bereziki erakarri...
Hori baino lehen, Gure Kondaira kluba sortu berria nuen lizeoan, inguruko monumentuen ikertzeko balio zuena. 1974 hondarrean, gazte-gaztea zen Lauburu elkartearekin harremanetan sartu nintzen, miaketa-lanentzat gazteak bilatzen baitziren, baita hilarri borobilak salbatzeko. Aita Lafitte, Eugène Goienetxe bezalakoen ondoan ibili nintzen beraz, Mikel Duvert bezalako adinkideak ukanez. Barandiaranen Etniker taldeetan izateko zoriona ere ukan dut : jendea harritzen zait gaur egun, baina bai, Barandiaranekin lan egin izan dut! Bere Fundazioak eman beka izanen nuen ezagupen berantago, ihauteri lapurtarrez egin lanagatik. 

Kultura tradizionalaren ikuspegi orokorra zenuen, beraz...
Bai, pastoralak eta maskaradak hurbilagotik ikertzen hasi nintzen. Garai berean, abertzaletasun zerbait ere sortu zen ene baitan, 1975 eta 1985 artean ihaurtze-kultural handia emanen zuen berritzea. Garai aski sesigarria zen, zeinetan ikastolak biziberritze horren aitzindari eta abagune ziren. Paraleloki, historia-ikasketak abiatuak nituen Pauen (Eugene Goienetxe maisua han izanki), baita Baionako historiari buruzko lan gotorrak ere beteak, zeinek arreta piztu zieten hango Herriko Etxe eta elkarteetan. Orduan zen Manu Castella, Baiona Iparreko MJCko ("Maison de la Jeunesse et de la Culture" = Gazteriaren eta Kulturaren Etxea) zuzendaria, enekin harremanetan sartu : laguntza nahi zuen beren auzoan euskal kulturaren integrazioa landuko zuen egitasmorako. 

Ez bide zitekeen leuna, garaian...
Erokeria hutsa zen! Baina horra hor animatzaile naizela, euskal kulturaren inguruko jarduerak garatuz: udalekuak, erakusketak, diaporamak... Zuzendariak eta biok hain genuen sakatzen, non euskal kausaren alde politikoa jorratzeraino joan ginen: diaporama bat sortu genuen, France Culture irratiaren inkesta batetik, ETAren kausa azaltzeko, hori justifikatu gabe. Euskal Herriaren historiaren baitan, populu bat txikitzen zuen frankismoaren bortizkeriaren arazoa pausatzen genuen. Akanpalekuen itzulia ere egin genuen udan, diaporama horrekin! 1978an, euskal unibertsitate herrikoiaren ideia jalgi zen, MJCaren baitan. Ostiral arratsero, euskal zibilizazioaz klase-konferentziak antolatuak ziren, eta garaiko adituak aldizkatzen ziren sorta ahal bezain zabala eskaintzeko publiko anitza eta jendetsuari. Ondotik, MJCaren talde folklorikoari so egiten hasi nintzen, hori batez ere dantzaren inguruan biltzen zelarik. Gaiak geroz-eta gehiago kilikatzen ninduenez, ihauteri desberdinen ikustera abiatu nintzen, partikulazki Ipar Nafarrokoak... 

Deskubrimendua izan zitzaizun?
Osoki. Dantza haien zentzu guzia hor zen. Ohartu nintzen zer aldea zegoen MJCan egiten genuenaren eta ihauteri horien artean. Horretaz ohartarazten hasi nintzen elkartean: hainbertzetaraino non gatazka sortu zen talde folklorikoaren arduradunarekin. Zuzendariak itsuki segitu ninduen, eta ondoko sartzerako, taldearen ardura eskaini! Dantzarien erdiak lekutu ziren, erranez ez nekiela deus, ez-eta dantzan ere... Errotik arrazoi zuten! Uda bakarra nuen sinesgarri behar zuen egitasmo bati hari-muturra harrapatzeko... Zorionez, Betti Betelu dantza-maisu lapurtar zoragarriaren ezagutza egin nuen. Urte bat hartan, euskal dantza herrikoi talde batekin zebilen, Miarritzen: bere lanaren emaitzak aho zabalik utzi ninduen, lehen Mutxiko Egunean. MJCan irakasteko bildu nuen. 

Zuen dantzariak lasaiago bide ziren...
Hanka gora altxatzen zuten, ez ordea espiritualtasun handi baterantz! Bettik eta biok azaldu genizkien dantza horien arima, ihauteriaren esentzia, memento horien garrantzia komunitate batentzat, ez-eta erakusketa folkloriko bat helburu, turisten aitzinean... Euskal Herriaz ikuspegi osoa transmititzeko xedez, probintzia bakoitzeko herri batekin harremandu ginen fite, elkarrengandik trukatu eta ikasi ahal izateko. Aberastasun handia izan zen bi urtez: gure dantzariak inarrosi genituen, horien artean Filipe Lesgourgues eta Claude Iruretagoiena zirelarik... Ez dut uste horien ibilbidea aurkezteak balio ote duen! 

