403 libururekin burutu da Irakur Kasko erronka!
Irakur Kasko erronka kolektiboak hasierako helburuak erabat gainditu ditu aurten. Udarako emandako muga 300 liburukoa bazen ere, euskal irakurleen komunitateak erantzun bikaina eman du eta guztira 403 liburu euskaraz irakurtzea erdietsi du. "Elkartuz-Literatura" lantaldeko kideek bultzatutako ekimen honek erakusten du elkarrekin euskal literaturak egiazko gailurrak konkista ditzakeela.
Literatura erronka honen helburua euskaraz irakurtzeak sor ditzakeen beldurrak gainditzea eta irakurtzeko ohidura sustatzea zen. Bereziki helduei zuzendua zen: euskaraz irakurtzeko usaiarik ez duten euskal hiztunak, euskara ikasten ari diren irakurleak, edo euskarazko irakurzaletasuna sustengatu nahi dutenak.
403 LIBURU IRAKURRIAK
267 PARTE-HARTZAILE
Orotara, 267 parte hartzailek iharduki diote erronkari, 403 liburu irakurriz! Irakurle gehienak emazteak eta Lapurdikoak izan dira. Irakurketaren aberastasuna argia izan da, 210 liburu ezberdin irakurri baitira.
Liburu guzien artean, hauek izan dira irakurleek gehien hautatu dituzten hiru lanak:
- Zaldi bat, Marie Anne Txoperena (Txalaparta)
- Miñan, Amets Arzallus eta Ibrahima Balde (Susa)
- Mesfida zaitez, Bea Salaberri (Txalaparta)

Erronka honen emaitza nagusiak ezagutarazteko, urriaren 2an bukaerako ekitaldi berezi bat antolatu zen Larzabaleko Espelletenia ostatuan. Hainbat parte hartzaile hurbildu ziren, eta bakoitzak bere iritziak zein bizipenak partekatzeko aukera izan zuen.
Gaualdiari amaiera ezin hobea emateko, irakurketa musikatua eta kantatua benetan zoragarria eskaini zen. Janine Urrutyk eta Txomin Heguyk ahotsa jarri zioten, eta Pantxix Bidartek musika zein kantuak gaineratu zizkion, Eric Fottorinok idatzitako eta Itxaro Bordak euskaratutako Eguneko arrantza (La pêche du jour) testu hunkigarriari.
Lortutako arrakasta eta publikoaren gogo biziak ikusirik, lantaldeak ekimen hori segida baten emateko prest agertu da, tokiko biziaren ezinbesteko hitzordu bat bilakarazteko xedearekin.
Gehiago jakin
- Irakur Kasko, irakurketa erronka kolektiboa
- Euskaraz irakurtzeko zonbait liburu gomendagarri
- Partaideak: Ikas, elkar Baiona, Euskal kultur erakundea
- Kontaktuak: Matilda Legardinier - mlegardinier@elkar.eus / Hélène Charritton - zurekingogaide@gmail.com
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)