Transmisioaren garrantzia...
Ohartu nintzen, tokian tokiko taldeak ezagutuz, identitatea indartsua zela lurralde batek markatua izatekotan, trukaketarako plaza komuna: dantzarien arteko komunioa, begiz begi, baita ikusleekin ere, denak beren tradizioan elkartuz. Ez da batere harreman bera ikusgarri baterako txartela hartua dugularik. Bertzalde, ez da denboraren garrantzia ere ahantzi behar, data-zedarriena: komunitateak badaki denak hor izanen direla egun horretan. Ez da ustekabean Frantzia txit jakobinoa denboraren faktoreari lotu, instituzio zein erligioaren bidetik besta egunak aldatuz, tokiko kulturak hausteko... Nik aurkitu Uztaritzeko testu batean, herriko besta patronalak neguan zirelakoan dihardute... Sasoi horretan, partekatze komunitarioak indar gehiago du, kanpotiar gutiagorekin, bere hizkuntzaren inguruan biltzea ere errazagoa izanki. Hori guzia gabe, arima garraiatzen duen arima  errausten da. Baionako MJCaren baitan, talde folkloriko batetik tokiko talde batera pasatzea dut beraz bilatu: ihauteriak saihetsezinak bilakatzen ari ziren. Lapurdikoaz ikerketetan hasi nintzen... Ez naiz geroztik sekula gelditu! 

Ihauteriek funtsezko rola dute, beraz, euskal populuaren izatean?
Funtsezko rola, baita berritzearena ere. Kultura baten berezkoa ez da erratea hoberena eta ederrena dela, baizik-eta ulertzea enbor berak ditugula, humanitatea tarteko. Ororen buru, populu bakoitzak txertoketa joateko abilezia ukanen du, horien nahastekoa, eta ama-enborrean bere fruitu bereziak ematekoa. Bizi den populu baten ezaugarria da etengabe txertatzen aritzea... Funtsean, ihauteri hitzaren erranahietariko bat, “txertatze-garaia” da. Berdin garrantzitsua da enborraren ulertzea, txertoa lot dadin: jendeari zail egiten zaio hori ulertzea, eta memento baten buruan, ez dezake gehiago uler egiten duenaren zentzua. Ene aldetik, anitz lagundu nau Europan bidaiatzeak, hemen eskas zitzaigun katebegia sesitu eta berreskuratu ahal izateko. 

Baina Lapurdiko txoko batzuetan, ihauteriak ez dira sekula hautsi...
Eta horrek anitz lagundu du tradizioa eroria zen herrietan ihauteriak berpizten. Horrela jokatu genuen Beskoitzen, adibidez, Claude Iruretagoienarekin. Gure txertoa ongi lotua zela ohartu nintzen 24 urteko dantzari gazte bat elkarrizketatzean, horrek bere herriko ihauterien garrantzia aipatzean. Erran zidan sekula gelditu ez zen zerbaiten enbaxadore sendi zela, herria lotzen zuen historiaren garraiatzaile... Hitz horiek irriz zapartarazi zuten talde-arduraduna, dantzari gazteari salatuz nola parte-hartu nuen Beskoitzeko kaskaroten berpiztean, hura sortu zen garaian, 24 urte lehenago. Baina gazteak eternitate-harremana zuen bere ihauteriekiko, eta horrek anitz hunkitu ninduen. 

Gazteak erakartzea , ihauterien desafioa ote da?
Betidanik saiatu izan naiz ulertzera nola kultur-ardatzak identitatea sortzen laguntzen zuen: erietxe psikiatrikoetaraino egiaztatu izan dut ideia hori. Gaurko gazteen arazo gotorra da etengabeko zappingean izatea, eta horrek eragin dezake beren identitearekiko seguritate-hutsune bat. Bizkitartean, ez dut hala ere sinesten gazteek nahiko zorroztasun dutela, oro-har, antzerki luze eta korapilatsu baten muntatzeko, adibidez. Aldiz, zerbait laburrago, denboran zedarritua, urte batetik bertzera errepikatzen dena, zeinetan gazteek dakitena eman dezaketena, beren arteko memento bat finkatuz, hori eboluzionaraziz... Ihauterien antolaketa gai da gazteen hartzeko... Eta alderantzizkoa ere egia zait. Hortik zait garrantzitsua dantzak ttipitatik ikastea, bustitze-garai batean: oinarria ona bada, gazteek jakinen dute hortik zerbait eder bilakarazten. Bistan dena, hori guzia giro lizun eta edanean egin daiteke, baina erdigune bat aurkituz, adinarekin datorren zorroztasun batek gazte-taldeari autonomia ematen diola, kaskarot izatea paregabea bilaka daiteke. Ahantzi gabe lurralde batekiko atxikimendua, horrek identitate-eraikuntza errazten duelarik. Etxeen itzuliak du hori bideratzen, baita Zanpantzar erre ondoko gazteen arteko bestak. Herriko xaharrak nigarrez ikustea kaskarotak heltzean, edo horien begietan harrotasuna irakurtzea: uste dut oraindik ere gazteek horrelako mementoen beharra dutela gaurko egunean. Baita ihaute-biharamunean sentitzen den hutsunea, ondoko urtean berriz hasteko gogoa ematen duena. 

Gazte-talde hetsi bat ez da, ordea, begi onez ikusia gaurko mendebaldeko gizartearengandik...
Gizarte horrek ez du bizitzaren konplexutasuna gehiago sesitzen, ene ustez. Uztaritzeko kaskarotak berriki aipatu dizkidate, matxistak zirela erranez, soilik gizon gazteek egiten baitituzte. Enetzat, Uztaritzek zerbait indartsu bizi duen talde hetsiaren ikuspegia du atxikitzen; maskulinoa, ados, baina neskei zabaltzen saiatu izan dena. Ez da emazteei zerbitzu egitea gizonen tokiak sistematikoki okuparaztea; aldi berean, parekotasunak ez du dena deuseztatu behar ere. 

Baina kaskaroten funtzioa zen mutiko ezkongabeak neska ezkongabeen etxeetara eramanaraztea... Funtzio hori gabe gaurko egunean, etxeen itzulia soilik mutikoek egiteak zentzua ba ote du oraindik?
Ez dezakegu kaskaroten funtzioa bikote-fabrikara muga. Ezkontzarekiko horien ondorioa erlatibizatu ere behar da, funtsean. Ez dut erraten parekotasunak ez duela izan behar: dantzaldi herrikoia ez baldin bada mistoa, anitz gauza galtzen da... Adibide gisa, ene aitaginarreba, Pierrot Gil (Betti Beteluk aurkeztu maisua), dantzalditik atera zen behin ohartu izana gorteatzen zuen neska (zeinekin berantago ezkonduko zena) ez zela fandango-errondan ! Orokorkiago, kaskaroten bukaeran, neskak anitzetan gomit izaten ziren gazteen arteko gaualdia partekatzera. Hala ere, garrantzitsua zait soilik gizon gazteen arteko mementoak eta soilik emazte gazteen arteko mementoak pasatzea, eraikitze-xedeetarako: badituzte gauzak errateko beren artean. Funtsean, ihauteriak hiru alditan antolatu izan dira garaian: gizon gazteen eguna, emazte gazteen eguna, eta ezkonduen eguna. Emazteen eguna, Santa Agedaz iragan ohi zena, gizonei zorrozki hetsia zegoen: botaiak eta joak izateko arriskua zuten! 

Gaurko izpiritu hertsitzailea ez ote da hautematen ihauteria soilik mozorrotzeari mugatzen delarik?
Dudarik gabe, soilik probetxua bilatzen duten entitate batzuen errekuperazioaren ondorioa da hori: aski da ikustea eguberri zer bilakatu den. Uniformizazio horrek lanjerrean ematen du ihauterien konplexutasun osoa; bi sasoien, bi urteen, bi munduen arteko sasoia, heriotza eta eritasunaren kontrako borroka. Lehen, borrokatzen zen lurra emankorra izan zedin urte berrian: hil ala bizikoa zen. Gaurko egunean, haurrak ez dira otsoaz ikaratzen, ez dituzte hiru haurride galtzen urte berean... Baina gure gizarteak ere beldurrak ekartzen dizkie, eta horiek hitzez janztea garrantzitsua da: ihaute-garaia hori egiteko molde bat izan daiteke, beren heinean haatik, kasik ez zuzenki. Maskak haurren izuarazteko ere baliatzen ziren, gauaz bakarrik ez ibiltzeko kanpoan heziz. Heziketa dantza-iniziazioa ere bazen, gaubeiletan, adibidez. Gisa guziz, haurrek ez zuten ihaute egiten, eta maskaradak soilik atxikiak dira arrazoinamenduaren adinera heltzen diren gazteentzat, bizitzaren konplexutasuna sesitzen hasten direlarik. 

Denboran progresio baten asmoa izan behar da beraz, haurrak ihauteri eta maskaradei buruz bideratzeko, helduen munduan sartzeko adinean izanen direnerako?
Ez ote da hori hezkuntzaren ezaugarria? Ihauteria herri-eskola da, ororen buru. Garrantzitsua da gustua ttipitatik ematea, jakintzak poliki-poliki partekatuz, dantzatik ipuinera, baita antzerkia ere. Zanpantzarren auzia idaztea ariketa egokia izan daiteke, ulertaraziz, aldiz, puntan gazteek badutela mundu osoak apal pentsatzen duena ozenki errateko ahala. Hautetsi batzuek bilan-memento hori arrunt gaizki bizi dezakete, funtsean! Baina baitezpadakoa geratzen da gazteen arduraraztea, horien izpiritua zorroztaraztea, horiei hitza ematea. 

Maiz ibiltzen zara unibertsitate eta kontserbatorioetan, ihauteri-solas: zergatik herri-kultura hori akademiaraino garraiatu, non da zentzua?
Beti animatzaile izanki, lehen-lehenik gazteen ikustera noa, aktore izateko adinean direlarik. Ene xedea da ihauterien inguruko dinamika abiatua dutenak baloratzea, baita horrelako prozesu batetik urrun dabiltzanak kilikatzea. Jakintsu omen den tokian herri-kultura baten zilegitzea ere bada jokoan. Ihauteriei esker, ene ikasketak berriz hasi ditut, etnologian. Ez dut ene doktoregotza sustengatu ahal izan osagarri-arazoengatik, baina ezagupen unibertsitario bat ukan dut. Hori baino haratago joanez, ulertarazten diet gure jendartearen mezuak, etorkizuneko ikuspegiak herri-kultura batek hobeki garraiatzen ahal dituela, paristar ikusgarri batek baino, burgestua eta putintatua dena. Geroari begira, funtsezkoa zait belaunaldi gazteei jakintza-abaniko ahal bezain zabala zabaltzea. 

Ihauterien hurran jokagaia ez ote da euskararen gune hegemoniko berriz bilakatzea?
Bai, nahiz-eta nihaurren tokitik ez lekzio handirik eman ahal izan. Ez dut euskara behar bezala ikasteko aukerarik ukan: indarrak eginik ere, lan-egoerak maiz urrundu nau Euskal Herritik eta bere hizkuntzatik. Aldiz, beti euskaraz ikertzeko bideak antolatu izan ditut: euskarazko lekukotasunak biziki inportanteak izan dira, frantsesez izanez ez baitziren erramolde eta hitzak hain aberatsak izanen, ez-eta hain sakonak. Zintzotasun minimoa da, azkenean. Bai, euskarak ihauterien espazioa irabazi beharko du. Etxeen itzulia eginez, bertsolari baten presentziaren alde naiz, ahalaz herrikoa dena, edo gutienez herriko berri dakiena. Alde batetik, ongi etorria desberdina da jendeari dakiena aipatzean, eta bertzaldetik, bertsoak euskararen erabilpena errazten du, hizkuntza baloratuz bezala. Neska itsasuar gazte batek aipatzen zidan zein garrantzitsua zitzaion kaskarotak ahal bezainbat euskaraz bizitzea. Funtsezkoa zait betetzen gaituen arimaren bururaino joatea. Inportantea ere bazait euskara ulertzen ez duenaren jakinmina ziztatzea: badakit zer den hori! Frustrazio horrek gogoa ematen du, batez ere errespetua bultzatzen duen testuinguru horretan. Bururatzeko, Zanpantzarren auzian antzerkitik haratago doan jokagaia ere badago: pieza hori euskaraz idatzi eta partekatzearen garrantzia alimalea da, baina euskarak zer dimentsio duen plaza publikoan ere pausatzen da berdin-berdina.

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Zibel Damestoy

Zibel Damestoy

"Gure lana gaur egun, euskal kulturatik abiatzea eta haren mugimendua haratuago eramatea da"

Graxiana Castillon

Graxiana Castillon

"Ez baldin bazen ondare immaterialik, kulturarik ez zen izanen. Eta zer izango ginateke, ordenagailu bat?"

Urtzi Etxeberria

Urtzi Etxeberria

"Hizkuntzaren esanahia ikertzen duen atalean ari naiz lanean, hau da norbaitek esaldi bat botatzen duenean, hura nola interpretatzen edo ulertzen dugun"

Sabine Cazenave

Sabine Cazenave

"Museoa horretarako da, haria ez apurtzeko, iragana, oraina eta deus ez dakigun etorkizunaren artean, eragile tinkatua da"

Elkarrizketa gehiago